- Planificación ambiental
Eusko Jaurlaritzak Ingurumenaren Munduko Eguna ospatuko du Ekoetxea Sareak antolatutako hainbat jardueraren bitartez
Igande honetan, ekainak 5, Ingurumenaren 2022ko Munduko Eguna ospatuko da, Nazio Batuen Ingurumen Programaren (UNEP) gidaritzapean. Aurten, NBEk Stockholmeko 1972ko Konferentziaren leloa berreskuratuko du, Lur bakar bat, Lurrak gainditu beharreko larrialdi planetario hirukoitzaz kontzientziatzeko asmoz: klima azkarregi berotzen ari da pertsonak eta natura behar bezala egokitzeko; habitaten galeraren eta naturaren gaineko beste presio batzuen ondorioz, milioi bat espezie inguru desagertzeko arriskuan daude; eta kutsadurak airea, lurra eta ura pozointzen jarraitzen du.
Eusko Jaurlaritzak, Ihobe Sozietate Publikoak kudeatzen duen Ekoetxea jasangarritasunerako hezkuntza-zentroen sarearen bidez, egun honetako ospakizunekin bat egin du, gaur hasi eta igandera arte (ekainak 5) hainbat publikorentzat antolatutako jardueren bitartez.
Ekoetxea Azpeitian, Azpeitiko ikastetxeetako ikasleek birziklatutako materialarekin egindako eskulanen erakusketa dago ikusgai, ostegunera arte, ekainak 2. Gainera, ekainaren 5ean, goizean, zentroak Ingurumenaren Munduko Egunarekin bat egin eta familientzako bisita gidatua antolatuko du Xaguxatar ibilbidean zehar. Aldez aurretik izena eman behar da.
Bestetik, Ekoetxea Urdaibaik jardueraz betetako agenda prestatu du astebururako. Itsasontzi bidezko irteerez, ipuin-kontalariez, tailerrez eta ohiko beste jarduera batzuez gain, beren-beregi nabarmendu behar da egun horretarako San Kristobalgo hareatzetan propio antolatutako hondakinen borondatezko bilketa, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren (COBE) lankidetzaz egingo dena, baita hondakinak birziklatu, ingurumena errespetatu eta natura babesteak duen garrantziari buruzko Planeta salba dezagun izenburuko sentsibilizazio-tailerra ere. Bi jarduerak hauek igandean egingo dira, ekainak 5.
Ekoetxea Meatzaldeak, halaber, data berezi honetako ospakizunekin bat egin eta jarduera bereziak antolatuko ditu Gallartako egoitzan zein Arbeltzagakoan (Peñas Negras). Honela, Gallartan, familiei zuzendutako Inguru Minguru tailerra egingo da, ingurumena zaintzearen garrantzia eta birziklatzearen balioa ezagutzera emateko asmoz. Arbeltzagan, berriz, Ingurumenaren Jaia ospatuko da, eta aurten, harritzeko moduko tailerrak izango ditu umeentzat, baita jolas tradizionalak eta Biotopoko paisaia, flora eta faunari buruzko mural bat ere.
Azkenik, Ekoetxea Txingudik askotariko agenda zabala prestatu du Ingurumenaren Munduko Egunaren kariaz. Horren adibidea da Terminus Escape Box jokoa, 12 urtetik gorako gazteei zuzendutakoa, ostiraletik igandera bitartean antolatuko diren saioetan erronka zail bezain erakargarria proposatuko duena: planeta salbatzea.
Era berean, ostiraletik aurrera, Juan Tomás Alcalde adituaren eskutik antolatutako jardueretan, bertatik bertara ikusi ahal izango da nolako munduan bizi diren izaki garrantzitsu bezain ezezagun batzuk: saguzarrak. Jarduera nagusia Saguzarren gaua izango da, ostiralean, ekainak 3, 20:00etatik aurrera. Sarrera hitzaldiaren eta afaltzeko atsedenaldiaren ondoren, bertaratutakoek gaueko irteera egingo dute Plaiaundira saguzarrak bilatzeko. Gainera, Juan Tomás Alcaldek saguzarrei buruzko jakingarriak azalduko ditu Ekoetxea Txingudiren YouTubeko kanalean ikusgai egongo den web-mintegi batean. Azkenik, gogoan izan ekainaren 5era arte Saguzarren mundua izenburuko erakusketa bisita daitekeela iberiar penintsulako espezie nagusiak ezagutzeko, horien presentzia errazteko jartzen diren babes-kutxak eta bestelako bitxikeriak barne.
Plaiaundiko parkean kokatutako zentro honetan bertan, larunbatean, Maite Franko kontalariak Txorikeriak izenburuko ipuin-kontaketa egingo du. Igandean, berriz, ingurumenaren inguruko hurbilketa egingo da artearen ikuspegitik, gizakiak naturarekin dituen harremanak aztergai dituen Mario Molins artista huescatarraren Catharsis for an olive tree obraren bitartez. Ekainean, lan horri buruzko instalazioa izango da ikusgai, baita gizakiaren eta planetaren arteko bizikidetza emankor eta jasangarria planteatzen duen artista beraren esku-hartze bat ere.
Ekoetxea BIOTERRA azokan
Jarduera horiez guztiez gain, Ekoetxea sareak BIOTERRA deritzon produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren Euskadiko Azokan parte hartuko du Irungo FICOBAn. Alde batetik, Ane Dorronsoro IHOBEko teknikariak Ekoetxea Sarea: ingurumen-jasangarritasunari buruzko hezkuntza guztiontzat hitzaldia emango du ekainaren 4an. Bestalde, Ekoetxea Txingudik Plastikoa gure ingurumenean. Zer egin dezakezu zuk? tailer irekia antolatu du egun berean, Surfrider-ekin batera. Tailer honetan itsas zaborren nondik norakoak ikasiko ditugu, Txingudiko paduretako naturgunean aurkitutako hondakinak sailkatuz, eta ozeanoen babesaz eta gainerako itsas-zaborrez hitz egingo dute.
Laburbilduz, aurten, aukeratzeko moduko jarduera-eskaintza zabala prestatu da Ingurumenaren Munduko Egunarekin bat egiteko, gu guztiok bizi garen planetak eskaintzen digun balioa hurbilagotik ezagutu eta Lur bakar bat baino ez dagoela kontura gaitezen.
Aurten ere, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Ingurumenaren Munduko Egunarekin bat egin du Euskadiko Itun Berdeari jarraiki, izan ere, Euskadiren ibilbide-orri honek etorkizun jasangarriagoa lortzea du helburu, krisiari ere irtenbidea emanez, baina inor atzean utzi gabe.
Jarduerei buruzko informazio guztia eta horietarako izen-emateak ekoetxea.eus webgunean daude eskuragarri.
Fuente: Ihobe