Skip to main content
20 jan 2025
  • Circular economy

EAEko enpresen lehiarako 10 gakoak ekonomia zirkularreko testuinguru batean

EAEko enpresen lehiarako 10 gakoak ekonomia zirkularreko testuinguru batean

karbono neutraltasuna; diseinu ekologikoaren Europako erregelamendua; ingurumen-gardentasunaren kudeaketa; enpresa handiek eraldaketa jasangarrian duten zeregina; greenwashinga; karbonoaren prezioa trantsizio-arrisku gisa; teknologiaren eta berrikuntzaren hobekuntza, bereziki energiaren eta materialaren kontsumitzaile handitzat jotzen diren sektoreetan; ekonomia zirkular erresilientea bultzatzea, lehengai kritikoen eskasiari aurre egiteko; ekoizlearen erantzukizuna zabaltzea; bigarren mailako lehengaiak bultzatzea, eta Europako taxonomiarekin lotutako dibulgazioa. Erronka horiek guztiak identifikatu ditu EAEko Basque Ecodesign Centerrek gaur argitaratu duen ekonomia zirkularrari buruzko ingurumen-zaintza estrategikoko hirugarren txostenean.

Basque Ecodesign Centerrek ekonomia zirkularrari buruzko 2025erako ingurumen-zaintza Estrategikoko hirugarren txostena argitaratu du

Txosten horrek ekonomia deskarbonizatu eta zirkularragorako trantsizio-motor diren azken araudi- eta merkatu-berrikuntzak biltzen ditu, eta Basque Ecodesign Centerreko bazkide diren enpresen (19.000 enpresa inguru) balio-kateentzat aukerak eta arriskuak sor ditzaketen estandar eta metodologia onartu berriak identifikatzen ditu.

Europako Itun Berdearen jarduketa-ardatz nagusiak hartzen dituzten eta enpresa-ehunarentzat interesgarriak diren sei gairen gainean egin da azterketa: gardentasuna eta posizionamendua; ekonomia zirkularrerako ekodiseinua; bigarren mailako lehengaiak eta hondakinen kudeaketa; deskarbonizazioa bizi-zikloaren ikuspegitik; zero pollution eta finantza jasangarriak.

EAEko enpresak Europako edo merkatuko erregulazioaren arloan lehiakorrak izateko gakoak eta erronkak aztertzen ditu, jasangarritasuna lehiakortasun-faktore argia bihurtu baita arlo horretan. Zehazki, 2024-2030 aldirako esparru erregulatzailea eta arauemailea laburbiltzen du, enpresek lehiakortasun ekonomikorako eta ingurumen-jasangarritasunerako duten bidea markatuko duena.

Erronka horiei aurre egitea desafio handia da EAEko enpresentzat, batez ere ETEentzat; izan ere, besteak beste, ingurumen-informazioaren sistemak balio-katera hobetu behar dituzte eta erregulazioaren esparru berrira egokitu behar dute. Hala ere, Basque Ecodesign Centerren txostenak dioen bezala, lehiakortasuna indartzeko aukera da, berrikuntzaren bidez eta ingurumen-estandar zorrotzenak betez.

EAEko 300 enpresak baino gehiagok arauzko betebeharrak dituzte ingurumen-informazioaren kudeaketaren inguruan; adibidez, jasangarritasun-txostenak eta produktuaren pasaporte digitalak

Aurrerapenak EAEn

Txostenean aurkeztutako datuek erakusten dutenez, EAEko enpresek aurrerapen handiak egin dituzte ekonomia zirkularrerako trantsizioan, bai eta gero eta zorrotzagoa den araudi- eta merkatu-testuinguruan lehiakortasuna mantentzeko aurre egin behar dieten erronken lorpenean ere.

Txostenaren arabera, 2005. urteaz geroztik, EAEk % 33 murriztu ditu berotegi-efektuko gasen emisioak, eta posizio nabarmena du Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko otsailaren 8ko 1/2024 Legeak 2050erako ezarritako klima-neutraltasunaren helburuak lortzeko.

Era berean, 2024/1781 Europako Erregelamenduak bultzatutako ekodiseinuko politikak ezartzen hasi dira EAEko enpresak, produktuaren zirkulartasunari gero eta garrantzi handiagoa emanez. EAEko 300 enpresak baino gehiagok ingurumen-informazioa zabaltzearekin lotutako arauak bete behar edo beharko dituzte, hala nola jasangarritasun-txostenak eta produktuaren pasaporte digitalak prestatzea. Orobat, EAEko 250 industria-instalaziok baino gehiagok jasango dute Industriako emisioei buruzko 2024/1785 Zuzentarauaren eragina; horri esker, deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra eta berrikuntza teknologikoa sustatzeko teknika erabilgarri onenen ezarpena bizkortuko da.

EAEko 250 industria-instalazio baino gehiago daude Industriako Emisioen Zuzentarauaren eraginpean. Deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra eta berrikuntza teknologikoa sustatzeko teknika erabilgarri onenak ezartzearekin dago lotuta zuzentarau hori

Hori ez da enpresa handietara mugatzen. Europako Itun Berdearen eta Industria Itun Garbiaren arau-testuinguru berriaren ondorioz, ETE askok ingurumen-informazioaren kudeaketa hobetu beharko dute, beren balio-kateari informazioa emanez; deskarbonizazio-planak garatu beharko dituzte, berotze globala 1,5 ºC-ra mugatzeko helburuarekin lerrokatuta; marketinean greenwashinga edo komunikazio engainagarriak saihestu beharko dituzte; mugan karbonoa doitzeko mekanismora egokitu beharko dute —karbono-merkaturik gabeko herrialdeetatik inportatutako produktuetarako karbonoaren prezioa hartzen du barne—; I+Gn inbertitu beharko dute, gai kritikoen mendekotasuna murrizteko —horietako batzuk funtsezkoak dira EAEko lehentasunezko sektoreentzat, hala nola aluminioa eta kobrea—; produktu batzuen bizi-amaieraren kudeaketa hobetu beharko dute —ehungintza-sektorean, esaterako—, eta, azkenik, Europako taxonomiarekin zerikusia duen ingurumen-informazioaren zabalkundea sustatu beharko dute, finantza jasangarrietarako

Basque Ecodesign Centerren (BEC) txosten horren arabera, EAEk aldeko posizioa du Europako beste eskualde batzuen aldean, trantsizio berdearen, lehia globalaren eta Europako araudi-presioaren funtsezko neurriak goiz hartu dituelako. Dena den, ekonomia zirkularrean duen lidergo lehiakorrari eutsi nahi badio, tresna publikoak beharko ditu, teknologia garbietan inbertitzeko, lankidetza publiko-pribatuan aritzeko eta jardunean dauden profesionalak prestatzeko.


Source: Ihobe

You may also be interested in

16 apr 2026
  • Circular economy
Securing the supply of materials, greater self-sufficiency and impetus to European sustainable products: pivotal in the circular economy of the Basque Country for 2026
30 mar 2026
  • Circular economy
The ‘Basque Country’s Circular Economy Indicators 2026’ report shows better recycling, material productivity and green public procurement
04 apr 2025
  • Circular economy
Alexander Boto, Ihobe General manager: 'Strengthening the circular economic model will enable Basque companies to face the changes in the international arena'
03 apr 2025
  • Circular economy
Fagor Ederlan, Somos Oreka, Gamesa Gearbox and Fuelium, winners for their circular solutions and products at the Basque Circular Summit 2025