Skip to main content
2026ko martxoaren 17a
  • Ekonomia zirkularra
  • Ekodiseinua

Ihobek plastikoaren eta kimikaren sektoreetako enpresetan ekonomia zirkularra bultzatu du ETE Zirkularra 2021 laguntza-programari esker

Ihobek plastikoaren eta kimikaren sektoreetako enpresetan ekonomia zirkularra bultzatu du ETE Zirkularra 2021 laguntza-programari esker
Geroz eta zorrotzagoak diren araudiei eta lehengaien kostuetan egondako igoerari erantzute aldera, enpresek ikusi dute funtsezkoa dela ekonomia zirkularra ezarri eta txertatzea beren prozesu eta produktuetan. Negozio zirkularren ereduetan hazteko aukera gehiago egoteagatik gertatzen da hori; izan ere, ekonomia linealeko ohiko ereduen berezko efizientzia-ezak ekiditen dituzte eta, bidenabar, jasangarritasunari eta hondakinak desagerrarazteari lotutako legezko murrizketa eta araudi berriei aurrea hartzen diete.

Industria kimikoak funtsezko papera jokatzen du jasangarritasunerako aldaketa sustatzen: balio-kate guztietan dago eta, hortaz, zirkulartasuna ahalbidetzen lagundu dezake, bai eta aldaketarako aliatu gisa jardun ere. Víctor Lozanok, Fabriplast Sader enpresako zuzendari kudeatzaileak, honela dio: “Balio-kate osoan zehar konplizitatea egotea ezinbestekoa da zirkulartasunerantz aurrera egiteko; funtsezkoa da modu aktiboan inplikatzea bezeroak eta hornitzaileak".

Hori dela eta, balio-katean eragin positiboa duten lankidetza-proiektuak gauzatu beharra dago, bai eta lotutako sektoreetan ezagutzak eta emaitzak helaraztea bultzatzea ere. Gauzak horrela, erakargarriagoak diren ekosistemak sortuko dira, sektore arteko harreman eta inbertsio berriak bultzatzeko gai direnak.

Ihobek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak plastikoaren eta kimikaren sektoreetako bost euskal ETEri lagundu die balio potentzial handiko enpresa-eredu zirkular berriak identifikatzen

Ildo horretatik, A&B Laboratorios de Biotecnología, Hervel Electroquímica, Industrias Químicas Irurena, DTS Oabe eta Fabriplast Sader enpresek lan egin dute SITRAk garatutako metodologia ezartzeko, baina EAEn daukagun errealitateari egokituta. Negozio-ereduan zirkulartasuna aztertzea du helburu metodologiak, betiere giltzarri diren lau dimentsiotik abiatuta: eragiketak; kultura eta antolakuntza; produktuak eta zerbitzuak; eta ekosistema.


  • Dimentsio bakoitzaren arrakasta are gehiago hobetuko da baldin eta bezeroa eta gorabidean diren teknologietako aplikazioa erdigunean jartzen badira.
  • Oro har, eraldaketa-bidaia hiru etapatan gertatzen da: lehenengo, enpresak zirkular bihurtzen dira barnean; ondoren, beren bezeroen zirkulartasuna ahalbidetzen dute; eta, azkenik, zirkulartasuna zabaltzen dute, onuragarria izan dadin inguruko ekosistema guztiarentzat.
  • Ohikoa da bidaia guzti horretan zehar ekosistemari eta finantzari lotutako antolakuntza- nahiz kultura-oztopoak agertzea.• Oztopo horiei aurre egiteko, beharrezkoa da enpresetan, lidergo sendoa ez ezik, kideen sarea eta beharrizanen nahiz finantza-baldintzen gaineko ulermen handia ere egotea.

Hala, enpresa horiek askotariko eremutan kokatu dira eta konponbideak proposatu dituzte, hala nola zerbitzu berritzaileak ezartzea —bezeroei sortzen dituzten hondakinen kopurua murrizten laguntzeko eta ondoren egin beharreko birziklatze-prozesua errazteko—, eta, bestetik, efizientzia handiagoko dosifikazio-sistemak garatzea, erabiltzaileek produktua aurreztu dezaten eta gutxienera murriztu dadin ontzien hondakinen sorrera.

Kimikaren sektorean nagusi diren enpresa multinazionalek erabiltzen duten metodologia


Finlandiako SITRA fundazioak diseinatutako metodologian oinarritu da proiektu hau, zeinak etorkizun arduratsua sortzen laguntzera bideratu baitu bere lana. Orain arte, kimikaren sektorean diharduten Eskandinaviako herrialdeetako eta Europako beste herrialde batzuetako (besteak beste, Alemania eta Herbehereetako) enpresa multinazionalek erabili izan dute hizpide dugun metodologia.

Enpresa batek bere bezeroei balioa eranstean izan ditzakeen gabeziak eta alderdi ahulak hautemateko helburua duten hainbat ariketek eta bederatzi tresnek osatzen dute metodologia. Horrez gain, honako gaitasun hauek ematen dizkie enpresei: balio potentzial handiena duten enpresa-eredu eta -azpieredu zirkularrak identifikatzekoa, eredu horietara heltzeko beharrezkoak diren antolakuntza- eta eragiketa-aldaketak zehaztekoa, eta, azkenik, zirkulartasunari dagokionez enpresek benetako abantaila lortu dezaten egin beharreko eraldaketa-plana eskaini eta gauzatzekoa.

Zirkulartasunean aurrera egiteko, beharrezkoa da enpresak, Gobernuak eta kontsumitzaileak elkarlanean aritzea


Proiektuan inplikatuta dauden enpresek adierazi dute aipatutako tresna ezartzeari esker berrikuntza-prozesuei buruzko beren pentsaeran beste ikuspuntu bat izatea lortu dutela; izan ere, modu praktikoan ikusi dute kostuak aurrezteko eta lehiakortasuna hobetzeko aukera ugari izan ditzaketela beren industria-eragiketetan ekonomia zirkularreko printzipioak aplikatuz gero. “Hausnartzeko izugarrizko tresna da SITRA, negozio-plan batean aintzat hartu beharreko alderdi guztiak barne hartzen dituena, baina betiere zirkulartasunak eskaintzen dituen abantailak aprobetxatzera bideratuta", azaldu du Jon Kepa Izaguirrek, A&B Laboratorios de Biotecnología enpresako I+G+b ataleko zuzendariak.

Luis Blanco Urgoiti, AVEQ-KIMIKA enpresako idazkari nagusia, eta Susana Velasco, Hervel Electroquímica enpresako kudeatzailea, Basque Circular Summit 2022 goi-bileran egindako aurkezpenean, Irunen.

Funtsean, kimikaren sektoreko enpresa txiki eta ertainei zuzendutako eta horientzat beren-beregi egokitutako proiektua da, kontuan hartuta zailtasunak izan ditzaketela beren tamainagatik edo jasangarritasunaren gaineko azterlanak egiteko baliabide mugatuak izateagatik. Susana Velascok, Hervel Electroquímica enpresako kudeatzaileak, hauxe adierazi du: “Gure enpresa oso txikia da eta ezin du denbora askorik eman hausnartzen; alabaina, bizirik iraun nahi badu, aurrea hartu behar die beti bezeroen nahiz gizartearen eskariei". Horrenbestez, eragile bakoitzak bere berrikuntza-arlo propioak diseinatu baditu ere, lehiakorra ez den parte-hartzaileen arteko harremanean eta lankidetzan egon da bereziki zentratuta, parte hartu duten enpresen ospea hobetzeko eta sinergiak sortzeko.

Bizkaiko Enpresa Kimikoen Elkartearekin (AVEQ – Kimika) lankidetzan, programa honek banakako berrikuntza-esparruak identifikatu eta diseinatu ditu enpresa parte-hartzaile bakoitzarentzat

Horren harira, Luis Blanco Urgoitik, AVEQ-KIMIKA enpresako idazkari nagusiak eta prozesua sustatzen dabilen eragile bitartekariak, lankidetza publiko-pribatuak duen garrantzia nabarmendu du: “SITRAren argitalpena informazio-iturri bikaina da jasangarriagoak diren eta ekonomia zirkularrean oinarrituta dauden negozio-ereduak ezartzeko interesa duten enpresentzat. Hala eta guztiz ere, oso garrantzitsua da kontuan hartzea ekonomia zirkularra eraginkortasunez ezartzeko lana ez dagokiola soilik industriari, ikuspegi integratua eta alderdi interesdunen (enpresak, gobernuak eta kontsumitzaileak barne) arteko lankidetza ere beharrezkoak baitira".

ETE Zirkularra 2021 laguntza-programa


Hizpide dugun proiektu berria ETE Zirkularra 2021 laguntza-programan sartzen da, zeina Ihobek kudeatzen baitu eta zeinak, guztira, 1.000.000 euroko aurrekontua izan baitu Euskadiko enpresa txiki eta ertainetan ekonomia zirkularreko estrategiak aplikatzen laguntzeko helburua betetze aldera. Eusko Jaurlaritzaren deialdia da, eta motibaziozko proiektu berritzaileen garapena sustatzea du xede; proiektu horiek taldean lan egin nahiz ikasteko prozesua eta banakako jarduketen garapena nahiz ezarpena uztartuko dituzte, zirkularragoa den trantsiziorantz bideratutako metodologia edo tresna berriak erabiltzen laguntzeko.

Hauexek dira proiektuaren xedeak: batetik, Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030ean ezarritako helburuak betetzea; bestetik, enpresa-jarduera jasangarriak sortzea, Euskadiko ekonomia berdea suspertzeko, lehiakortasuna hobetzeko nahiz enplegu kualifikatua sortzeko. Horretarako, 49.511 euroko aurrekontu-zuzkidura esleitu zaio proiektuari, zeinari esker inplikatutako enpresen marka berdearen posizionamendua hobetu baita; gainera, zenbateko horrek prozesu osoaren kostua estali du.



Informazio gehiago


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko maiatzaren 14a
  • Ekonomia zirkularra
Enpresek ekonomia jasangarriranzko trantsizioa egiteko arriskuei aurrea hartzeko eta haiek kudeatzeko gida argitaratu du Ihobek
2026ko maiatzaren 7a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadiko sei industriek ekonomia zirkularraren aldeko apustua erakusten dute, Ihoberen Bermanufakturako Bikaintasunaren Eskuliburu Praktiko berria aplikatuz
2026ko apirilaren 30a
  • Ekonomia zirkularra
Euskadik materialen fluxuak aztertu ditu, eta industriarako funtsezkoak diren baliabideetan kanpo-mendekotasuna duela egiaztatu du
2026ko apirilaren 23a
  • Ekodiseinua
Ihobek eta EHUk ekonomia zirkularrera bideratutako ekodiseinuko prestakuntza berria bultzatzen dute