Skip to main content

Formakuntza Ekonomia Zirkularrean

Ekonomia Zirkularrari buruzko Formazio Programa aktibo dauden profesionalentzat – 2026-2027

Programa honek 2026-2027 formazio ekintzen proposamena aurkezten du, euskal ETE industrialetan eta zerbitzu aurreratuetan aktibo dauden profesionalentzat. Helburua ekonomia zirkularrari buruzko ikuspegi egituratu bat eskaintzea da, erabakiak hartzen lagundu eta emaitza ukigarriak sortzeko. Prestakuntza aurreratua, praktikoa eta ekintzara bideratua da. Proiektua diseinatzeko, Euskadi ETE Zirkular ekimenari atxikitako bitarteko eragileen laguntza izan da, ikuspegi aplikagarri bat ziurtatzeko, enpresen errealitatearekin lotura sendoa izango duena.

Programaren helburua da ETEei ezagutza ematea araudien eta merkatuen azken berrikuntzei lotutako estandar, metodologia eta tresnen inguruan, ekonomia zirkularreko eredu lehiakorragoetarako trantsizioa bultzatu eta egungo eta etorkizuneko erronkei heltzeko gaitasuna indartzeko. 

Bere diseinuan, kontuan hartu dira Ekonomia Zirkularreko Ingurumen Zaintza Estrategikoko Txostena. 2026rako 10 gakoak txostenean ekonomia zirkularraren arloan jasotako gakoak:

  • Materialen horniduraren segurtasuna eta autosufizientzia 
  • Ekonomia zirkularra, burujabetza ekonomikoaren palanka gisa 
  • “Made in Europe” produktu jasangarrien eskaria bultzatzea 
  • Araudia sinplifikatzea enpresen lehiakortasuna indartzeko  
  • Europako Itun Berdea progresiboki aplikatzea 
  • Borondatezko ESG txostena, ETEentzako aukera gisa 
  • Produktuaren pasaporte digitala: gardentasun gehiago eta greenwashing arrisku gutxiago 
  • Bigarren mailako materialen Europa merkatu bat sortzea 
  • Altzairua eta metalak, sektore estrategiko gisa 
  • Digitalizazioa eta finantzaketa, trantsizioaren motor gisa 

 

Proposatutako edukiek behar zehatzei erantzuten diete, bai erregulazioaren arloan bai merkatuaren arloan, eta ETEan zuzenean aplikatzera bideratuta daude, aldez aurreko heldutasun maila handirik behar gabe, emaitza ukigarriak lortzen laguntzeko. Oro har, Ihobek garatutako ezagutza eta tresnetan oinarritzen dira, eta, modu osagarrian, eduki kontzeptualagoak jasotzen dituzte, joerei aurrea hartu eta enpresen kokapen estrategikoa erraztu ahal izateko.

2026-2027 programa printzipio hauen inguruan egituratzen da:

  • Enpresa ikuspegia: erabakiak hartzeko orientazioa, zuzeneko inpaktua duten edukiak lehenetsiz eta ikuspegi arauemaile edo teorikoegiak saihestuz.
  • Proportzionaltasuna: ETEen errealitatera egokituta, edukien eta tresnen irismena, konplexutasuna eta exijentzia maila bakoitzaren gaitasun eta behar errealetara egokituta.
  • Orientazio praktikoa: modulu guztietan ariketa aplikatuak txertatzen dira sistematikoki.
  • Emaitza ukigarriak: modulu bakoitzak entregagarri erabilgarriak sortzen ditu, enpresek zuzenean aplikatu ahal izateko.

Moduluetan zehar, enpresek funtsezko elementuak lantzen dituzte ekonomia zirkularrerako trantsizioan aurrera egiteko. Modulu bakoitza emaitza zehatzak lortzeko diseinatuta dago, zeinak erakundean aplikatu ahal izango diren, merkatuaren eta erregulazioaren benetako eskakizunei erantzuten laguntzeko, ETEaren errealitatearekiko proportzionala den ikuspegi batekin. Saioek eduki teknikoak eta ariketa praktikoak uztartzen dituzte, ikaskuntza sendotzeko eta berehala aplikatzea errazteko.

Koordinazioa eta ibilbideak

ETEentzako beste ekimen batzuekin koordinatzea

Formazio programa honen garapenean, arreta eskaini zaio Eusko Jaurlaritza gaur egun bultzatzen ari den beste lan ildo batzuekin integratu eta koordinatzeari, zehazki enpresa txiki eta ertainei zuzenduta. Ekimen horien artean, Basque ESG nabarmentzen da, Euskadi 2030 Industria Planean jasotako proiektu eraldatzailea, euskal enpresa sarean jasangarritasuna eta ingurumen, gizarte eta gobernantzaren kudeaketa sustatzea helburu duena.

Horrenbestez, formazio jarduerak lehendik dauden ekintzen osagarri izan daitezen saiatu gara, edukiak gainjartzen diren arloetan bikoiztasunik gerta ez dadin. Horrela, baliabideen optimizazioa eta prestakuntzaren eraginkortasuna bermatzen da, erantzun koordinatu eta egokitua errazteko.

Formazio ibilbideak

Premisa horiekin, ibilbide mailakatuak proposatzen dira, merkatuaren exijentzia ulertzeko eta tresna zehatzak aplikatuz erantzuteko, parte hartzaileek aurrera egin ahal izan dezaten, erabakiak sendoak direla bermatzeko behar besteko zorroztasun teknikoa mantenduz, greenwashing praktiketan erori gabe.

Modulu guztiek egitura metodologiko honi jarraitzen diote: 

  • Bloke kontzeptual laburra (zergatik axola duen).
  • Tailer aplikatua (nola egiten den), enpresen kasu errealen analisiarekin.
  • Emaitza ukigarria (txantiloia, matrizea, erantzun estandarra), dauden tresnen erabileratik abiatuta (3C, txantiloiak, checklistak).

Bi ibilbide proposatzen dira, bata zirkulartasun korporatibora zuzenduta eta bestea produktuen zirkulartasunera, biak ere menu modular eta progresiboko formatuarekin, erakundeek aurrera egiteko. 

Moduluak erakundearen beharrezko ingurumen heldutasunaren arabera etiketatzen dira, 1 eta 5 izar arteko eskalarekin, eta logika honi jarraitzen diote: “ulertu→ neurtu → erabaki → erantzun → integratu”

  1. Oinarrizkoa
  2. Oinarrizkoa/tartekoa
  3. Tartekoa
  4. Tartekoa/aurreratua
  5. Aurreratua/estrategikoa

1. ibilbidea –Erakundearen trantsizio zirkularra: merkatuaren eskakizunetik enpresaren erresilientziara– 9 formazio moduluk osatzen dute.

  1. Zer informazio eskatzen den eta datuak nola antolatu ulertzea (1 izar)
  2. Behar dena neurtzea (2 izar)
  3. Neurtutakoa erabaki bihurtzea (3 izar)
  4. Fokua zirkulartasunera eta erresilientziara handitzea (3 izar)
  5. Inpaktuak enpresaren arrisku gisa aztertzea (3 izar)
  6. Informazioak finantzaketaren eta merkatuaren ateak nola irekitzen dituen ulertzea (3 izar)
  7. Material estrategikoak ezagutzea eta kudeatzea (4 izar)
  8. Hornidura zirkularreko kate bat trakzionatzea (5 izar)
  9. Zirkulua ixtea: trantsizio zirkularrerako plana (5 izar)

2. ibilbidea –Produktuaren pasaporte digitala eta ekodiseinu zirkularra– 6 formazio moduluk osatzen dute, Europako produktu marko berria ulertu eta aplikatzeko, irizpide teknikoak, metodologiak eta tresna praktikoak emanez, ekonomia zirkularra produktu eta zerbitzuen diseinuan, kudeaketan eta komunikazioan integratu ahal izateko, lehiakortasun, bereizketa eta balio erantsiko palanka erreal gisa.

Ibilbidean zehar, enpresek modu mailakatuan lan egiten dute:  

  1. Ingurumen inpaktua bizi zikloaren ikuspegitik ulertzea (2 izar)
  2. Ekodiseinuko araudien baldintzak identifikatzea (2 izar)
  3. Ekodiseinu eta zirkulartasun eskakizunak ezagutzea zenbait produktu tipologiatan (3 izar)
  4. Produktuen zirkulartasuna ebaluatzea (5 izar)
  5. Zerbitzu eta negozio eredu berriak arakatzea (4 izar) 
  6. Jasangarritasuna greenwashing arriskurik gabe komunikatzea (4 izar)

Formazioetan parte hartzen duten pertsona guztiek parte hartu izana egiaztatzeko ziurtagiria jasoko dute. Ziurtagiri hori saio bakoitzeko edo modulu oso bat osatzen denean eman ahal izango da, bloke zehatz horretan ikasitakoa aitortzeko. Gainera, programako modulu guztiak bete eta formazioaren ibilbide osoa osatzen duten parte hartzaileek beren formazio ibilbidea islatuko duen ziurtagiri integral bat lortuko dute.

Prestakuntza-ibilbideak

1. IBILBIDEA. ERAKUNDEAREN TRANTSIZIO ZIRKULARRA: Merkatuaren eskakizunetik enpresaren erresilientziara (ETE ikuspegia)

Moduluak

Heldutasun maila: 1 izar

Helburua: ETEari zer ingurumen informazio eskatzen zaion ulertzea eta oinarrizko eta behar besteko erantzun bat antolatzea.

Espero den emaitza: ETEaren oinarrizko ingurumen dosierra.

·         1. saioa (3 h): Ingurumen eskakizunen ekosistema berria: erregulazioa, merkatua eta balio katea

·         2. saioa (4 h): ETE baten funtsezko ingurumen datuak eta ingurumen informazioaren sistematizazioa

Espero den emaitza: ETEen lehen oinarrizko ingurumen dosierra, ingurumen informazioa ordenatzeko eta kanpoko informazio eskaerei erantzuteko tresna praktiko gisa pentsatua.

Heldutasun maila: 2 izar

Helburua: aztarna korporatiboa kalkulatzea, ETEentzako maila egoki batekin, eta datua praktikan erabiltzeko prestatzea.

·         1. saioa (3 h): Informazioa emateko beharrak eta datua prestatzea (zergatik neurtu eta zer maila den nahikoa)

·         2. saioa (4 h): 1. eta 2. irismenen kalkulu praktikoa eta emaitzen hasierako irakurketa

·         3. saioa (4 h): 3. irismena: Kategoriak lehenetsi eta balio katearekiko harremana antolatu (ondasun eta zerbitzuak eta ondasun kapitalak)

·         4. saioa (3 h): 3. irismena: Zeharkako emisioen beste kategoria batzuk eta emaitzen txostena

·         5. saioa (2 h): Nola erregistratu erakundearen karbono aztarna

·         6. saioa (3 h): Karbono aztarnatik ingurumen aztarnara eta zirkulartasunera

Espero den emaitza: Aztarna korporatiboa kalkulatuta, beharrezkoak diren gutxieneko ebidentzien paketea eta txostenaren oinarrizko egitura, hirugarrenentzat erabilgarria, aztarna erregistratzeko behar den guztia barne.

Heldutasun maila: 3 izar

Helburua: karbono aztarna korporatiboaren datuak eta emaitzak interpretatzea, eta horiek erabakitzeko irizpide, jarduteko lehentasun eta helburu bihurtzea.

·         1. saioa (4 h): Karbono aztarnaren irakurketa estrategikoa: non jardun lehenik

·         2. saioa (4 h): Zientzian oinarritutako helburuak eta emisioak murrizteko lehen plana

Espero den emaitza: Inpaktua-ahalegina lehenesteko matrizea, aztarnan eta emisioak murrizteko oinarrizko bide orrian oinarritua (lehenetsitako neurriak + helburuak + oinarrizko adierazleak). Atal espezifikoa, komunikazio txostenean sartzeko eta bezeroei eta finantza erakundeei erantzuteko.

Heldutasun maila: 3 izar

Helburua: erakundearen zirkulartasuna neurtzea eta baliabideetan eta horniduran ahultasunak antzematea.

·         1. saioa (4 h): Erakunde baten zirkulartasunaren neurketa praktikoa: materialak, ura eta mendekotasunak

·         2. saioa (4 h): Emaitzen analisia, aukerak eta jarraipenaren sistematizazioa

·         3. saioa (4 h): Normalizazioa, trazabilitatea eta kudeaketa sistemetan integratzea: nola lerrokatu trantsizio zirkularraren adierazleak (CTI) ISO 59000 arauarekin, eta zirkulartasuna ISO 14001:2026an integratzea

Espero den emaitza: erakundearen zirkulartasun adierazleak kalkulatu eta interpretatzea, eta ahultasunak identifikatzea.

Heldutasun maila: 3 izar

Helburua: ETEarentzat garrantzitsuak diren arriskuak identifikatu eta lehenestea eta kudeaketan integratzea.

·         1. saioa (2 h): Enpresa arriskuak kudeatzeko erreferentziazko markoa eta oinarri praktikoak

·         2. saioa (3 h): Materialtasun bikoitza, arriskuen identifikazioa eta lehenespen integratua (ingurumenekoak, klimatikoak eta trantsiziokoak)

·         3. saioa (3 h): Arrisku klimatiko fisikoak: mehatxuak, esposizioa eta kalteberatasun operatiboa

·         4. saioa (3 h): Trantsizioko arriskuak: identifikazioa, ebaluazioa eta lehenespen erdikuantitatiboa

·         5. saioa (3 h): Arriskuen analisia enpresaren kudeaketa operatiboan integratzea.

Espero den emaitza: lehenetsitako arriskuen mapa egitea eta ebaluazioa erakundearen kudeaketa sisteman integratzea.

Heldutasun maila: 3 izar

Helburua: ingurumen dibulgazioari buruzko araudiaren inplikazioak ulertzea eta behar bezala erantzutea

·         1. saioa (2 ordu). Jasangarritasunaren omnibus zuzentaraua: araudiaren egoera eta ETEentzako inplikazioak (CSRD, Taxonomia eta CS3D)

·         2. saioa (2 h): Europako taxonomia: hautagarritasuna, lerrokadura eta ETEentzako aukerak

·         3. saioa (2 h): DNSH: irizpide praktikoak eta nola erantzun finantza erakundeei eta bezeroei

Espero den emaitza: Europako taxonomiarekiko hautagarritasun/lerrokatze fitxa (oinarrizko maila), jarduerarako gutxieneko DNSH ebidentzien zerrenda, eta finantza erakunde/lizitazio/bezeroei erantzuteko erantzun estandarra.

Heldutasun maila: 4 izar

Helburua: material estrategikoak identifikatzea eta horien esposizio maila ebaluatzea, hornidura ahuleziak, kostua eta ingurumen inpaktua murriztuko dituzten hasierako neurriak definitzeko

Espero den emaitza: material kritikoen eta esposizioaren mapa (mendekotasuna/ordezkapena/zirkulartasuna), eta kalteberatasunak murrizteko plana.

Heldutasun maila: 5 izar

Helburua: erosketa zirkularraren irizpideak integratzea, hornidura katean arriskuak murrizteko, merkatu eta araudien eskakizunei aurrea hartzeko, eta lehiakortasuna irabazteko, baliabideak modu eraginkorragoan erabiliz.

Espero den emaitza: erosketa zirkularraren irizpideen matrizea osatzea familia bakoitzeko (adibidez, eraikuntza, ibilgailuak...), eta hornitzaile kritikoak hobetzeko plan bat garatzea (gutxieneko bideragarria).

Heldutasun maila: 5 izar

Helburua: ibilbideko edukiak integratzea eta koherentzia ematea. Formazioaren ardatza ixteko eta heltzeko elementua, aurreko moduluetan landutako edukiak marko beraren pean artikulatuz. Helburua da multzoa ordenatu, konektatu eta zentzua ematea, enpresei blokeen araberako ikuspegi batetik trantsiziorako ikuspegi integratu batera igarotzen laguntzeko.

Espero den emaitza: enpresa trantsizioko planaren eskema, ETEaren errealitatera egokitua.

2. IBILBIDEA. PASAPORTE DIGITALA ETA PRODUKTUAREN EKODISEINU ZIRKULARRA

Moduluak

Heldutasun maila: 2 izar

Helburua: produktu sinple baten karbono aztarna eta ingurumen profila ulertu, kalkulatu eta interpretatzea, bizi zikloaren ikuspegi batetik.

·         1. saioa (3 h): Zergatik neurtu produktu aztarna eta Produktuaren karbono aztarnaren oinarriak ISO 14067aren arabera eta BZAri buruzko sarrera

·         2. saioa (4 h): Produktu aztarnaren kalkulu sinplifikatua Climate & Circularity Calculator tresnarekin eta emaitzen irakurketa

Espero den emaitza: produktuaren karbono aztarna sinplifikatua (dokumentatutako hipotesiekin).

Heldutasun maila: 2 izar

Helburuak: ulertzea nola integratzen diren ekodiseinu zirkularra, produktu jasangarrirako Europako betekizun berriak eta Produktuaren Pasaporte Digitala, eta horiei nola erantzun identifikatzea.

·         1. saioa (2 h): Produktu jasangarriak arautzeko esparruaren egungo egoera

·         2. saioa (3 h): Ekodiseinu zirkularra: produktuetan zirkulartasunaren eskakizun berriak aplikatzea

·         3. saioa (3 h): Produktuaren pasaporte digitala

Espero den emaitza: produktu bati aplika dakizkiokeen ekodiseinu zirkularreko hasierako estrategiak, eta Produktuaren Pasaporte Digitalerako beharrezkoak diren ebidentzia teknikoak egituratzeko informazioaren eskema.

Heldutasun maila: 3 izar

Helburua: hainbat produktu kategoriatan aplika daitezkeen zirkulartasun, ekodiseinu, bizitza amaiera eta ekoizlearen erantzukizun zabalduaren betekizunak identifikatu, interpretatu eta aurrea hartzea.

Moduluko saioak modu mailakatuan eguneratu eta zabaldu ahal izango dira, egintza delegatu berriak eta produktu kategoriei aplikatu beharreko araudi espezifikoa argitaratu ahala. Hasteko, 3 orduko saioak aurreikusten dira:

·         1. saioa. Ontzien eta bilgarrien zirkulartasuna

·         2. saioa. Eraikuntza produktuen zirkulartasuna

·         3. saioa. Produktu metalikoen zirkulartasuna

·         4. saioa. Automobilgintzako osagaien zirkulartasuna

·         5. saioa. Ekipo elektriko eta elektronikoen eta baterien zirkulartasuna

·         6. saioa. Kontsumo produktuen zirkulartasuna (ehunak, altzariak, jostailuak...)

Espero den emaitza: aplikatu beharreko betekizunen lehen mapa, produktu kategoriaren arabera, aukera emango duena epe labur eta ertainerako aurreikusitako araudi eta merkatu betebeharrak ezagutzeko.

Heldutasun maila: 5 izar

Helburua: materialen efizientziari buruzko Europako EN 4555x arauak modu sinplifikatuan aplikatzea, produktuaren funtsezko atributuak ebaluatuz

·         1. saioa (3 h): Produktuen diseinuan zirkulartasun alderdiak ebaluatzeko metodologia 

·         2. saioa (3 h): UNE-EN 45552, iraunkortasunaren ebaluazioa

·         3. saioa (3 h): UNE-EN 45554, konpongarritasunaren ebaluazioa

·         4. saioa (3 h): UNE-EN 4555, birziklagarritasunaren ebaluazioa

Espero den emaitza: produktu baten zirkulartasunaren lehen ebaluazio tekniko sinplifikatua lortzea, eta, horren barruan: iraunkortasunaren eta konpongarritasun mailaren oinarrizko balorazioa, birziklagarritasun matrizea eta ekodiseinuko hobekuntzen identifikazioa.

Heldutasun maila: 4 izar

Helburua: serbitizazioaren eta birmanufakturaren ahalmena aztertzea, ekonomia zirkularreko estrategia aurreratu gisa, eta horien bideragarritasuna baloratzea.

·         1. saioa (3 h): Produktutik negozio eredura: serbitizazioa ekonomia zirkular batean. Iraunkortasunerako diseinuak balioa sortzeko modu berriak ekar ditzake?

·         2. saioa (3 h): Birmanufaktura: produktuaren balioa atxikitzea eta bikaintasun operatiboa

Espero den emaitza: negozio ereduaren aukera zirkularrak identifikatzea, eta, horren barruan, bideragarria izan daitekeen serbitizazio eredu baten azterketa eta produktu baten birmanufaktura potentzialaren aurretiazko ebaluazioa.

Heldutasun maila: 4 izar

Helburua: ingurumen, zirkulartasun eta jasangarritasun atributuak jakinaraztea, modu zorrotz eta egiaztagarrian eta bere ebidentzia teknikoekiko koherente, greenwashing arriskuak saihestuz.

·          1. saioa (3 h): Ingurumen komunikazio segurua

Espero den emaitza: ingurumen komunikazio segururako lehen gidoia, alderdi hauek jasoko dituena: egungo mezuak berrikustea, baimenduta dauden mezuak, mezu arriskutsuak eta ez-gomendagarriak identifikatzea, eta 3-5 ingurumen mezu idaztea, horiek babesten dituzten ebidentzia teknikoekin.

Newsletter

Datozen ekitaldiak

2026ko irailaren 9a
Bizkaia Aretoa
2026ko irailaren 10a
Palacio Miramar
2026ko irailaren 11
Museo Artium -Calle de Francia 24, 01002, Vitoria-Gasteiz

Ikusi ekitaldi guztiak