Pasar al contenido principal
01 feb 2017

Gasteizko Udalean erosketa publiko berdea sustatzea kontratazio sozialki arduratsu eta jasangarrirako jarraibidea emanez

Gasteizko Udalean erosketa publiko berdea sustatzea kontratazio sozialki arduratsu eta jasangarrirako jarraibidea emanez
Descargar

Buenas prácticas ambientales disponibles en: EU

Deskribapena:

Iragan abenduan, Gasteizko Udalak kontratazio sozialki arduratsu eta jasangarrirako jarraibidea onartu zuen udalbatzan, bi urteko lanaren ostean.

Jarraibideak lantzeko prozesua udaleko sail askoren arteko elkarlanaren eta adostasunaren fruitu da. Ogasun Departamenduaren lidergoarekin eraman da aurrera prozesua, eta Gizarte Ekintza eta Ingurumen Departamenduak eta Departamendu Juridikoak ere garrantzi berezia izan dute. Azken horren zeregina onartutako jarraibideak legea betetzen duela bermatzea izan da.

Jarraibideen helburu nagusia Gasteizko Udalaren egungo kontratazio sistema modu eraginkorrean egituratzea da, administrazioaren kontratazioaren berezko helburuak eta printzipioak beste arlo batzuetakoekin uztartzeko asmoz, adibidez jasangarritasuna, lana eta gizarteratzea, ingurumena, genero-berdintasuna, garapenerako lankidetza eta hizkuntza-politika.

Prozesuari esker, udalaren kontratazioen ardura duten teknikariei argi eta zehatz adierazten zaie zein eratara egin behar den kontratazioa, konpromiso horiek guztiak betetzen direla bermatuz. Hala, baliabideen erabilera minimizatu eta sortutako sinergiak baliatzeaz gain, Gasteizko Udalak hartutako konpromiso guztiak jarraibide bakar batean bilduta izatea lortu da.

Jarraibide horrek aipatutako arloei lotutako irizpideak edo kontsiderazioak kontratazio-fase guztietan non eta nola sar daitezkeen definitzen du (prestaketa-fasea, esleipen-fasea eta egikaritze-fasea). Aipatutako kontsiderazioak kontratuaren xedean nola sartu zehazten da agirian, baita zehaztapen teknikoak, gaitasun teknikoa, esleipen-irizpideak eta egikaritze-baldintza bereziak ere. Horrez gain, ezarritako klausulak ez betetzeak zein zigor edo ondorio izan dezakeen ere jasota dago.

Azkenik, jarraibidea betetzen dela bermatzeko, tokiko gobernu-batzarrak Gasteizko Udaleko sail guztien Kontratazio eta Erosketa Sozialki Arduratsu eta Jasangarrirako Plana urtero onartu behar duela ezartzen da. Planak honako eginkizunak izango ditu:

  • Udal Erosketa eta Kontratazio Politikaren Adierazpena, Gasteizko Udalaren konpromiso politikoa agertzeko.
  • Egungo kontratazio-praktikak ezartzea, diagnostikatzea eta berrikustea, horretarako erreferentziazko inbentario bat eginda eta izandako aurrerapena neurtzeko baliabideak ezarrita.
  • Erosketa eta kontratazioko irizpide orokorrak eta ingurumen- eta gizarte-arloko lehentasunak ezartzea.
  • Antolaketa zehaztea eta ardurak nahiz epeak esleitzea.
  • Helburu kualitatiboak eta kuantitatiboak ezartzea.
  • Jarraibide eta prozedurak ezartzea (klausulak, neurriak, eta abar), aztertzen ari garen klausula mota pixkanaka ezartzea sustatzeko.
  • Behar diren baliabide ekonomikoak ezartzea.
  • Gizarte-komunikazioan eta informazioan estrategia bat lantzea.
  • Fabrikatzaileak eta hornikuntza agenteak motibatzeko eta trakzio-lana egiteko behar diren seinaleak helaraztea merkatuari.
  • Barne prestakuntzako programa bat ezartzea.

Lorpenak:

Lorpen nagusia jarraibideak inplikatutako udaleko sailen artean modu adostuan egin ahal izatea da

Espero diren emaitzak honako hauek dira:

  • Kontratazio-prozesuen eraginkortasuna hobetzea, klausula mota ezberdinak txertatuz eta Gasteizko Udalak berak hartutako konpromiso guztiak betetzen direla bermatuz.
  • Enpresa kontratisten artean trakzio-lana egitea.

Arrakastarako faktoreak:

Kontratazioan inplikatutako Gasteizko Udaleko sailetako langileek egitasmoan parte hartzea lortzea, Ogasun Departamenduaren lidergoarekin. Enplegua, Gizarte Zerbitzuak eta Adineko Pertsonak, Ingurumena eta Espazio Publikoa, Berdintasuna, Gazteria, Garapenerako Lankidetza eta interesa duen beste edozein sailen parte-hartzea lortu nahi da.

Oztopoak:

Teknikariek ez dakite gizarte eta ingurumen arloko neurriak pleguetan nola ezarri. Horregatik, jarraibidearen helburua oztopo horrekin amaitzea da.

Komunitatearen gaineko eragina:

Jarraibideoi esker, Gasteizko Udaleko teknikariei lana erraztuko zaie.

Gizarteak ere jasoko ditu onurak, udalak bere erosahalmena ingurumenarentzako onuragarriak diren produktuak eta zerbitzuak erosi eta erabiltzera bideratuko baitu. Horrela, merkatuetan ingurumen-abantailak eskaintzen dituzten produktuak sustatu eta osasunaren kontrako eraginak –energiaren erabilera, emisio toxikoak edo baliabide naturalak agortzea– murriztuko ditu.

Oinarrizko datuak

También te puede interesar
27 ago 2020
Sistematización de las compras menores verdes en ITELAZPI: una Guía como herramienta
24 abr 2020
ZERO plástico en los servicios de catering y restauración de Euskalduna Jauregia de Bilbao