- Economía circular
- Ecodiseño
Ihobek plastikoaren eta kimikaren sektoreetako enpresetan ekonomia zirkularra bultzatu du ETE Zirkularra 2021 laguntza-programari esker
Industria kimikoak funtsezko papera jokatzen du jasangarritasunerako aldaketa sustatzen: balio-kate guztietan dago eta, hortaz, zirkulartasuna ahalbidetzen lagundu dezake, bai eta aldaketarako aliatu gisa jardun ere. Víctor Lozanok, Fabriplast Sader enpresako zuzendari kudeatzaileak, honela dio: Balio-kate osoan zehar konplizitatea egotea ezinbestekoa da zirkulartasunerantz aurrera egiteko; funtsezkoa da modu aktiboan inplikatzea bezeroak eta hornitzaileak".
Hori dela eta, balio-katean eragin positiboa duten lankidetza-proiektuak gauzatu beharra dago, bai eta lotutako sektoreetan ezagutzak eta emaitzak helaraztea bultzatzea ere. Gauzak horrela, erakargarriagoak diren ekosistemak sortuko dira, sektore arteko harreman eta inbertsio berriak bultzatzeko gai direnak.
Ihobek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak plastikoaren eta kimikaren sektoreetako bost euskal ETEri lagundu die balio potentzial handiko enpresa-eredu zirkular berriak identifikatzen
Ildo horretatik, A&B Laboratorios de Biotecnología, Hervel Electroquímica, Industrias Químicas Irurena, DTS Oabe eta Fabriplast Sader enpresek lan egin dute SITRAk garatutako metodologia ezartzeko, baina EAEn daukagun errealitateari egokituta. Negozio-ereduan zirkulartasuna aztertzea du helburu metodologiak, betiere giltzarri diren lau dimentsiotik abiatuta: eragiketak; kultura eta antolakuntza; produktuak eta zerbitzuak; eta ekosistema.
- Dimentsio bakoitzaren arrakasta are gehiago hobetuko da baldin eta bezeroa eta gorabidean diren teknologietako aplikazioa erdigunean jartzen badira.
- Oro har, eraldaketa-bidaia hiru etapatan gertatzen da: lehenengo, enpresak zirkular bihurtzen dira barnean; ondoren, beren bezeroen zirkulartasuna ahalbidetzen dute; eta, azkenik, zirkulartasuna zabaltzen dute, onuragarria izan dadin inguruko ekosistema guztiarentzat.
- Ohikoa da bidaia guzti horretan zehar ekosistemari eta finantzari lotutako antolakuntza- nahiz kultura-oztopoak agertzea. Oztopo horiei aurre egiteko, beharrezkoa da enpresetan, lidergo sendoa ez ezik, kideen sarea eta beharrizanen nahiz finantza-baldintzen gaineko ulermen handia ere egotea.
Hala, enpresa horiek askotariko eremutan kokatu dira eta konponbideak proposatu dituzte, hala nola zerbitzu berritzaileak ezartzea bezeroei sortzen dituzten hondakinen kopurua murrizten laguntzeko eta ondoren egin beharreko birziklatze-prozesua errazteko, eta, bestetik, efizientzia handiagoko dosifikazio-sistemak garatzea, erabiltzaileek produktua aurreztu dezaten eta gutxienera murriztu dadin ontzien hondakinen sorrera.
Kimikaren sektorean nagusi diren enpresa multinazionalek erabiltzen duten metodologia
Finlandiako SITRA fundazioak diseinatutako metodologian oinarritu da proiektu hau, zeinak etorkizun arduratsua sortzen laguntzera bideratu baitu bere lana. Orain arte, kimikaren sektorean diharduten Eskandinaviako herrialdeetako eta Europako beste herrialde batzuetako (besteak beste, Alemania eta Herbehereetako) enpresa multinazionalek erabili izan dute hizpide dugun metodologia.
Enpresa batek bere bezeroei balioa eranstean izan ditzakeen gabeziak eta alderdi ahulak hautemateko helburua duten hainbat ariketek eta bederatzi tresnek osatzen dute metodologia. Horrez gain, honako gaitasun hauek ematen dizkie enpresei: balio potentzial handiena duten enpresa-eredu eta -azpieredu zirkularrak identifikatzekoa, eredu horietara heltzeko beharrezkoak diren antolakuntza- eta eragiketa-aldaketak zehaztekoa, eta, azkenik, zirkulartasunari dagokionez enpresek benetako abantaila lortu dezaten egin beharreko eraldaketa-plana eskaini eta gauzatzekoa.
Zirkulartasunean aurrera egiteko, beharrezkoa da enpresak, Gobernuak eta kontsumitzaileak elkarlanean aritzea
Proiektuan inplikatuta dauden enpresek adierazi dute aipatutako tresna ezartzeari esker berrikuntza-prozesuei buruzko beren pentsaeran beste ikuspuntu bat izatea lortu dutela; izan ere, modu praktikoan ikusi dute kostuak aurrezteko eta lehiakortasuna hobetzeko aukera ugari izan ditzaketela beren industria-eragiketetan ekonomia zirkularreko printzipioak aplikatuz gero. Hausnartzeko izugarrizko tresna da SITRA, negozio-plan batean aintzat hartu beharreko alderdi guztiak barne hartzen dituena, baina betiere zirkulartasunak eskaintzen dituen abantailak aprobetxatzera bideratuta", azaldu du Jon Kepa Izaguirrek, A&B Laboratorios de Biotecnología enpresako I+G+b ataleko zuzendariak.
.jpg)
Luis Blanco Urgoiti, AVEQ-KIMIKA enpresako idazkari nagusia, eta Susana Velasco, Hervel Electroquímica enpresako kudeatzailea, Basque Circular Summit 2022 goi-bileran egindako aurkezpenean, Irunen.
Funtsean, kimikaren sektoreko enpresa txiki eta ertainei zuzendutako eta horientzat beren-beregi egokitutako proiektua da, kontuan hartuta zailtasunak izan ditzaketela beren tamainagatik edo jasangarritasunaren gaineko azterlanak egiteko baliabide mugatuak izateagatik. Susana Velascok, Hervel Electroquímica enpresako kudeatzaileak, hauxe adierazi du: Gure enpresa oso txikia da eta ezin du denbora askorik eman hausnartzen; alabaina, bizirik iraun nahi badu, aurrea hartu behar die beti bezeroen nahiz gizartearen eskariei". Horrenbestez, eragile bakoitzak bere berrikuntza-arlo propioak diseinatu baditu ere, lehiakorra ez den parte-hartzaileen arteko harremanean eta lankidetzan egon da bereziki zentratuta, parte hartu duten enpresen ospea hobetzeko eta sinergiak sortzeko.
Bizkaiko Enpresa Kimikoen Elkartearekin (AVEQ Kimika) lankidetzan, programa honek banakako berrikuntza-esparruak identifikatu eta diseinatu ditu enpresa parte-hartzaile bakoitzarentzat
Horren harira, Luis Blanco Urgoitik, AVEQ-KIMIKA enpresako idazkari nagusiak eta prozesua sustatzen dabilen eragile bitartekariak, lankidetza publiko-pribatuak duen garrantzia nabarmendu du: SITRAren argitalpena informazio-iturri bikaina da jasangarriagoak diren eta ekonomia zirkularrean oinarrituta dauden negozio-ereduak ezartzeko interesa duten enpresentzat. Hala eta guztiz ere, oso garrantzitsua da kontuan hartzea ekonomia zirkularra eraginkortasunez ezartzeko lana ez dagokiola soilik industriari, ikuspegi integratua eta alderdi interesdunen (enpresak, gobernuak eta kontsumitzaileak barne) arteko lankidetza ere beharrezkoak baitira".
ETE Zirkularra 2021 laguntza-programa
Hizpide dugun proiektu berria ETE Zirkularra 2021 laguntza-programan sartzen da, zeina Ihobek kudeatzen baitu eta zeinak, guztira, 1.000.000 euroko aurrekontua izan baitu Euskadiko enpresa txiki eta ertainetan ekonomia zirkularreko estrategiak aplikatzen laguntzeko helburua betetze aldera. Eusko Jaurlaritzaren deialdia da, eta motibaziozko proiektu berritzaileen garapena sustatzea du xede; proiektu horiek taldean lan egin nahiz ikasteko prozesua eta banakako jarduketen garapena nahiz ezarpena uztartuko dituzte, zirkularragoa den trantsiziorantz bideratutako metodologia edo tresna berriak erabiltzen laguntzeko.
Hauexek dira proiektuaren xedeak: batetik, Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030ean ezarritako helburuak betetzea; bestetik, enpresa-jarduera jasangarriak sortzea, Euskadiko ekonomia berdea suspertzeko, lehiakortasuna hobetzeko nahiz enplegu kualifikatua sortzeko. Horretarako, 49.511 euroko aurrekontu-zuzkidura esleitu zaio proiektuari, zeinari esker inplikatutako enpresen marka berdearen posizionamendua hobetu baita; gainera, zenbateko horrek prozesu osoaren kostua estali du.
Fuente: Ihobe