- Corporativo
Ihobek 2022ko lehen hiruhilekoko bere aurrerapen garrantzitsuenen laburpena aurkeztu du
Legeria berria garatzeko laguntzari dagokionez, urtarrilean Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Legearen aurreproiektuaren entzunaldiaren eta jendaurreko informazioaren izapidea argitaratu zen; legearen helburuak dira Euskadin klima-neutraltasuna 2050. urtean beranduenez lortzea eta lurraldearen erresilientzia handitzea. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinei buruzko Dekretu-proiektuari buruzko aurretiazko kontsulta publikoaren fasea ere hasi da, eta 2021eko Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren laguntzen ebazpenen argitalpena abian jarri da.
Aurtengo helburua da 50 gaztek praktikak egitea ekonomia zirkularraren arloan beste hainbat enpresatan
Enplegu eta ekintzailetza berdeko programei dagokienez, Ihobe lanean ari da Gasteizko Udalarekin hitzarmen bat sinatzeko Basque Circular Hub-en egoitza berri bat ezartzeko. Era berean, nabarmentzekoa da Circular Berrindartzea 2022 Programa martxan jarri izana, oinarrien definizioa, Novia Salcedo Fundazioarekiko koordinazioa eta enpresak erakartzea barne.
Ihoberen Klima-ekintzaren arloa karbono-aztarnaren tresna baten diseinuan parte hartzen ari da, erakundeei aztarnak modu homogeneoan erregistratzeko aukera emango diena. Bestalde, martxoan Ihoberen klima-tresnen aurkezpena egin da, bai lehendik daudenena, bai berri batzuena. LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan, herritarren sentsibilizazio-plan bat diseinatzeari ekin zaio, baita tokiko erakunde eta udalerrientzako berotegi-efektuko gasen isuriak kalkulatzeko tresnak diseinatzeari eta EAEko udalerrietako Alkateen Klima eta Energia Itunari atxikitzea bultzatzeko estrategiari ere.
Ihobek Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren 2024 Plana hedatzen jarraitu du. Urteko lehen hiruhilekoan zehar, Basque Ecodesign Center-en (BEdC) urteko planaren 50 proiektu baino gehiago abiatu dira. Bestalde, martxoaren 11n egin zen BEdCren Batzorde Estrategikoaren bilera, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua buru zuela, eta bertan zaintza-txosten estrategikoa aurkeztu zen. Gainera, onetsi da Euskadiko Kutxa eta Uvesco erakundeak Basque Ecodesign Center-en sartzea: 16 trakzio-erakunde ditu honezkero. ETE Zirkularra Euskadi 2021 ekimenaren esparruan abian jarritako laguntzen lehen lerroak 2021aren amaieran 106 ETEk parte hartzen duten tarteko eragileei esleitutako 12 proiektuak abiarazi ditu.
Aldi berean, aurrera egin da Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030erako Planaren hedapenean. Besteak beste, zabortegien ibilbide-orria hasi da 2030erako isurketa-bolumen nahikoa bermatzeko.
Udal Jasangarrien Euskal Sareak-Udalsarea 2030ek prest du dagoeneko tokiko ekintza jasangarria eta Euskadiko tokiko 2030 Agenda bultzatzeko Akordio berriaren testua, hau da, datozen 4 urteetan Sarea berritzeko hitzarmen berria. Halaber, Udalsarea 2030en bosgarren Plan Estrategikoa prestatzen ari da, horizontea 2025. urtean jarrita.
Aipagarriak dira, era berean, Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Berdearen Programa 2030erako lehen 7 atxikimenduak. Gainera, baldintza-agirien ingurumen-egokitzapenerako zerbitzua eskaintzen jarraitu da, eta 19 laguntza eman dira.
Ekoetxea jasangarritasunerako hezkuntza-zentroen sarea, sozietate publiko honek kudeatzen duena, sarearen eraldaketa digitala bultzatzeko estrategia baten hedapenean sartu da.
Ihobek nazioarteko sareetan parte hartzen jarraitu du. Horrela, Encore, Regions4 eta Under2 Coalition batzorde exekutiboen bileretan parte hartu du; Regions4-eko Euskadiren 2024ra arteko Lehendakaritza berritzea kudeatu du; EuroFound Foundation Forum 2022 ekitaldian parte hartzera gonbidatu dute; eta ingurumen-hezkuntzaren euskal estrategiaren aurkezpena bultzatu du Ingurumen Hezkuntzako Mundu Biltzarraren esparruan. Azkenik, Moraviako (Txekiar Errepublika) gobernuaren ordezkaritza bat jaso du, baita Herbehereetako Radboud-eko (Nimega) Unibertsitateko ikasle-talde bat ere, Euskadik ingurumen-kudeaketan duen esperientzia partekatzeko.
Ihoberen Aurrerapen Txostenak hiru hilean behingo dokumentuak dira. Haiei esker, bere bezeroek eta erakunde hornitzaileek eta, oro har, herritarrek ezagut ditzakete Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako sozietate publiko honen jardueraren garapenean izandako aurrerapen nagusiak.
Fuente: Ihobe