Pasar al contenido principal
11 sep 2020
  • Planificación ambiental
  • Biodiversidad

Klima-agertokiak, lurreko klimaren etorkizunerako leihoa

Klima-agertokiak, lurreko klimaren etorkizunerako leihoa
Bigarren Industria Iraultza (1870-1914), ordea, inflexio-puntu bat izan zen bilakabide natural horretan. Erregai fosilen erreketak hazkunde ekonomikoa sustatzeko balio izateaz gain, faktore eraldagarri bat gehitu zuen, berotegi-efektuko gasen emisio kopurua igo egin baitzen. Gas horiek gaur egun arte etengabe askatzeak oreka atmosferikoa aldatzea ekarri du.

Horren ondorioz lurrazala azkar berotu da eta leheneratu ezinezko klima-aldaketa gertatu da. Klima-aldaketa horren aurrean egokitu egin behar dugu, eta, gainera, aldaketa horren ondorioak mugatu eta arindu behar ditugu. Etorkizun ezezagun horren aurrean, klima-agertokiak tresna indartsuak dira neurri egokienak zeintzuk diren aztertzeko, eta klima-aldaketa horren balizko erasoei aurre egiteko bidea erakusten dute.

Zer dira klima-agertokiak?

IPCCren arabera, klima-agertoki bat etorkizuneko klimaren irudikapen gertagarri eta sinplifikatua da. Klima-agertokia zehazteko, baliabide batzuk behar dira:
  • Klimari eragiten dioten prozesu fisikoen, kimikoen eta biologikoen arteko interakzioak simulatzeko gai diren klima-ereduak.
  • Emisio-agertokiak; horietan islatzen da teknologiaren aurrerapenak, joera sozioekonomikoek, lege-arauketek edo energia-baliabideen erabilgarritasunak berotegi-efektuko gasetan zer-nolako eragina izan dezaketen. Kontzentrazioaren bide edo ibilbide adierazgarri deitutakoak dira (RCP, ingeleseko siglen arabera).
  • Klima-ereduak eta emisio-agertokiak elkartzean sortzen diren klima-proiekzioak.
  • Klima-aldaketaren agertoki bat sortzea ahalbidetzen duen behatutako egungo klimari buruzko informazioa, azkenik.

Klima-agertokiek ez dute inolako zerikusirik eguraldi-iragarpenekin. Gaertner, Gutiérrez eta Castro (2011) adituek diotenez, ez dira iragarpenak, batzuetan aurretik jakin ezin diren faktore askoren mende dauden aukera alternatiboak baizik. Aukera horietako batzuk IPCCren Ebaluazioaren bosgarren txostenean (AR5) bilduta daude:
  • naturaren eragina;
  • jarduera antropogenikoen inpaktua;
  • klima eta elementu desberdinen artean ezartzen diren interakzioak gidatzen dituzten mekanismoen inguruan daukagun ezagutza osatugabea;
  • eta klimaren barne-aldakortasuna.
Dena den, sortzen dituzten zalantzak gorabehera, funtsezkoa da baliabide horiek erabiltzea klima-aldaketak etorkizunean izan dezakeen inpaktua aztertzeko.

Klima-agertokien erabilera


Agertokiek administrazio publikoaren eremuan politikak egiten laguntzen dute, baita enpresaren eta finantzen sektoreetan erabakiak hartzen eta klima-aldaketaren mehatxua ebaluatzen eta nola mugatu daitekeen ulertze ere. Batez ere baliagarriak dira «zer gertatuko litzakete, baldin eta...» moduko hipotesietan oinarritutako azterketak egiteko aukera ematen dutelako. Esate baterako, ikustea zer ondorio izango lituzkeen berotegi-efektuko gasen egungo emisioak mantentzeak edo emisio horiek murrizteak.

Nolabait ere eta diferentziak alde batera utzita, klima-agertoki batek antza izan lezake hiri edo lurralde baten aurrerabidea lortzeko xedea duen bideojoko batekin.

Ondorengo irudia Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldearen (IPCC) 2001eko Ebaluazioaren Hirugarren Txostenean oinarrituta dago, eta inpaktuak ebaluatzeko kontuan hartzen diren datu-iturri batzuk erakusten ditu. Horiz dauden multzoek klima-agertoki arruntak adierazten dituzte; aitzitik, grisez marraztutako zatian klima-agertokiak islatzeko ohiko osagaiak biltzen dira.

escenarios climaticos

Euskadiko klima-aldaketaren agertokien bisorea


2020ko martxoan, Ihobek Euskadiko klima-agertokien bisorea aurkeztu zuen. Horrela, administrazio publikoaren, erakunde pribatuen eta gizarte osoaren esku jarri zuen tresna hori, zeinak, klima-aldaketak eskualdean duen inpaktua aztertzeko aukera emateaz gain, aldaketa horren ondorioak arintzeko zer neurri har daitezkeen ikusteko aukera ere ematen baitu.

Dena den, bisorea deskribatu eta bisoretik zer informazio lor daitekeen aztertu aurretik, komenigarria da azaltzea zergatik diren garrantzitsuak eskualdeko klima-agertokiak.

Eskualdeko klima-agertokiak, tresnak lurraldearen berezitasunetara egokituta

Klima-agertoki globaletan azaltzen den arazo nagusietako bat eskalarekin lotuta dago. Mundu mailan, fidagarriak dira. Baina eskala txikiagoak (10-100 km) kontuan hartzen direnean, tenperaturaren eta prezipitazioaren banaketa aldatu egiten da. Berezitasun horiek erraz ikusten dira Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko klima eta Arabako barnealdekoa alderatuta, adibidez.

Desbideratze hori zuzentzeko, eskala murrizteko teknikak edo downscaling izenekoak aplikatzen dira. Murrizteko prozedura horren helburu nagusia da tresnari gehitzea lurraldearen berezko ezaugarriak, kliman eragina dutenak, hala nola topografia edo landaredia, besteak beste. Horri dagokionez, komenigarria da azpimarratzea garrantzitsua dela baliozkotutako eredu global edo orokor batetik abiatzea, eskualdeko agertokiek ezin baitituzte zuzendu jatorrizko iturrien balizko akatsak.

Adierazi behar da, halaber, zientziaren eremutik ahalegin handia egin dela ikerketa-esparru koordinatuak eta harmonikoak sortzeko. Lan hori Europako proiektu askotan gauzatu da eta proiektu horien artetik CORDEX (EURO-CORDEX Europarako) ekimena nabarmendu behar da. Ekimen hori honela defini daiteke: simulazio desberdinen multimodelo multzoa edo ensemblea, bisoreetan batezbesteko gisa erakutsi ohi dena.

Hona hemen planaren helburuak:
  • Eskualdeko/tokiko klima-fenomeno garrantzitsuak, horien aldakortasuna eta aldaketak hobeto ulertzea eskala murriztuz.
  • Eskualdeko klimaren eskala murrizteko ereduak eta teknikak ebaluatzea eta hobetzea.
  • Eskualdeko proiekzioen multzo koordinatuak egitea eskala murriztuan mundu osoan.
  • Komunikazioa eta ezagutzen trukea sustatzea eskualdeko klima-informazioaren erabiltzaileekin.


Zer informazio kontsulta daiteke Euskadiko klima-agertokien bisorean?

Eskualdeko tresna horretan zenbait aldagai kontsulta daitezke. Horrela, eta eskuragarri dauden datuen ikuspegitik abiatuta, AEMETen eta EuskalMeten balio historikoak azter daitezke (1971-2000).
  • - RCP8.5 emisio-agertoki baterako CORDEX proiektuaren esparruan (eskualdeko beste simulazio batzuk ere kontsulta daitezke) sortutako agertokiak. Esparru hori business-as-usual ereduaren jarraipentzat hartzen da, hots, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko itundutako ahaleginak egiten ez badira gertatuko litzatekeena islatzen du, eta 936 ppm CO2 kontzentrazioa erakusten du (artikulu hau idatzi zenean, balioak 412-413 ppm ingurukoak ziren). Hiru denboraldi ere kontuan hartzen dira: 
               
    - Etorkizun hurbila (2011-2040)
    - Etorkizun ertaina (2041-2070)
    - Etorkizun urruna (2071-2100)
Klima-aldagaiei dagokienez, bisoreak tenperaturarekin (maximoak, minimoak, bero boladak, gau tropikalak, eta abar) eta prezipitazioarekin (prezipitazio biziko egunak, elkarren segidako egun lehorrak eta abar) lotutako informazioa biltzen du. Mutur klimatikoak gertatzeko aukera aldatzeari buruzko azterketa, adibidez, klima-aldaketaren adierazle nagusietako bat da. Eskualdeko simulazioek eskaintzen duten onura nagusietako bat da, gainera.

Urtarokotasunaren ikuspegitik, Euskadiko bisoreak ahalbidetzen du, halaber, urte osorako proiekzioak edo urtaro bakoitzekoak ikustea (udaberria, uda, udazkena edo negua).

Eremu geografikoari dagokionez, tresnak aukera ematen du kontsulta lurralde historikoen, udalerrien, auzoen, arro hidrografikoen eta abarren arabera egiteko. Eremu bakoitzaren datuak formatu grafikoan edo numerikoan deskargatu daitezke “Denbora seriea ikusi” aukeraren bitartez.

Ondorengo animazioan 20 ºC-tik gorako tenperatura duten gau tropikalen kopuruan espero daitekeen bilakaera ikus daiteke.

Euskadiko klima-agertokien bisoreak emandako informazioaren aplikazioak


Ekoizpen-arloko eta arlo sozioekonomikoko hainbat sektore edo jardueratan agertoki horiek erabil ditzakete etorkizunera begirako erabakiak hartzeko.

Hirigintza-antolamenduan, besteak beste, oso erabilgarriak dira horrelako bisoreak. Izan ere, hiriguneak nahitaez egokitu behar dira klima-aldaketak dakartzan inpaktuetara. Horrela, eta lortutako emaitzen arabera, udal batek, adibidez, berdegune gehiago jar ditzake bero-uharteak murrizteko, karbono-hustubideak sor ditzake eta drainatzea hobetu dezake; era berean, biztanle-dentsitateak birdefini ditzake lurzoruaren kontsumoa murrizteko eta garraioarekin lotutako emisioak txikitzeko edo energia-eraginkortasuna hobetzeko politikak susta ditzake (Verdaguer et al., 2015).

Klima-agertokien bisoreen beste aplikazio bat azpiegiturak eraikitzen laguntzea izan daiteke. Estres termiko handiagoa pairatuko dute eraikinek (bero nabarmeneko egunetan, azpiegitura linealek dilatazio handiagoak dituzte eta ekipoek hozteko zailtasunak dituzte) eta egokitu egin beharko dira. Baina horrez gain, azpiegiturak berriro diseinatu beharko dira eskaera berriei zerbitzua emateko. Erabilera hori argi ikusten da, adibidez, uraren edo energiaren kudeaketan. Ur-baliabideen kasuan, lehenik eta behin kontuan izan behar da baliabide horien eskuragarritasuna urriagoa izango dela. Azken batean, prezipitazio-erregimenetako aldaketak dira klima-aldaketaren ondorio nagusietako bat. Energiari dagokionez, aurreikus daiteke eskaera igo egingo dela klimatizazio-premia handiagoa izango delako edo hiriko mugikortasuna aldatuko delako (garraiobide elektrikoen igoera).


Simulazio horien bidez, halaber, eguzki-instalazioak edo parke eolikoak instalatzeko lekuak identifika daitezke. Stengel, Glaws, Hettinger & King adituek (2020) esaten dutenez, aplikazio hori fidagarriagoa da eskala murriztu denean.

Laburbilduz, klima-agertokiak etorkizunera irekitako leiho bat dira, eta lurralde jakin batek etorkizunean izan ditzakeen klima-baldintzak erakusten dituzte. Nolabait esateko, ohartarazpen bat dira, klima-aldaketaren ondorioak mugatu eta erresilientzia areagotuko duten premiazko ekintza sendoak garatzera behartzen duen abisu bat. Ez da ahaztu behar gure planetak duela mende bat baino zertxobait gehiago arte 6000 urte inguru zeramatzala pixkanaka hozten eta orain harrituta ikusten duela urterik urtera tenperatura altuenen markak gainditzen direla; beraz, zeregin hori ezinbestekoa da planeta horrentzat.



Fuente: Ihobe

También te puede interesar

07 abr 2026
  • Planificación ambiental
El 16 de abril arrancan los Ekosteguna-Jueves de Ecoeficiencia de Ihobe, jornadas técnicas para profesionales en activo
26 mar 2026
  • Planificación ambiental
El informe de Coyuntura Ambiental de Euskadi muestra en 2025 avances en aire y descarbonización, y señala retos en agua y biodiversidad
10 feb 2026
  • Planificación ambiental
La industria vasca acelera su transición hacia la sostenibilidad, según el último Ecobarómetro Industrial de Ihobe
26 nov 2025
  • Residuos
  • Planificación ambiental
Josu Bilbao, viceconsejero de Medio Ambiente: “cada vez reciclamos más y depositamos menos en vertedero”