Ihobe-Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoan uste dugu ingurumen-komunikazioa funtsezkoa dela gizartea eraldatzeko eta gizarte jasangarriagoa lortzeko. Hori dela eta, komunikabideekin elkarlanean aritzen gara; lana errazteko beharrezkoak diren baliabideak jartzen ditugu profesionalen esku, eta ingurumen-arloko sentsibilizazio-kanpainak martxan jartzen ditugu, herritarrak gaiaren inguruan kontzientziatzeko.
Euskal Kazetarien Elkartea-Kazetarien Euskal Elkargoarekin (KEE-EKE) elkarlanean aritzen da Ihobe,
Euskadiko komunikabideetan ingurumenarekin lotutako komunikazioa bultzatzeko asmoz. Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako Saria ematen du 2019. urtetik, informazioaren arloan diharduten profesionalen lana aitortzeko; hau da, garapen jasangarriaren edota klima-aldaketaren ondorioen berri emateko edota natura-ingurunearen kontserbazioa bultzatzeko egiten duten lanaren garrantzia azpimarratzeko.
APIA-Ingurumen Informazioaren Kazetarien Elkartearekin ere aritzen da lankidetzan Ihobe. Lankidetza horren lanaren ondorioz sortu zen, besteak beste, Ingurumen Komunikazioaren Eskola, UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen testuinguruan, bi kezka nagusiri erantzuna emateko asmoz: komunikazioari eta ingurumenari.
Ihobek jasangarritasunari eta ingurumenari buruz sortutako podcast kanala da En verde-Berdean, zeinak, Bego Beristain kazetariak zuzenduta, ahotsa ematen baitie bizi-eredu jasangarriago bat lortzeko lanean ari diren pertsona eta erakundeei. Bertan, Euskadin natura-inguruarekin eta ingurumen arloko erronkekin lotura duten esperientzia eta proiektuen berri zabaltzen dute.

Zer da Ingurumen Komunikazioaren Eskola?
2019ko lehenengo edizioan arreta gehien klima krisia nola komunikatzean jarri zen. Bigarrenean, natura ondarea eta biodibertsitatea nola komunikatu landu zen. Hirugarren edizioa irailaren 2021ean izan zen eta trantsizio energetikoa eta klimatikoa jorratu zituen. Laugarrenean, ordea, klima krisiaren eta ekosistemen eta pertsonen osasuna kontserbatzearen arteko harremana landu zen. Bostgarren edizioak ingurumen-erronka handiei buruzko hausnarketa egiteko gune bihurtu zen, eta oraingoan gazteak izan zituen ardatz.
Eskolaren seigarren edizioak herritarrak ahalduntzea izango du ardatz, krisi klimatikoaren eta beste ingurumen-erronka batzuen aurrean. Irailaren 12an izango da, aurrez aurre zein online, Donostiako Miramar Jauregian.
2024ko edizioa. Ingurumen komunikazioa eta gazteak
Ingurumen-komunikazioaren Eskolak komunikazioaren eta ingurumenaren arloko aditu multzo bat bildu du beste urte batez foro batean, hots, 2019an sortu zenez geroztik ingurumen-erronka handien komunikazioaren inguruko hausnarketa-espazio gisa finkatu den foro batean. Seigarren edizioa 2024ko irailaren 12an egin zen, Donostiako Miramar Jauregian, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Udako Ikastaroen baitan.
Edizio berri horretan, eta ‘Herritarrak ahalduntzeko elkarrizketak’ lemapean, eskola ingurumenaren arloko profesionalen eta adituen arteko elkarrizketen formatu bihurtu da, gai hauek jorratzeko: nola mugitu herritarrak klima-ekintzara, nola aurre egin klima-krisiari eta beste ingurumen-erronka batzuei, eta zein diren ingurumen-komunikaziorako formatu, euskarri eta kanal berrien aukerak.
Elkarrizketa horiek bi esperientzia praktikoez osatu dira: Santa Clara eta Hondaleara itsasontziz egindako bisita bat, modu presentzialean parte hartu duten pertsonentzat, eta ‘Arriskuetatik klima-ekintzara’ izeneko tailer praktiko bat, bide telematikotik parte hartu dutenentzat.
2023ko edizioa. Ingurumen komunikazioa eta gazteak
“Ingurumen gaiak gazteekin eta gazteentzat nola komunikatu” lelopean, ikastaroak ikuspegi praktikoa izan zuen. Bertan, jardunbide egokien kasuak partekatu ziren, bai komunikazio-profesionalei bai ingurumenari buruzko informazioa gazteriari helarazi nahi dioten beste eragile batzuei laguntzeko.
Bi jardunaldietan, ingurumen komunikazioko profesional gazteek gai hauek landu zituzten: gazteak zerk bultzatzen dituen eta zer kanaletan dauden; klima-krisiari eta beste ingurumen-erronkei nola egindiezaiekegun aurre; sare sozialen bidezko ingurumen-jardunbide egokiak; giza garunak nola funtzionatzen duen eta mezu egokien bitartez nola aktibatu; eta ingurumen komunikaziorako formatu, euskarri eta kanal berriak.
Sartu ekitaldiko argazkietan
2022ko edizioa. Krisi ekologikoa, osasun-krisia
2022ko edizioaren helburua krisi klimatikoaren, ekosistemen kontserbazioaren eta pertsonen osasunaren artean dagoen erlazio estua jorratzea izan da. Koronabirusak eragindako pandemia oraindik mundua astintzen ari da, eta agerian utzi du osasun-krisia, hein handi batean, krisi ekologikoaren ondorio dela, eta pertsonen osasuna planetaren osasunaren mende dagoela.
Sartu ekitaldiko argazkietan
2021eko edizioa. Trantsizio energetikoa eta klimatikoa komunikatzea

2021eko irailaren 8an eta 9an egin zen Ingurumen Komunikazio Eskolaren hirugarren edizioaren gai nagusia izan zen trantsizio energetikoa eta klimatikoa, ingurumena kontuan izan dadin eraldaketa sozial eta ekonomikoa nagusi den garaiotan. Aurtengo edizioan azaldu zituzten, batetik, trantsizio bikoitzaren erronkari ikuspuntu komunikatibo eta dibulgaziozkotik heltzeko gakoak; bestetik, jasangarriago bizitzeko (eta ekoizteko) behar den ohitura- eta jokabide-aldaketan enpresen, erakundeen eta herritarren inplikazioa komunikazioaren arlotik bultzatzeko gakoak.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredok jardunaldia inauguratu ondoren, Ingurumen Informazioko Kazetarien Elkarteko presidente María García de la Fuentek koronabirusaren garaiko ingurumen-komunikazioari buruzko hitzaldia eman zuen. Ondoren, Erresuma Batuko enbaxadore Hugh Elliotek Glasgowko COP26ren xedeak azaldu zituen. Andreu Escrivà idazle eta dibulgatzaile zientifikoak klima-aldaketaren prozesua eta planetako tenperaturaren aldaketa aztertu zituen. Bestalde, La Vanguardiako kazetari Antonio Cerrillo nazioarteko goi-bileren komunikazioaren gakoez mintzatu zen.
Lehen mahai-inguruan Cristina Monge ikertzailea aritu zen moderatzaile, eta parte-hartzaileek klima-aldaketan Euskadik izango duen erronka aztertu zuten (EKI Fundazioko Nuria López de Guereñu, Aclimako Rakel Reyes eta Energiaren Euskal Erakundeko Arantzazu Zugasti). Arratsaldean, amaitzeko, mintegi praktikoa egin zuten Alfredo Casares kazetariarekin; kazetaritza eraikitzailearen balioa defendatu zuen hark.
Bigarren eguna hasteko, Ihobeko Ekintza Klimatikoko teknikari Ainhize Butronek «Dragoien teoria» baliatu zuen gizarteari klima-aldaketaren aurrean jardutea galarazten dioten mugak esplikatzeko. Ondoren, trantsizio bikoitza komunikatzeko formatu digital berriak aztertu zituzten mahai-inguru batean Sara Acostak (Ballena Blanca), Teresa Guerrerok (El Mundo) eta José Luis Gallegok (El Confidencial), Luis Guijarro dinamizatzailearekin (Ingurumen Informazioko Kazetarien Elkarteko idazkaria).
Azken mahai-inguruko eztabaidagaia tokiko hedabideei ingurumenaz informatzeko sortzen zaien erronka izan zen. Ihobeko komunikazio-arduradun Yolanda Rodríguez izan zen moderatzailea, eta José María Montero (Canal Sur TV), Guillermo Roa (Euskadi Irratia) eta Miguel Ángel Ruiz (La Verdad) partaideak. Azkenik, SINC agentziako Eva Rodríguezek saio praktiko bat eman zuen sare sozialetan informazio-iturria detektatzeari eta iturri zientifikoei buruz.
2021eko Ingurumen Komunikazio Eskolak argi utzi duenez, ingurumenaren arloan komunikazioa eraginkorra egiteko, informazio zorrotza eta egiaztatua eman behar da, eta hori tokiko eremura iritsi behar da, inspirazioa eta ekintza sorrarazteko.
2020ko edizioa. Biodibertsitatea eta natura-ondarea komunikatzea
Ingurumen Komunikazioaren Eskolaren bigarren edizioaren helburua alderdi hauek aztertzea izan zen, besteak beste: komunikazioan oinarrituta nola bultza daitekeen biodibertsitatearen ezagutza eta babesa, eta nola azpimarra daitekeen ekosistemek eta naturak eskaintzen dituzten zerbitzuen balioa, funtsezko alderdiak baitira ekonomiarako eta gizartearen ongizaterako. Komunikazioan oinarrituta, enpresa, erakunde eta herritarren inplikazioa bultzatu nahi da, ohiturak eta jokabideak alda ditzaten, modu jasangarriago batean bizitzeko eta ekoizteko..Donostiako Miramar jauregian egin zen ikastaroa, 2020ko irailaren 21 eta 22an, eta zenbait tokitako ekimenen berri eman zuten, zenbait ikuspegitan oinarrituta, eta komunikazioa eta ingurumen-hezkuntza kontuan hartuta. Euskadiko egoera ere aztertu zen. Biodibertsitatean aberatsa da Euskadi eta, Europar Batasuneko lurraldearen % 1 soilik betetzen badu ere, 2.500 espezie baino gehiago ditu, baita Europan interesekoak diren habitaten % 35, fauna espezieen % 21 eta floraren % 2 ere.
Bigarren edizioaren lehenengo egunean, punta-puntako hizlariak bildu ziren: Elena Moreno, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea; María García, APIAko presidentea; Lourdes Lázaro, Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunaren Mediterraneoko Lankidetza Zentroaren Garapen Korporatiboaren arduraduna; Odile Rodríguez de la Fuente, zientzia- eta ingurumen-gaien dibulgatzailea; Cristina Monge, Ecodes fundazioko aholkulari exekutiboa eta Zaragozako Unibertsitateko Soziologia irakaslea, eta María Josep Picó, ingurumen- eta zientzia-gaietako kazetaria eta Jaume I Unibertsitateko irakasle elkartu eta ikertzailea.
Bigarren egunean Xabier González aritu zen zuzendari, zeina une hartan Ihobeko Komunikazio arloko koordinatzaile zen, eta berarekin batera beste zenbait hizlari prestigiotsu izan ziren: Juan Luis Cano, kazetaria, umorista eta Gomaespuma fundazioko idazlea; Javier Valenzuela, Gaztela eta Leongo Natura Ondare fundazioaren komunikazio-zuzendaria eta APIAko zuzendariordea; María José Montesinos, Aragoiko RNEko Tiempo de actuar ingurumen-saioaren zuzendaria; Óscar Menéndez, zientzia-arloko komunikatzailea; María José Parejo, Radio 3 irratiko El bosque habitado saioko zuzendaria; Daniel Rodrigo, ingurumen-hezitzailea, eta Rocío Benavente, Maldita ciencia saioko koordinatzailea.
2019ko edizioa. Klima-aldaketa komunikatzea
Ingurumen Komunikazioaren Eskolaren lehendabiziko edizioa klima-aldaketaren eta berotze globalaren inguruko komunikazioan zentratu zen. Herritarrei berotze globalaren inguruan, neurririk ez hartzearen inguruan eta, bereziki, efektua eteteko norbanako gisa egin dezakegunaren inguruan informatzeak berebiziko garrantzia du eta, hortaz, horretarako konpromisoa hartzea funtsezkoa da gai horien inguruan behar bezala informatu ahal izateko. Teknizismorik gabe, katastrofismorik gabe.
Baina komunikazio konprometitua bermatuta. Hori dela eta, eskolaren lehendabiziko edizioan aztertu zen nola komunikatzen den klima-aldaketaren inguruan, espezie gisa gainditu beharko dugun erronka handienetakoa baita hori. Hala, klima-aldaketaren kontrako neurriak hartzeko zenbait ekimen komunikatibo berritzaileren berri zabaldu zen.
Ikastaroa Donostiako Miramar jauregian egin zen, 2019ko ekainaren 24 eta 25ean, eta berotze globalari eta klimaren aldeko ekintzari lotutako egitateak, zifrak eta narratiba jorratu zituzten; betiere, komunikazioaren ikuspegian oinarrituta. Hala, zenbait esperientzia aurkeztu zituzten eta herritarren jokabidean eragiteko gai diren eragileei ahotsa eman zieten (administrazioa, ingurumen-hezkuntza, irakaskuntza, erakunde zibilak eta komunikabideak). Klima-krisiaren berri emateko formatu berrien gaineko informazioa ere zabaldu zen.
Zergatik Euskadin ingurumen gaietan diharduten kazetarientzako sari bat?
Ihobe erakundearen eta Euskal Kazetarien Elkartea-Kazetarien Euskal Elkargoaren (KEE-EKE) arteko lehen lankidetza-hitzarmenaren testuinguruan sortu zen Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako Saria, ingurumen-gaietako komunikazioa sustatzeko. Horretarako, kategoria berri bat sortu zen KEE-EKEk urtero antolatzen dituen Euskadiko Kazetaritzako Sarietan.
Sariaren helburu nagusia da komunikabideetako (prentsa, irratia, telebista eta Internet) profesionalen lana aitortzea, EAEko eragile ekonomiko eta sozialen eta herritarren artean ingurumenaren kultura sustatu eta zabaltzeko; hau da, sariak, oro har, aitortza egiten dio gizartean ingurumenari lotutako informazioa dibulgatzen diharduten profesionalen lanari.
Lehenengo edizioan, 2019an, Ingurumen Kazetaritzako Saria Julen Rekondo ingurumen-gaietan espezializatutako komunikatzaileak jaso zuen, zeinak lan handia egin baitu, bereziki, naturaren kontserbazioari lotutako ikerketan eta zabalkundean.
2020an, Gorka Belamendiak jaso zuen saria, Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroko koordinatzaile eta zenbait komunikabidetako ohiko kolaboratzaileak.
Eva Caballero kazetari eta Radio Euskadiko 'La Mecánica del Caracol' saioko zuzendaria izan zen saritua 2021ean.
2022an, Ramón Bustamante Herri Irratiko esatari eta kazetariak jaso du saria, duela berrogei urte gizarte eta ingurumenari lotutako gaiak jorratzen aitzindaria izan zenak.
2023an, Iñaki Petxarroman Berria egunkariko kazetari eta idazle euskaldunak jaso zuen saria.
Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako Saria 2023
Iñaki Petxarromanek jaso du 2023ko Ingurumen Kazetaritzako Saria, Jaione Lanborena Ihobeko zuzendari korporatiboaren eskutik . Ibilbide luzeko kazetari euskalduna da Petxarroman. Euskaldunon Egunkarian trebatu zen lehenengo, eta Berrian gero. Bere idazle eginkizuna ere azpimarratzekoa da. Zazpi liburu argitaratu ditu, eta horietatik bat da bereizi beharrekoa: “Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian”, 2020an argitaratua, pandemia betean. Liburu horretan, krisi klimatikoa eta giza osasunarekin eta biodibertsitatearen galerarekin duen harremana aztertzen ditu, eta larrialdi klimatiko, sanitario eta gizatiar hori modu samurrean azaltzen du, publiko zabalak uler dezan.
2023ko Euskal Kazetaritza Sariak Silvia Intxaurrondok irabazi ditu, "Euskal Kazetarien Saria" atalean; Jordi Evolek, "Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell" kategorian; Martxelo Otamendik, bere "Ibilbide Profesionala" sarian; EiTBren "Primeran" euskarazko edukien ikus-entzunezko plataforma sortu berriak, "Kazetaritza Digitala" kategorian; Marivi Ibarrolak, "Fotoperiodismoa" atalean eta SER-Radio Bilbao Kateak, bere 90. urteurrenean, "Pertsonaia edo Gizarte Erakundea" atalean. Irabazleak Elkartearen Zuzendaritza Batzordeak eta Kazetarien Euskal Elkargoak osatutako epaimahai batek aukeratu zituen, bai eta kazetaritza eta komunikazio ikasketak ematen diren Euskal Autonomia Erkidegoko komunikabide eta unibertsitateetako ordezkari ugarik ere.
Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako Saria 2022
Sari-banaketa ekitaldian, Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Botok Ingurumen Kazetaritzako Saria eman zion Ramon Bustamante Herri Irratiko kazetari eta esatari beteranoari.
Euskal hedabideetako ordezkariek osatutako epaimahaiak hark gizarte- eta ingurumen-gaiak jorratzen egindako lan aitzindaria aitortu zuen, “inklusioa” edo “jasangarritasuna” bezalako hitzak modan jarri baino askoz lehenago. “Ingurumen Kazetaritza” kategorian saritutako Ramon Bustamantez gain, Luis Rodriguez Aizpeolea, Pablo Gonzalez, Florencio Torre Lledó, Maider Galardi, Maite Bartolome, EITB eta Martin Ugalde saritu dituzte “Euskal Kazetaritza Sarien” aurtengo ekitaldian.
Sartu ekitaldiko argazkietan
Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako Saria 2021
Hirugarren edizioan, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredok Euskal Kazetaritza Sarien banaketan parte hartu zuen, Kazetarien Euskal Elkargoak eta Elkarteak antolatuta, Ingurumen Kazetaritzako Saria Eva Caballero kazetari eta Radio Euskadiko ‘La Mecánica del Caracol’ saioko zuzendariari emateko.
Urte askotako esperientzia duen kazetari aparta izateaz gain, gaiak zorroztasunez eta seriotasunez jorratzen dituela aitortu zuen euskal hedabideetako ordezkariek osatutako epaimahaiak.
‘Ingurumen Kazetaritza' kategorian saritutako Eva Caballeroz gain, Begoña del Teso, David Beriain eta Roberto Fraile, Mirentxu Purroy, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Julio Florren 'Blog Rioja Alavesa' bloga eta Angel Ruiz de Azua izan ziren iazko sarituak.
Sartu ekitaldiko argazkietan
2020ko Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako Saria
Bigarren edizioan, Amaia Barredo Ingurumen sailburuordeak parte hartu zuen Euskadiko Kazetarien Elkarteak-Kazetarien Euskal Elkargoak antolatzen duen Euskadiko Kazetaritzako Sarien banaketa-ekitaldian, eta berak eman zion Ingurumen Kazetaritzako Saria Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroko koordinatzaile eta zenbait komunikabidetako ohiko kolaboratzaile Gorka Belamendiari.
Epaimahaiak, euskal komunikabideetako ordezkariek osatua, haren dibulgazio-lana, hegaztiekin, naturaguneekin eta ingurumenarekin lotua, aitortu zuen.
Amaia Barredo sailburuordeak nabarmendu zuenez, kazetariek lan garrantzitsua egiten dute informazio zehatza eskaintzeko eta berau testuinguruan jartzeko. Izan ere, informazio zehatza eskaintzea, testuinguruan jarria, «inoiz baino beharrezkoagoa da, gizarte-, ekonomia- eta, jakina, ingurumen-arloetako erronka handien eragin eta loturak ulertzeko; izan ere, informazio egokiak ekintzarako bidea zabalduko digu».
2019ko Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako Saria
Lehenengo edizioan, Iñaki Arriola orduko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua arduratu zen Ingurumen Kazetaritzako Saria emateaz Julen Rekondori, ingurumen gaietan espezializatutako komunikatzaile aitzindaria eta hainbat komunikabidetako ohiko kolaboratzailea.
Epaimahaiak, euskal komunikabideetako ordezkariek osatua, nabarmendu zuenez, sarituak gaitasun handia du ingurumenari lotutako erronka handien berri zabaltzeko, eta, hizkera ulergarria erabiliz, irizpide zientifikoetan oinarritzen da, betiere, gaurkotasun informatiboari helduta.
Arriola sailburuaren hitzetan, komunikabideen lanak berebiziko garrantzia du klima-krisia eta biodibertsitatearen galera nagusitzen ari diren garaiotan. Komunikabideek «herritarrei gaiaren inguruan ohartarazteko aukera ematen dute, eta arreta arazoetan eta horiek konpontzeko irtenbideetan jartzen laguntzen dute, baita bizitza-ohitura jasangarriak sustatzen ere».
Euskadiko jasangarritasunari eta ingurumenari buruzko podcast-a
En verde-Berdean da Ihobek iraunkortasunari eta ingurumenari buruz duen podcast kanala, bizi-eredu jasangarriagoak lortzeko lan egiten duten pertsonei eta erakundeei ahotsa emateko.
Formatu hori, Begoña Beristain kazetariak aurkeztua, 2021eko martxoan sortu zen, EAEko natura-ingurunearekin eta ingurumen-erronkekin –klima-krisia, biodibertsitatearen galera, natura-ingurunearen kontserbazioa, ekonomia zirkularraren ezarpena, garapen jasangarria...– lotutako esperientziak eta proiektuak zabaltzeko asmoz, beste pertsona eta erakunde batzuk inspiratzeko eta haien arteko sinergiak sortzeko.
En verde-Berdean podcastaren lehen atalean Gabi Martínez idazlea eta naturalista izan zen protagonista. Egungo eredu sozioekonomikoa birpentsatzeko eta ingurumena errespetatzen duen eredu jasangarriago baterantz abiatzeko bidean, artearen eta literaturaren munduak egin ditzakeen ekarpenei buruzko gogoetan egin zuen.
Bigarren kapituluan, biodibertsitatean jarri zen fokua. Lexeia Larrañaga zuzendariarekin eta Alex Gutiérrez ekoizlearekin (Avis Producciones) hitz egin genuen haien “Natura Bizia” film dokumental berriari buruz. Ikus-entzunezko proiektu honek Euskadiko eta Nafarroako biodibertsitatearen balioa nabarmendu nahi du, herritarrak beren ingurune naturalera hurbiltzeko.
Hirugarren atalean, Ekomodoaren sortzaileetako batek, Adriana Uribesalgok, ekonomia zirkularrarekin konprometitutako ekimen berritzaile hau aurkeztu zuen. Ekomodo jardueraren ardatza da egunerokorako osagarri jasangarriak diseinatu eta merkaturatzea, ekodiseinuan oinarrituta eta ekoizpena ahalik eta arduratsuena izateko ahalegina eginda.
Laugarren atalak Mater museo ekoaktiboan sartu gintuen. Izaskun Suberbiolaren —nabigatzaileak, itsas zientzialariak, ingurumen-hezitzaileak eta ekimenaren zuzendariak— eskutik, museo flotatzaile berezi hau zeharkatu genuen, Pasaian (Gipuzkoa) oinarrituta, itsas ingurunearen kultura eta kontserbazioaren inguruko jarduera sorta zabala eskaintzen duena.
Bosgarrenan Andreu Escrivà idazle, zientzia-dibulgatzaile eta ingurumen-teknikariak klima-aldaketa geldiarazteko gako batzuk ematen ditu, errua saihestuz eta ekintzara pasatuz.
En verde-Berdean podcast-aren kapituluak
Lehen atalean, Gabi Martínez idazle eta naturalistak gogoeta egin zuen artearen eta literaturaren munduak egungo eredu sozioekonomikoa birpentsatzeko eta eredu iraunkorrago baterantz igarotzeko egiten dituen ekarpenei buruz.
Bigarren kapituluan, biodibertsitatean jarri zen fokua. Lexeia Larrañaga zuzendariarekin eta Alex Gutiérrez ekoizlearekin (Avis Producciones) hitz egin genuen haien “Natura Bizia” film dokumental berriari buruz.
Hirugarren atalean, Adriana Uribesalgo Ekomodoaren sortzaileetako batek ekonomia zirkularrarekin konprometitutako ekimen berritzaile hau aurkeztu zuen.
Laugarren atalak Mater museo ekoaktiboan sartu gintuen. Izaskun Suberbiola marinel eta proiektuaren zuzendariaren eskutik, museo flotatzaile berezi hau zeharkatu genuen.
Bosgarrenan Andreu Escrivà idazle, zientzia-dibulgatzaile eta ingurumen-teknikariak klima-aldaketa geldiarazteko gako batzuk ematen ditu, errua saihestuz eta ekintzara pasatuz.
Ingurumena eta garapen jasangarriarekin lotutako alderdiak etengabe ageri dira agenda politikoetan eta komunikabideetan. Telebistako albistegiek, sare sozialek, prentsak eta irratiak ia egunero ematen dute ingurumenarekin lotutako gaien berri (klima-aldaketa, biodibertsitatea edo airearen kalitatea).
Inoiz baino informazio gehiago dugu gaur egun, albisteak hainbat komunikabide eta eragile informatiboren bitartez zabaltzen dira, eta, ondorioz, kazetariek ingurumenari lotutako gai konplexuak jorratu behar izaten dituzte, horiek interpretatzeko eta testuinguruan jartzeko denbora askorik gabe.
Komunikabideek, hortaz, funtsezko zeregina dute herritarrak XXI. mendeko ingurumen-erronken gainean kontzientziatzeari dagokionez. Ihobek, ingurumenean zentratutako erakunde publikoa den aldetik, komunikabideen zabalkundea bultzatu nahi du eta, horretarako, profesionalen esku jartzen ditu bai informazioa bai lana errazteko balio duten baliabideak.
Kazetaria edo komunikazio-arloko profesionala bazara, Ihoberen Komunikazio Sailarekin harremanetan jar zaitezke helbide elektroniko honetan: comunicacion@ihobe.eus.
Foro de Entidades Proveedoras de Ihobe 2025
Grupo de trabajo "Soluciones Basadas en la naturaleza"
Entrega de diplomas a las entidades finalistas de la Semana Europea de la Prevención de Residuos
BASQUE CIRCULAR SUMMIT 2025 #BCS2025


















