Pasar al contenido principal
26 jun 2024

Euskadik bat egin du etorkizuneko NBEk erabakiak hartu behar dituenean nazioz azpiko ahotsak aintzat hartzeko eskaerarekin

Euskadik bat egin du etorkizuneko NBEk erabakiak hartu behar dituenean nazioz azpiko ahotsak aintzat hartzeko eskaerarekin

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza garapen jasangarriaren aldeko eskualde gobernuen sarearen (Regions4) Batzar Nagusian parte hartzen ari da, zeina ostiralera arte egingo den, Rio de Janeiron

Parte hartzen ari direnen artean Eusko Jaurlaritza dago, zeinak bat egin duen Batzar Nagusian onartuko den "Rio de Janeiroko Adierazpen Politikoarekin". Adierazpen horrek Nazio Batuen sistema berritua eskatzen du, hiri eta eskualdeei lagunduko diena euren ahalmenari etekina ateratzen eta etorkizun jasangarria izateko ekintza eraldatzaileak gidatzen.

Berez, Agenda 2030 lortzeko zeregin erabakigarria egiten duten eta ahalmena izan baduten arren, nazioz azpiko gobernuak ez daude erabat sartuta NBEren esparruan. Horregatik, Regions4 sarea, nazioz azpiko gobernuen munduko sarea, "Etorkizun jasangarri, bidezko eta erresiliente bat eraikitzeko ahaldundutako nazioz azpiko gobernuak" lelopean ari da egiten bere Batzar Nagusia, klima aldaketari, biodibertsitatearen galerari, kutsadurari eta Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) aurre egiteko nazioz azpiko gobernuen funtsezko zeregina aitortuko duen NBEko sistema bat bultzatzeko. Aurtengo batzarra aurrekaririk gabeko erronken testuinguruan eta funtsezko goi bileretara bidean egingo da, hala nola datorren irailean New Yorken egingo den NBEren Etorkizuneko Goi Bilera eta Rio de Janeiron egitekoa den G20ko sherpen bilera.

Mundu osoko nazioz azpiko gobernuetako 80 ordezkari inguru ari dira batzar honetan parte hartzen, Rio de Janeiroko Gobernua anfitrioi dutela. "Eskualdeetako gobernuak funtsezkoak dira klimari, biodibertsitateari eta garapen jasangarriari buruzko agenda betetzeko, lurraldeetako lehen lerroan daudelako, komunitateetan eta ekosistemetan eragin zuzena duten politika kritikoak aplikatzen eta ekintza ukigarriak bultzatzen. Erabakiak hartzeko funtsezko arduradun gisa Nazio Batuen sisteman gu sartzea ezinbestekoa da munduko erronkei eraginkortasunez heltzeko eta garapen jasangarrirako helburuak lortzeko", adierazi du Regions4 Sarearen idazkari nagusi Natalia Uribek.

Batzar Nagusiaren alderdi azpimarragarrienen artean daude "Rio de Janeiroko Adierazpena" eta Regions4 sarean lidergo politiko berria sartzea; izan ere, sarea gidatzen 6 urte eman ondoren, Euskadik agintaldia amaituko du, eta hala, Lehendakaritza utziko du. Bestalde, Rio de Janeiroko Gobernua Ameriketarako lehendakariorde izendatuko dute, Mexikoko Jalisco estatuko gobernuaren ordez.

Bertan dauden ordezkaritzek Regions4 sarearen lidergo berritu horrekin elkarreragiteko aukera izango dute. Hala, kide berriei ongietorria egingo diete, Rio de Janeiroko Primatologia Zentroa bisitatuko dute, biodibertsitatea kontserbatzeko tokiko ahaleginetatik ikasteko, eta goi mailako elkarrizketa politikoetan parte hartuko dute, hala nola Erresilientziarako Finantzaketarako Nazioarteko Foroan. Parte hartzaile guztiei irekita dagoen Foro hau aukera paregabea da finantzaketa aukerak ezagutzeko; izan ere, PNUMAren datuen arabera (Ingurumenerako Nazio Batuen Programa), klima aldaketara egokitzeko finantzaketaren %10 bakarrik iristen da tokiko esparrura, eta horrek zaildu egiten du GJHetarantz aurrera egitea.

Paola Pavon CONGOPEko lehendakariak eta Nazio Batuen Tokiko eta Eskualdeko Gobernuen Kontsulta Taldeko kideak nabarmendu duenez, “justizia klimatikoa eta garapen jasangarria sustatuko duten politika eta estrategia finantzario berritzaileak garatzea eta aplikatzea nahitaezkoa da. Klima aldaketaren inpaktuek pertsona guztiei berdin eragiten ez dietela onartzen duen justizia klimatikoa; izan ere, oro har, zaurgarrienak izaten dira berotegi efektuko gasen emisio gutxien sortzen dutenak, eta, hala ere, ondorio latzenak jasaten dituztenak. Horregatik, politikek ziurtatu behar dute komunitate horiek klima aldakor batean egokitzeko eta aurrera egiteko baliabideak eta aukerak izango dituztela”.

Nazioz azpiko gobernuak, aldaketaren funtsezko eragile gisa

“Rio de Janeiroko Adierazpen Politikoan”, nazioz azpiko gobernuek eskatzen dute, etorkizunean, beren ahalmena kontuan hartzea eta beren ahotsak NBEko erabakiak hartzeko sisteman ordezkatuta egotea, etorkizun zuzen eta bidezkoago baterantz joateko; eta ekintza eta inpaktu globala bizkortzeko daukaten esperientzia eta gaitasuna nabarmendu dute.

"Rio de Janeirok historia luze eta garrantzitsua du garapen jasangarri globalerantz doan bideari buruzko eztabaidarako egoitza gisa, Rio 92ko Goi Bilera ezaguna ere han egindakoa baita. Hogeita hamar urte geroago, lider izatea lortu dugu, Regions4 bezalako elkarte garrantzitsu batean. Rio de Janeirorentzat mugarri historikoa da, eta erabakitasun eta seriotasun handiz onartu dugu", adierazi du Rio de Janeiroko Gobernadore Claudio Castrok.

‘Erronka Gabia’ metodologia, Batzar Nagusi jasangarri baterako


Esandakoa egite aldera, aurtengo Batzar Nagusia harro dago, ekitaldian, une oro ingurumena errespetatu delako. Regions4k, Euskadik eta Rio de Janeirok Ekitaldi Jasangarrien Nazioarteko Programa Pilotua abian jartzen lagundu dute. Programa hori ‘Erronka Garbia’ metodologian dago oinarrituta; Eusko Jaurlaritzak landu du, ekitaldietan karbono aztarna murrizteko jardunbide onenak jasotzeko asmoz. Batzar Nagusian ekimen espezifikoak egiten dira, hala nola zero plastiko, inprimaketa minimizatzea eta tokiko ekoizleekiko konpromiso aktiboa. Ahalegin horiek jasangarritasunari begira daukagun konpromisoa erakusten dute, eta Regions4 sarean ekitaldi jasangarrietarako estandar berri bat ezartzen dute.

"Ekitaldi jasangarrien proiektu pilotua aurrerapauso garrantzitsua da Regions4 sarearen ekitaldietan jasangarritasuna hobetzeko gure ahaleginetan. Euskaditik kanpo, nazioarteko ekitaldi batean, ‘Erronka Garbia’ metodologia aplikatzen dugun lehen aldia da. Proiektu honekin, ingurumen inpaktua murrizteko eta etorkizunerako bidea erraztu dezaketen jardunbide arduratsuak sustatzeko daukagun konpromisoa erakusten dugu. Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaritzaren zikloa ixtear gauden honetan, Regions4 sareari eta bertako kideei uzten diegun ondarea da, etorkizuneko ekitaldietan ezartzen jarrai dezaten", adierazi du Aitor Aldasorok, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak.

Nazioz azpiko gobernuek funtsezko zeregina dute klimari, biodibertsitateari eta GJHekin lotutako finantzaketari buruz munduan egiten den ekintza bizkortuan aurrerapausoak emateko. Regions4 sarearen 2024ko Batzar Nagusian aukera eman zaie kideei irtenbideak proposatzen dituzten ekimenak partekatzeko, eta garrantzitsuagoa dena, besteen praktika eta ikasgaietatik ikasteko gune bat sortu da, etorkizun jasangarri, bidezko eta erresiliente bat eraikitzeko.

Regions4 sareari buruz


Regions4 sarean, jardun, konektatu eta eraldatu egiten dugu. Zerbitzua ematen diegun lurraldeetatik gertu egonda jarduten dugu, eta tokian bertan bultzatzen dugu aldaketa. Eskualdeak elkarren artean eta Nazio Batuen sistemarekin lotzen ditugu, eta haien ahotsak munduko eztabaidetan entzungo direla bermatzen dugu. Klima aldaketaren, biodibertsitatearen eta garapen jasangarriaren arloan aurrerapen erreal eta lokalizatuak bultzatzen ditugu. 4 kontinentetako 22 herrialdetako 49 eskualde gobernu ordezkatzen ditugu.

Informazio gehiago regions4.org-en.



Fuente: Ihobe

También te puede interesar

08 jun 2026
  • Cambio climático
Comienzan las obras de la actuación LIFE IP Urban Klima 2050 en el malecón de Zarautz
08 jun 2026
  • Comunicación ambiental
  • Corporativo
Las soluciones naturales en la educación ambiental, la medición ambiental e IA, y cómo contar el cambio climático, ejes temáticos de los cursos de verano 2026 de Ihobe
05 jun 2026
  • Cambio climático
  • Educación ambiental
Ekoetxea Urdaibai inaugura su nueva exposición permanente para comprender las causas y consecuencias del cambio climático en el territorio
05 jun 2026
  • Acción ciudadana
Ihobe acercará la sostenibilidad a la ciudadanía en Bioterra 2026 con un juego de escape sobre cambio climático