Skip to main content
31 jan 2023
  • Circular economy
  • Ecodesign

Ihobek berrikuntzaren alde egin du Euskadiko Eraikuntza Industrializatuari buruzko I. Foroan

Ihobek berrikuntzaren alde egin du Euskadiko Eraikuntza Industrializatuari buruzko I. Foroan
Jardunaldian Euskadin erreferente diren adituek eta enpresek parte hartu dute, baita Juan José Baños Grupo Noticias taldeko presidenteak eta Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendariak ere.

XX. mendean nagusitu zen eraikuntza-sistemak (forjatu lauko hormigoizko egiturek eta itxitura zeramikoek osatua) nagusi izaten jarraitzen du mende honetan ere. Tipologia horretakoak dira azken hamarkadetan eraikitako etxebizitza-eraikinen % 90 baino gehiago. Hain zuzen ere, lanen errendimenduei eta kostuei buruz eskura dagoen informazio gehiena sistema horri dagokio; azken urteotan, ordea, eraikuntza industrializatu jasangarriaren eskutik iraultza bultzatzen ari da sektorean, eta aurreikusten da iraultza horrek eraikuntza konbentzionala ere gaindi dezakeela.

Mota horretako eraikuntzek ingurumen-inpaktu txikiko eraikuntzen egungo eskakizun sozialei erantzuten diete

Eraikuntza industrializatuaren onura nagusiak eztabaidaezinak dira; besteak beste, eraikuntza industrializatua aplikatzeak % 70 baino gehiago murriztu dezake eraikuntzarako behar den denbora; eraikinaren bizitza erabilgarria luza dezake eta birgaitze-lanen beharra minimizatu; proiektuaren eta obra egitearen artean egon daitezkeen aurrekontu-desorekak ezaba ditzake; istripuak saihestu ditzake; hondakinen sorrera % 90 murriztu dezake eraikuntza tradizionalaren aldean; eta materialen eta osagaien berrerabilera sistematizatzeko eta bermatzeko aukera eman dezake.

Izan ere, uste da etorkizun hurbilean industria-eraikuntzak garrantzi handia izango duela, baita eraikuntza konbentzionala baino handiagoa ere. Kontuan izan behar da ingurumen-inpaktuak minimizatzen dituela, hondakin gutxiago sortzen duela, ingurumen-inpaktu txikiko eraikinak altxatzen dituela eta ekonomia zirkularrean oinarritutako materialak erabiltzen dituela. Gainera, gaur egun posible izanik ere, etorkizunean are egingarriagoa izango da, sektorearen digitalizazioari esker eta materialen eta araudien bilakaerari esker. Bestalde, fidagarriagoa izango da lan-prezioak eta -baldintzak betetzeko, eta laneko segurtasun-baldintzak eta lan-baldintzak hobetuko ditu.

Euskadiko eraikuntza industrializatu jasangarriaren gida


Ihobek "Euskadiko eraikuntza industrializatu jasangarriaren gida" garatu du, proiektu zehatzetan soluzio industrializatuak ezartzea komeni den erabakitzen laguntzeko

Informazio askorik ez dagoenez gero, Ihobek Euskadiko eraikuntza industrializatu jasangarriaren gida eta horrekin lotzen den kalkulu-tresna landu zituen, honako erakunde hauekin elkarlanean: Oneka Arquitectura enpresarekin, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoarekin eta Bilboko Ingeniaritza Eskolarekin, eta Eusko Jaurlaritzaren Visesa eta Sprilur sozietate publikoekin. Gida horrek balioa eta bultzada ematen dio eraikuntza-sistema horri, eta eraikuntza-proiektu batean soluzio industrializatuak eranstea komeni den erabakitzen laguntzen du.

Gaur egungo eraikuntzaren balio-katearen ingurumen-inpaktua onartezina da; adibidez, eraikin metro karratu bakoitzeko 6 tona material erabiltzen dira eta 0,8 tona hondakin sortzen dira. Europar Batasunak aurkeztutako New Green Deal eta Ekonomia Zirkularraren Europako Estrategia Berriak bultzatutako norabide estrategiko berriak errealitate hori aldatu nahi du, eta Euskadin berriki babestutako estrategia homonimoek horixe bultzatzen dute. Aukera argienetako bat da eraikuntzaren sektorea birmoldatzea eta ingurumen-aldagaia eta gizarte-aldagaia uztartuko dituen beste sektore baterantz jotzea. Gainera, Euskadiko eraikuntza industrializatu jasangarriaren gidak aditzera ematen duenez, Euskadik iraultza horretan erreferente izateko tresna guztiak ditu.

Source: Ihobe

You may also be interested in

16 apr 2026
  • Circular economy
Securing the supply of materials, greater self-sufficiency and impetus to European sustainable products: pivotal in the circular economy of the Basque Country for 2026
30 mar 2026
  • Circular economy
The ‘Basque Country’s Circular Economy Indicators 2026’ report shows better recycling, material productivity and green public procurement
04 apr 2025
  • Circular economy
Alexander Boto, Ihobe General manager: 'Strengthening the circular economic model will enable Basque companies to face the changes in the international arena'
03 apr 2025
  • Circular economy
Fagor Ederlan, Somos Oreka, Gamesa Gearbox and Fuelium, winners for their circular solutions and products at the Basque Circular Summit 2025