Pasar al contenido principal
27 jul 2023

Euskadik irailean egingo du ASTEKLIMA-Klima eta Energiaren Astearen laugarren edizioa

Euskadik irailean egingo du ASTEKLIMA-Klima eta Energiaren Astearen laugarren edizioa

ASTEKLIMA 2023 irailaren 22tik urriaren 1era itzuliko da, Euskadiko bazter guztiak ehunka jarduerarekin betetzeko eta, beste behin ere, klima aldaketa euskal herritarren agendan txertatzeko, ‘ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da’ lelopean

ASTEKLIMA 2023k EAEko hiru lurralde historikoetara zabalduko du jarduerez jositako egutegia: tailerrak, hitzaldiak, interpretazio txangoak, jokoak eta beste esperientzia batzuk. Jarduera horiek aproposak izango dira euskal gizarteko era guztietako ikusleentzat –kasu askotan, guzti-guztientzat–. Hala, klima aldaketak dakartzan erronkak ezagutzeko aukera izango dute, eta gaur egungo eta etorkizuneko erronka klimatikoei eta energetikoei aurre egin ahal izateko tokiko jardunak duen garrantzia ulertuko dute.


Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen laugarren edizioa izango da aurtengoa. 2019an sortu zuten, herritarrak kontzientziatzeko eta klima aldaketari aurre egiteko konpromiso pertsonalerantz mobilizatzeko.


2022ko aurreko edizioan, 58 udalek, mankomunitate batek eta hiru administrazio batzarrek hartu zuten ekintza klimatikoari begirako konpromisoa, eta baita sektore pribatuko hiru elkartek eta bost erakundek ere. Horri esker, 200 jarduera baino gehiago antolatu ahal izan ziren, udalerrien eta herritarren ekintza ardatz hartuta, klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren erronka dela-eta herritarrak mobilizatzeko eta gaia euren agendan txertatzeko.

Beste esperientzia batzuen artean, tokiko ekoberrikuntza klimatikoko proiektuen aurkezpenak egin ziren, hala nola Oñatiko (Gipuzkoa) Natur Eskolan, bioeraikuntza soluzioak eta naturan oinarritutako soluzioak txertatuta birgaitutako eskolan; edo klima aldaketari, berrerabilerari, birziklapenari, robotikari, kosmetika naturalari, konposta egiteari eta beste hainbat gairi buruzko tailerrak; bai eta herritarren boluntariotza ekimenak ere, hala nola itsas hondoen garbiketak, landaketak edo zaborra jasotzea; edo gure ingurunea ezagutzeko txangoak eta ibilbideak, zein kultur proposamenak: antzerkia, kontzertuak, ipuin kontaketak edo horma irudiak.



ASTEKLIMAren edizio hartako beste jarduera nabarmenetako bat “Ondare naturalean ekintza klimatikoa bultzatzeko tresnak” jardunaldia izan zen, non Ihobe sozietate publikoak ondare naturalean ekintza klimatikoa bultzatzen duten tresnen bilduma berritzaile bat aurkeztu zuen (metodologiak, analisi tresnak, kalkulu tresnak eta kasu praktikoak), klima aldaketak Euskadiko ondare naturalean dituen ondorioei buruzko diagnostiko prozesua sinplifikatzeko asmoz.




Laguntzak toki erakundeei


ASTEKLIMA 2023 toki erakundeen zein herritarren parte hartzea eta inplikazioa areagotzeko bokazioarekin itzuli da, eta, herritarrak mobilizatzeko jardueren antolaketa errazteko, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 200.000 euro arte bideratuko ditu laguntzetan.

Deialdi honi esker, diruz lagunduko dira, besteak beste, hitzaldiak, jardunaldiak, tailerrak, erakusketak, ipuin kontaketa, zinema, antzerkia, bideo lehiaketak zein argazki lehiaketak, bisita gidatuak edo ate irekiko jardunaldiak, betiere, Euskadiko Itun Berdearen garapen bidezko eta jasangarrirako helburuekin bat baldin badatoz. Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udal, eskualde bulego, mankomunitate, koadrila eta garapen agentziak eskuratu ahal izango ditu laguntza horiek.

2023ko irailaren 22aren ondoren hasi eta urriaren 1a baino lehen amaitzen diren ekintzak bakarrik lagunduko dira diruz, bi egun horiek barne. Eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da 2023ko uztailaren 7tik abuztuaren 7ra; dena den, laguntzen deialdiari buruzko informazio guztia eskura dago esteka honetan.

Bestalde, ASTEKLIMA 2023 ekimenari buruzko informazio eguneratua, albiste interesgarriak eta jardueren egutegia barne, Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen webgune ofizialean agertuko da, pixkana-pixkana: www.asteklima.eus.

Fuente: Ihobe

También te puede interesar

08 jun 2026
  • Cambio climático
Comienzan las obras de la actuación LIFE IP Urban Klima 2050 en el malecón de Zarautz
08 jun 2026
  • Comunicación ambiental
  • Corporativo
Las soluciones naturales en la educación ambiental, la medición ambiental e IA, y cómo contar el cambio climático, ejes temáticos de los cursos de verano 2026 de Ihobe
05 jun 2026
  • Cambio climático
  • Educación ambiental
Ekoetxea Urdaibai inaugura su nueva exposición permanente para comprender las causas y consecuencias del cambio climático en el territorio
05 jun 2026
  • Acción ciudadana
Ihobe acercará la sostenibilidad a la ciudadanía en Bioterra 2026 con un juego de escape sobre cambio climático