Pasar al contenido principal
28 ene 2020
  • Corporativo
  • Protección del suelo

Lindanoak eragindako kutsaduraren aurrean jarduteko erakunde- eta gizarte-ekintzarako mahaia bildu da

Lindanoak eragindako kutsaduraren aurrean jarduteko erakunde- eta gizarte-ekintzarako mahaia bildu da

Bilera horren helburua da erakunde arteko koordinazioa eta koordinazio soziala sustatzea eta lindanoak eta konposatu organiko iraunkorrek eragindako kutsaduraren aurrean ikerketa- eta erremediatze-zereginak egiteko aukera emango duten ekintza-jarraibideak adostea. Izan ere, urte hauetan kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak aurkitzeko ahalegin handia egin bada ere, lindanoa erabili zen modua eta urte askotan kontrolik gabe isuri izana dela eta, baliteke euskal geografia osoan kantitate sakabanatuak agertzea, hala nola azken urte hauetan Jatan (Mungia) eta Artxanda inguruan detektatu direnak eta Ibaizabal ibaian eta Zadorra ibaian detektatu diren lixibiatuak.

80ko hamarkadaz geroztik, Bilbo Metropolitarraren zati handi bat (eta, bereziki, Ibaizabal ibaiaren eskuineko eta ezkerreko ertzetako zenbait udalerri) lindano izenez ezagutzen den pestizidaren fabrikazioaren ondoriozko hondakinak eragindako kutsaduraren eraginpean egon zen. Izan ere, Erandioko eta Barakaldoko 2 enpresak nagusiki Ibaizabal-Behe Nerbioi ibaiaren inguruan isuri zituzten beren hondakinak kontrolik gabe. Hondakin horien isurketa 1986an debekatu zen, eta orduan amaitu zen produkzioa. 1995. urtean, "HCHaren hondakinen arazoa konpontzeko jarduketa globala" aurkeztu zen Gasteizko Legebiltzarrean. Jarduketa horren bidez, Bilbao Chemicals SA enpresak utzitako 5.000 tona hondakin inguru desagerrarazi ziren, eta segurtasun-gelaxka batzuk eraiki ziren hondakin horrek kutsatutako 600.000 tona lur konfinatzeko eta utzita zeuden hondakindegi batzuetan sortutako lixibiatuak kontrolatzeko (hondakindegi horietako lurrak ezin ziren erauzi konfinatzeko).

Euskadik soluzio integral bat hartu zuen, eta zenbateko ekonomiko eta ahalegin tekniko handiak bideratu ziren horretarako, nagusiki Ihobe Ingurumen Sozietate Publikoak gidatuta. Jarduketa hori jardunbide egokitzat hartu zen Europar Batasun osoan, non lindanoaren arazoa oraindik ere oso esanguratsua den eskualde eta herrialde askotan.

Gainera, kutsatutako lurzoruen aurrean beharrezkoa den jarduketa arautzen duen arau-esparru propio batez hornitu da Euskadi, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen bidez. Lege horren helburua da Euskadiko lurzorua babestea eta lurzoruaren ezaugarriek jatorri antropikoko ekintzen ondorioz jasan dezaketen alterazioari aurrea hartzea.

Halaber, Lege hori garatzen duen eta Legearen prozedurak argitzen eta garatzen dituen Dekretu berria argitaratu zen joan den urtarrilaren 20an. Era berean, joan den urtarrilaren 23an, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoaren interpretazioari eta aplikazioari buruzko instrukzio teknikoa onartu zuen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten baten eskakizunari dagokionez.

Euskadin dauden lurzoru kutsatu eta eraldatuei aplikatu beharreko araubide juridiko horrek ingurumena eta pertsonen osasuna zaintzea du helburu, eta lurzorua kutsa dezaketen jarduera eta instalazioetarako betebehar espezifikoak finkatzen ditu.

Lege horren 46. artikuluan, bertan ezarritako betebeharrak betetzeko, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioa ezarri zen, eta, bertan, ingurumen-organoak lurzoru horiei buruz duen informazioa dago jasota. Nolanahi ere, legean bildutako betebeharrak ez dira lurzorua inbentarioan egotearen ondorioz sortzen, lurzoruak lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat jasatearen edo jasan izanaren ondorioz baizik. Inbentarioa administrazio publikoek duten informazioarekin sortu zen eta informazio horrekin eguneratzen da, eta kokalekuen zerrenda, kokapena eta mugak biltzen ditu. Horiek guztiak jendearentzat eskuragarri daude GeoEuskadin, hots, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren erreferentziazko geoatarian.


Fuente: Ihobe

También te puede interesar

08 jun 2026
  • Comunicación ambiental
  • Corporativo
Las soluciones naturales en la educación ambiental, la medición ambiental e IA, y cómo contar el cambio climático, ejes temáticos de los cursos de verano 2026 de Ihobe
25 may 2026
  • Protección del suelo
Ihobe celebra el I Foro Social de Suelo de Euskadi con la participación de medio centenar de especialistas de diversos sectores económicos
27 mar 2026
  • Corporativo
Ihobe impulsa 639 acciones en municipios y moviliza a más de 2.200 empresas en 2025 para avanzar en la transición energético-climática de Euskadi
09 dic 2025
  • Corporativo
Solicita tu ejemplar del calendario Ihobe 2026