Aldaketa klimatikoa errealitate ukaezina da, gaur egun gure planeta jotzen duen ingurumenerronkarik handiena.
Komunitate zientifikoa ados dago: planeta inoiz baino arinago ari da berotzen, giza jarduera dela-eta berotegi-efektuko gas-kantitate izugarriak ari direlako isurtzen atmosferara. Horra hor, adibidez, erretzen ditugun erregai fosilak (ikatza, petrolioa eta gasa), gidatzen ditugun ibilgailuak edo baso-soilketak. Lehenago ere aldatu izan da klima, izotzaldirik ere izan da adibidez, baina arrazoi naturalek eraginda gertatu dira.
Gizakion ekina planeta osoa berotzea ari da eragiten, eta uste izatekoa da ondorioak geroz eta nabarmenagoak izango direla etorkizunean. Atmosfera eta ozeanoak berotu egin dira, elur- eta izotz-bolumenak urritu, eta itsasoaren mailak gora egin du. Azken 800.000 urteetako CO2 mailarik altuenak ditugu gaur egun.
Dagoeneko ikusten -eta pairatzen- ditugu aldaketa klimatikoaren ondorio batzuk. Baina ez dira, soilik, muturreko fenomeno meteorologikoak, hala nola uholdeak, lehorteak edo urakanak. Kliman gertatzen ari diren aldaketek gure bizi-modua hankaz gora jar lezakete.
Azaleko batez besteko tenperatura globalak gora egitea da aldaketa klimatikoaren adierazlerik ezagunena. Bada, XIX. mende amaieratik, batez besteko tenperaturak 1º C egin du gora lurrazalean, eta mende honetan zehar ere igotzen jarraituko bide du. Pariseko akordioan erabaki zen -190 herrialdek sinatu dute- tenperatura 2º C baino gehiago ez igotzea lortu behar dela.
Industrialdia baino lehenagoko batez besteko tenperatura mugarri jarrita, aldaketa klimatikoaren ondoriorik larrienak ekidin nahi baditugu eta ez baldin badugu hondamendi globalik nahi, 2°C baino gutxiagokoa izan behar du beroketa globalak.
Guk dakigula inoiz izan diren hemezortzi urte beroenen artetik, hamazazpi mende honetan izan ditugu. Geuk sortua da aldaketa klimatiko hau. Eguzkiaren beroa atmosferaren barruan hertsitzen duten geroz eta gas gehiago isurtzen ditugu, eta, ondorioz, lurraren tenperatura ikaragarri azkar ari da igotzen.
Euskadik badu aldaketa klimatikorako estrategia bat, Klima 2050. Han ditugu zedarrituta bidea eta helburua, alegia, gure gas-isurketak % 80 murriztea. Horretarako, denok egin behar ahalegintxoa. Ez dugu B planik, ez dugulako B planetarik!
Euskadik klima-aldaketari egiten dion ekarpena txikia da (EBko isurketa guztien % 0,5), baina erantzukizuna partekatua da, horixe da isurketak murriztearen arloan nazioartean nagusi den printzipioa. Euskal gizarteak, beraz, ezin dio bizkarra eman klima-aldaketaren kontrako borrokari, eta dagokion erantzukizun-puskari beldurrik gabe heldu dio, tinko eta zorrotz.
Euskal herritarren %34k ez du egiten duena baino gehiago egiten aldaketa klimatikoaren aurka, edo ez dakielako zer egin dezakeen, edo uste duelako ezin duela gehiago egin. Argitalpen honek horretan nahi du lagundu. Denok erraz-erraz eta egunero-egunero egiteko moduko gauza txiki batzuk erakutsiko dizkigu, bakoitzak bere zertxoa egin dezan aldaketa klimatikoa geldotzeko. Europar Batasunean, urtean batez beste pertsonako 8,5 CO2 tona isurtzen dira, eta, Euskadin, 8,7.
Gure ardura da arrasto hori mehetzea.
52 keinu jaso ditugu, errazenetik zailenera. Gauza praktikoak dira beti, denok egiteko modukoak aldaketa klimatikoa moteltzearren eta bizitzeko moduko mundua uztearren datozen belaunaldiei. Xumea irudituagatik ere, ekintza bakar bat ere ez da alferrikakoa.
Ez dezagun gutxietsi pertsona bakoitzak klima-aldaketa arintzeko egin dezakeena. Keinu bakoitza garrantzitsua da!
Ohar Legala © Ihobe S.A. Urkixo zumarkalea, 36 Zk - 6. solairua, 48011 BILBO
Telefonoa: 94 423 07 43 - Faxa: 94 423 59 00 - h.el: info@ihobe.eus - Web-gunea: www.ihobe.eus
www.ihobe.eus webguneko edukiak Creative Commons Espainia 3.0 Aitorpena daukan lizentzia baten mende daude, aurkakoa adierazten ez bada, behintzat.
Erabilera baldintzak irakurri eta onartu ditut