- Ecodiseño
- Economía circular
Ihobek ekonomia zirkularra bultzatzeko ekodiseinu- eta zerbitizazio-gidaliburu berriak aurkeztu ditu
Aurkezpena gaur Bilbon egin den Europako esparru berria, ekodiseinua bultzatzeko ekonomia zirkularraren ezinbesteko bitarteko moduan jardunaldian egin da
Eskuliburu horien edukiak ekonomia zirkularrera bideratuta daude. "Europako esparru berria, ekodiseinua bultzatzeko ekonomia zirkularraren ezinbesteko bitarteko moduan" izeneko jardunaldiaren esparruan, Ihobek euskal enpresei ekodiseinua ezagutzen eta aplikatzen laguntzeko garatutako tresnak erakutsi ditu, eta Europako Parlamentuak joan den apirilaren 23an onartutako produktu jasangarrien ekodiseinurako Europako Erregelamendu berriaren alderdietan sakondu du.
.jpg)
200 enpresa inguru izan dira, eta Ihobeko teknikariek, euskal profesional eta enpresekin batera, ekonomia zirkularrerako ekodiseinu- eta zerbitizazio-eskuliburuak aurkeztu dituzte. Eskuliburu horiei esker, enpresek bat egin ahal izango dute produktu jasangarrien Ekodiseinurako Europako Erregelamenduaren jarraibideekin. Araudi horrek zabaldu egin du EBko merkatuan merkaturatutako ondasun mota guztietarako (altzairua, ehunak, altzariak, pneumatikoak eta produktu kimikoak barne) errendimendu- eta informazio-baldintzak ezartzeko egungo legeriaren norainokoa.
Merkatu bakarrean produktu jasangarrien zirkulazioa errazteko, Erregelamenduak, gainera, "produktuaren pasaporte digital" berria finkatu du. Pasaporte horrek produktuaren ingurumen-jasangarritasunari buruzko informazioa emango du.
Testuinguru horretan, Ihobek Climate & Circularity Calculator izeneko tresna digital berriaren aukerak azaldu ditu. Ihobek doan jartzen du tresna hori erakundeen zerbitzura, karbono-aztarna, ingurumen-aztarna eta ekonomia zirkularraren inguruko adierazle sorta bat kalkulatu ahal izateko.
Ekonomia zirkularrerako ekodiseinu-eskuliburua
Argitalpen berri honen helburua da enpresei produktuak diseinatzean ingurumen-irizpideak txertatzeko eta zirkulartasun-ikuspegia gaineratzeko jarraibideak eskaintzea, baita norabide horretan lehen urratsak egiteko tresna sinple batzuk emateko ere. Eskuliburua ekodiseinuaren bidez eta ekonomia zirkularrerantz aurrera egiteko ingurumen-hobekuntzako planak ezartzearen bidez beren produktuen ingurumen-profila hobetu nahi duten enpresei zuzenduta dago.
Aurreko eskuliburuak ekodiseinu tradizionala aztertzen zuen, bizi-zikloaren ikuspegitik (Life Cycle Thinking) soilik, zirkulartasunari lotutako alderdietan sakondu gabe. Ihoberen eskuliburuaren bertsio berriak, berriz, ikuspegi osatuagoa eskaintzen du eta ekodiseinu zirkularra inplementatzeko beharrezkoak diren jarraibideak ematen ditu.
Metodologia zazpi etapatan egituratuta dago: proiektu bat prestatzea, produktuaren ingurumen-azterketa egitea, hobetzeko proposamenak zehaztea, produktu berria garatzea, emaitzak ebaluatzea eta, horren arabera, ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren arloko ekintza-plan bat taxutzea, eta, azkenik, funtsezko eragileei lortutako aurrerapenak argi eta garbi jakinaraztea.
Zerbitizaziorako gidaliburua: produktutik negozio-eredura ekonomia zirkular baterako
Zerbitizazio terminoak produktuei zerbitzuak gehitzearen bidez balioa sortzeko prozesua adierazten du. Zerbitizazioaren bidez, bezeroei balio-proposamen berriak definitzen zaizkie, eta proposamen horiek produktuak (ondasun ukigarriak) eta hari lotutako zerbitzu sorta bat barne hartzen dituzte.
Zerbitzu osagarriak gehitzeak, jabetzaren gaineko kudeaketan esku hartzearekin eta produktua ekodiseinatzearekin batera, aukera ematen du produktu eta zerbitzuen eskaintzak garatzeko eta, era horretan, bezeroaren behar jakin bati erantzuteko. Zerbitizazioari esker, produktu baten ingurumen-profila hobetzen da, ekodiseinu-estrategien aplikazioa, fabrikatutako produktu-unitateen murrizketa eta, horren ondorioz, lehengaien erabileraren murrizketa sustatzen baititu. Helburua da produktu bat fabrikatzea eta saltzea oinarri duen negozio-eredu tradizionaletik beste negozio-eredu batera igarotzea. Eredu berri horrek zerbitzu osagarriak, jabetza-eredu berri bat eta ekodiseinuaren bidez hobetutako produktu bat eskainiko ditu, ingurumen-inpaktua txikiagotzeko.
Produktutik negozio-eredura: zerbitizazioa ekonomia zirkular batean izenburuarekin, Ihobek produktu propioa eta hura diseinatzeko ahalmena duten industria-enpresetan negozio-ereduaren trantsizio horretan laguntzeko metodologia bat eskaintzen du. Zazpi etapa ditu, eta metodologia proiektuaren prestaketarekin hasten da. Zerbitizatu beharreko produktua zehaztu eta hasierako negozio-eredua aztertzen da, eta, horretan oinarrituta, zerbitzu osagarriak ezarriko dituen negozio-eredu berria zehaztuko da. Ondoren, produktuaren jabetzaren kudeaketaren gaineko esku-hartzea aztertzen da, baita horrekin batera sortuko diren ekodiseinu-aukera berriak ere. Azken etapetan, negozio-eredu posibleak eta haien alternatibak zehazten dira, eta, azkenik, emaitzak ebaluatzen dira, negozio-eredu berria abiapuntuko egoerarekin alderatuta, eta ekonomia zirkularrarekin bat datorren ekintza-plan bat garatzen da.
Basque Circular Summit izenekoaren hurrengo edizioa
Jardunaldiaren barruan iragarri denez, Basque Circular Summit 2025 izenekoaren hurrengo edizioa apirilaren 2, 3 eta 4an egingo da, Bilboko Euskalduna Jauregian
Jardunaldiaren barruan, Ihobek Basque Circular Summit ekitaldiaren datorren urteko edizioaren dataren berri eman die bertaratuei. Ekitaldi hori ekonomia zirkularrari buruzko ekitaldirik garrantzitsuena da Europako hegoaldean. 2025eko apirilaren 2, 3 eta 4an egingo da, Bilboko Euskalduna Jauregian, eta industriaren eta ingurumenaren arloetako Europa osoko profesionalak eta espezialistak bilduko ditu, eredu zirkular baterako trantsizioak Europar Batasunean izango dituen inplikazioak aztertzeko.
Ekitaldiak 800 pertsona baino gehiago bildu zituen 2022ko edizioan, eta ekonomia zirkularraren erronkak eta aukerak aztertzeko aukera emango die Euskadiko enpresei eta ehun sozioekonomiko osoari. Era berean, egindako lana baloratuko du, jarduketa berriak egiteko inspirazio-iturri gisa.
Fuente: Ihobe
.png)
