Pasar al contenido principal
23 sep 2021
  • Economía circular

Ihobek ekonomia zirkularrari buruzko ezagutza konpartitu du Iberoamerikar Idazkaritza Nagusiak antolatutako goi mailako nazioarteko panel batean

Ihobek ekonomia zirkularrari buruzko ezagutza konpartitu du Iberoamerikar Idazkaritza Nagusiak antolatutako goi mailako nazioarteko panel batean

Nazioarteko panela baliagarria izan da ekonomia zirkularraren alorrean Iberoamerikan abiatu diren nazioarteko, tokiko eta enpresaren alorreko ekimenak bistaratzeko; bertan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Ihobe – Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak aurkeztu ditu ekonomia zirkularraren alorrean gauzatzen ari den proiektuak, hala nola indarrean dagoen ekonomia zirkularraren euskal estrategia eta etorkizuneko hondakinen plana.

Alexander Boto Bastegietak, Ihobeko zuzendari nagusiak, honako hauekin batera parte hartu du jardunaldian: Piedad Martín, PNUMAren Latinoamerika eta Kariberako eskualde-zuzendaria; Milagros De Champs, Dominikar Errepublikako Ingurumen eta Baliabide Naturalen Ministerioko Nazioarteko Lankidetzarako ministrordea; Luisa Santiago, Ellen Macarthur Fundazioaren Latinoamerikarako zuzendaria; eta José Manuel Moller, Algramoko CEO. Ingurumenaren Iberoamerikar Astearen baitan gauzatutako jardunaldia baliagarria izan da ekonomia zirkularraren inguruan eskualde horretan abiatuta dauden nazioarteko, tokiko eta enpresaren alorreko ekimenak bistaratzeko.

Iberoamerikar Idazkaritza Nagusia (SEGIB), panelaren antolatzailea, iberoamerikar komunitatea osatzen duten 22 herrialdeei laguntzen dien nazioarteko erakunde bat da. Herrialde horretan sartzen dira Latinoamerikako 19 herrialde gaztelaniadun eta portugesdunak eta Iberiar Penintsulako hirurak, hots, Espainia, Portugal eta Andorra. Iberoamerikako Estatu eta Gobernu Buruen Goi Bilerak antolatzen laguntzen du, haien aginduak betez eta Iberoamerikar Lankidetza hezkuntza, gizarte-kohesio eta kulturaren alorretan bultzatuz. Atlantikoren bi aldeetako iberoamerikar herrialdeak konbergentzia, lan, jarraipen eta akordioetarako biltzen dituen espazio ofizial bakarra da.

Euskadi, ekonomia zirkularraren alorrean aurreratutako eskualdea

Euskadik hainbat urte daramatza ekonomia zirkularraren alorrean arrakastaz lan egiten. Ekonomia zirkularra baliabideak erabiltzeko modu berri bat da, eta, hortaz, ingurumenarekin erlazionatzeko modu berri bat ere bai. Mende honetan, euskal ekonomia % 26 hazi da, eta, garai berean, materialen kontsumoa % 25 gutxitu da eta hondakindegietan bukatzen duten hiri-hondakinen bolumena % 56 jaitsi da. Eta euskal ekonomia lortzen ari da materialen kontsumoa eta hondakinen sorrera murriztea ekonomia zirkularreko neurriak bultzatzearen bitartez.

Jokaleku horretan kokatzen da Ihobeko zuzendariak aurkeztutako Euskadiko Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategia, zeren beraren helburua baliabideak efizientzia handiagoz erabiltzen dituen ekonomiara zuzendutako trantsizioa bultzatzea baita, ekoizpen eta kontsumo eredu berri batera orientatutako berrikuntzaren bitartez, betiere herritarrak, enpresak eta Administrazioa modu eraginkorrean inplikatzen dituen lankidetza publiko-pribatuaren bidez.

Bere hitzaldian, gainera, Alexander Boto Bastegietak Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030erako Planaren gako batzuk aurreratu ditu; Plan hori Euskal Autonomia Erkidegoko hondakinen alorreko plangintza-tresna bat da, Eusko Jaurlaritza lantzen ari dena. 2020era arte indarrean egon den aurreko plana ordeztuko du, eta berari esker aurrera egin ahal izango da gure lurraldeko hondakinen prebentzio, kudeaketa eta tratamenduan, hondakin hauek dagokienez: hondakin arriskutsuak, ez-arriskutsuak, eraikuntza eta eraispeneko hondakinak eta udal hondakinak.
Plan horren lanketa baldintzatuta dago Ekonomia Zirkularraren garapenari Europatik ematen ari zaion bultzada sendoagatik, zeren estu lotuta baitago berarekin; halaber, kontuan hartu behar du klima-aldaketaren mehatxu globala, zeren hondakinen sektorea CO2 isurien eragilea baita.

Halaber, Ihobeko zuzendari nagusiak gogoratu die bertaratutako pertsonei Euskadik Basque Green Deal izenekoa aurkeztu berri duela, hots, garapen berde, bidezko eta jasangarrirako bide-orri berria. Beraren eraldaketa-eragile nagusiak industria eta teknologia izango dira, eta legegintza-tresna garrantzitsuak izango ditu, hala nola Trantsizio Energetiko eta Klima-aldaketaren Legea edo Natura-ondarearen Legea.


Fuente: Ihobe

También te puede interesar

14 may 2026
  • Economía circular
Ihobe publica una guía para anticipar y gestionar los riesgos de transición de las empresas hacia una economía sostenible
07 may 2026
  • Economía circular
Seis industrias vascas refuerzan su apuesta por la economía circular aplicando el nuevo Manual Práctico de Excelencia en Remanufactura de Ihobe
30 abr 2026
  • Economía circular
Euskadi analiza sus flujos de materiales y constata su dependencia exterior en recursos clave para la industria
16 abr 2026
  • Economía circular
Asegurar el suministro de materiales, aumentar la autosuficiencia e impulsar productos sostenibles europeos, claves en la economía circular de Euskadi para 2026