Gaur ireki da Zero Plastiko Urdaibai herritarren ekimenean borondatez izena emateko epea. Eskualde horretako itsasbazterrean plastikoak eta bestelako hondakinak garbitu eta biltzeko jardunaldia izango da, Bermeoko Izaro Sub urpekaritza-klubak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta, Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustatuta. Hitzordua ekainaren 8an izango da, 09:00etatik aurrera, eta, parte hartu nahi izanez gero, kanpainaren webgunean izena eman beharra dago: www.zeroplastikourdaibai.eus. Gorde Ekimenaren helburua da 2.500 boluntariok eta 300 urpekarik eta ontzik baino gehiagok esku hartzea, Urdaibai Biosfera Erreserba zaborrez garbitzeko eta ozeano eta itsasoetako plastikoen arazoari buruz kontzientziatzeko. Esku hartzeko eremua 14 tartetan banatuta egongo da, Gaztelugatxeko Doienetik Elantxoberainoko itsasbazterrean. Tarte bakoitzean kontrolgune bat jarriko da, parte hartzen dutenei behar den materiala emateko (elastikoa, eskularruak, poltsak, baheak), eta arduradun bat ere egongo da, sortzen den gertakari orori kasu egiteko. Lehorreko zaborraz gain, itsasokoa ere bilduko dute Izaro Sub klubeko urpekariek eta inguruko kaietan dauden ontzietako kideek, horiek ere boluntarioak.Guztira, 2.500 boluntario eta 300 urpekari eta ontzi baino gehiago arituko direla aurreikusi da. Garbitzeko jardunaldian plastikoari buruzko sentsibilizazio-jarduerak ere egingo dira Ekoetxea Urdaibain, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-hezkuntzako zentroan, alegia. Busturiako zentro horretan Urdaibaiko Partzuergoaren egoitza ere badago. 13:00etatik aurrera, emanaldiak, lantegiak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta kontzertuak izango dira. Garbitzeko lanetan parte hartzen duten boluntario guztiei bazkaria ere emango zaie, egindakoa eskertzearren. Halaber, arratsaldean, Lesley Yendell eskultore ingelesak artelan bat egingo du zuzenean, goizeko garbiketan bildutako hondakinak erabilita. Ekimen jasangarria Zero Plastiko Urdaibai ekimen jasangarri bat da. Erronka Garbia ziurtagiria dauka, Eusko Jaurlaritzaren Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak emana. Horregatik, Bermeo eta Gernika-Lumoko elkarguneetara joateko, garraiobide publikoa (Bizkaibus eta Euskotren) erabiltzea aholkatu dute antolatzaileek. Era berean, garraio kolektiboa behar duten parte-hartzaile guztiek garraio-sistema bat izango dute erabilgarri jardunaldi osoan.Gaurtik aurrera eman daiteke izena, ekimenaren webgunean: www.zeroplastikourdaibai.eus Ekoetxea Urdaibaiko ingurunera ezingo da ibilgailu pribatuan sartu. Hori horrela, aparkaleku bat prestatuko da Sukarrietako udalekuen aurrean, Itsasbegiko tren-geralekuaren ondoan, Busturian. Antolatzaileek loturako autobusak ere jarriko dituzte Euskotreneko Itsasbegi, Axpe eta San Kristobalgo geralekuetatik Ekoetxea Urdaibaira joan ahal izateko. Plastikoen gehiegizko erabilera Zero Plastiko Urdaibai kanpaina Ozeanoen Mundu Egunarekin batera egingo da (ekainaren 8a), Ingurumenaren Mundu Eguna (ekainaren 5a) igaro, eta hiru egunera. Itsasbazterra eta itsas ekosistemak kutsatzen dituzten zabor eta plastiko kopuru handiaz sentsibilizatzea da ekimenaren asmoa (plastiko horiek behin bakarrik erabiltzekoak dira gehienbat). Izan ere, itsaso eta ozeanoetan dauden hondakinen % 70 utzitako arrantza-aparailuak, mikroplastikoak eta behin erabiltzeko plastikoak dira (poltsak, mahai-tresnak eta edalontziak, besteak beste). Kalkuluen arabera, plastikozko botila batek gutxienez 500 urte beharko ditu itsas hondoan degradatzeko, eta 100 urte gehiago arrantzarako hari batek. Plastikozko poltsa soil batek, berriz, 50 urtetik gora behar ditu guztiz deskonposatzeko. Babesleak Honako hauen laguntza du ekimenak: Athletic Club fundazioa, BBK fundazioa, Uraren Euskal Agentzia, Echebastar konpainiaren Alakrana, Maier, BTWC-Bermeo Tuna World Capital, Euskotren eta Urremendi landa-garapenerako elkartea. Anterior Siguiente
ngurumen-Hezkuntza Gorde ngurumen-Hezkuntza Ekoetxea Txingudi Irungo klima-babeslekuen sarean sartu da 2024/08/01
ngurumen-Hezkuntza Gorde ngurumen-Hezkuntza 2030 Jasangarritasunerako Eskolaren 2024ko edizioak eraldatze ekosozialerako gakoak nabarmendu ditu 2024/07/26
Ingurumen Komunikazioa, Ingurumen-Hezkuntza , Klima aldaketa Gorde Ingurumen Komunikazioa, Ingurumen-Hezkuntza , Klima aldaketa Lehen mailako hamar profesional inguruk hitz egingo dute irailean 2024ko Ingurumen Komunikazioko Eskolan 2024/07/15
Ingurumena, Ingurumen-Hezkuntza , Klima aldaketa, Ura Gorde Ingurumena, Ingurumen-Hezkuntza , Klima aldaketa, Ura Ihobek bat egin du EiTBrekin klima-aldaketak Euskadiko itsasertzean dituen eraginei buruzko ikuspegi integrala eskaintzeko 2024/07/08