Pasar al contenido principal
08 oct 2024

Ihobek bat egin du Lurzoruaren Misioaren Europako Manifestuarekin

Ihobek bat egin du Lurzoruaren Misioaren Europako Manifestuarekin

Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak bat egin du Lurzoruaren Misioaren Europako Manifestuarekin. Adierazpena 527 erakundek eta 2.468 pertsonak sinatu dute orain arte, eta Europan eta Europaz kanpo lurzoruaren osasuna babestu eta hobetzeko premiari erantzuteko ekintzara dei egiten du. Manifestuak, halaber, lurzoruaren osasunaz kontzientziatuta dagoen komunitate aktibo batean biltzera gonbidatzen ditu eskualdeko eta tokiko arduradun politikoak, alde interesdunak eta herritarrak.

Euskadik, Lurzoruaren Misioaren Manifestuaren sinatzaile gisa, aditzera ematen du «Europarako lurzoruaren aldeko ituna» misioa eta haren helburuak babesten dituela, eta lurzoruaren osasunaren garrantzia babesten duen eta Europako eta mundu osoko lurzoruen etorkizunaz kezkatzen den jardun-komunitateko kide bihurtzen dela.

Atxikipen horri esker, Ihobek lurzoruaren osasunari eta Misioaren jarduerei buruzko ezagutzak eskura izango ditu, baita azken ikerketen emaitzak ere, eta jardunbiderik onenak partekatzeko askotariko ekitaldietan parte hartu ahal izango du.

Lurzoruaren osasunean inbertitzea funtsezkoa da klima-aldaketari eta biodibertsitatea galtzeari aurre egin dakion, uren kalitate txikiagoaren arazoari aurre egin dakion, munduko elikadura-segurtasunari hel dakion eta nekazarien eta komunitateen erresilientzia berma dadin, besteak beste.

Lurzoruaren osasunean inbertitzea funtsezkoa da klima-aldaketari aurre egiteko

Lurzoruaren Misioaren Europako Manifestua

Lurzoruaren Misioaren Manifestua 2023ko apirilean sortu zen, Europako Batzordearen eta Europako Eskualdeen Ikerkuntza eta Berrikuntza Sarearen (ERRIN) bultzadari esker. Izatez, bi erakunde horiek adierazpen hori funtsezko giltzarritzat jotzen dute Europar Batasunaren «Europarako lurzoruaren aldeko ituna» misioak arrakasta izan dezan.

Manifestua berriki sinatu dutenen artean daude, Ihobez gain: Bolzano – Hegoaldeko Tirol probintzia autonomoko Nekazaritza Saila (Italia); paisaia lehengoratzeko Aland fundazioa (Espainia); ENoLL Laborategi Bizien Europako Sarea (Belgika); Humus+ gobernuz kanpoko erakundea (Austria); Academy of Entrepreneurship ikerketa-erakundea (Grezia) eta Europar Batasunaz kanpoko Coastal Biotech enpresa pribatua (Tanzania).

Manifestuarekin bat egin dutenek funtsezko zeregina betetzen dute Lurzoruaren Misioaren inguruko kontzientziazioan eta lurra kudeatzeko jardunbide jasangarrien sustapenean. Bestalde, enpresek eta erakundeek Misioaren helburuak lortzen lagundu dezakete, lurzoruaren osasunari buruzko ekimenak eta/edo ikerketa-proiektuak finantzatzearen edo egikaritzearen bidetik.


Fuente: Ihobe

También te puede interesar

02 nov 2026
  • ESG
14 agentes intermedios de PYME Circular Euskadi se suman a BasquESG para acercar la sostenibilidad a las pymes vascas
29 oct 2026
  • Acción ciudadana
ASTEKLIMA 2026 moviliza 130 actividades para impulsar la acción climática y la transición energética en Euskadi
29 oct 2026
  • Sostenibilidad local
Se publica la nueva convocatoria de ayudas para que las entidades locales impulsen actuaciones de desarrollo sostenible en Euskadi
26 oct 2026
  • ESG
El Gobierno Vasco presenta la iniciativa BasquESG en el III Congreso Catalunya Circular