Skip to main content
20 mar 2023

LIFE Urban Klima 2050 proiektuak Europako Batzordeko monitoreei bere ekintza klimatikoen aurrerapenak erakutsiko dizkie Gipuzkoan

LIFE Urban Klima 2050 proiektuak Europako Batzordeko monitoreei bere ekintza klimatikoen aurrerapenak erakutsiko dizkie Gipuzkoan

NEEMO monitoreek, Europako Batzordeko LIFE programari zerbitzu ematen dion laguntza teknikoak, Euskadi bisitatuko dute martxoaren 20an eta 21ean, eta zuzenean ezagutuko dituzte lurraldean egiten ari diren zenbait ekintza

Monitorizazio-taldeko arduradunak proiektuan parte hartzen duten eta Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak zuzentzen dituen 20 erakunde bazkideekin bildu dira Donostian. Gainera, monitoreek Donostian eta Zarautzen egiten ari diren ekintzetako batzuk ezagutzeko aukera ere izan dute.

Bisita martxoaren 20an hasi da, Donostiako Udaletxean egin den informazio-saio batekin. Han, Marisol Garmendia Ekologiako zinegotziak ongietorria eman die bertaratutakoei, eta LIFE IP Urban Klima 2050 “ahalegin kolektibo handia” dela nabarmendu du, “ia 20 erakunde biltzen dituena eta euskal lurraldea eraldatzen ari dena, klima-aldaketa arintzeko eta berari egokitzeko 40 ekintzen bitartez. Donostiak beraren helburuekin guztiz bat datorren erakunde gisa parte hartzen du: berotegi-efektuko gasak murriztea, energia berriztagarrien kuota handitzea, berotegi-efektuko gasen isurketaren neutraltasuna lortzea, eta klimarekiko erresilienteagoa den lurraldea izateko bidean aurrera egitea. Oso pozik gaude aurreikusitako neurriak gure hirian inplementatzen ari garen moduarekin, hainbat arlotan jadanik gauzatzen ari diren ekintza konkretuekin”.

Bestalde, Adolfo Uriartek, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak Eusko Jaurlaritzak ekintza klimatikoaren arloan egindako lana azpimarratu du. “Euskadik helburu argia du: 2050erako karbonoz neutroa den ekonomiarantz abiatzea eta klima-aldaketak dituen eragin negatiboen aurrean erresilientea den lurralde bat lortzea. Eta bide onetik goaz. 2005az geroztik, Euskadik %35 murriztu ditu berotegi-efektuko gasak. Eta, besteak beste, Urban Klima 2050 proiektuari esker, elkarlanean ari gara gure lurraldera egokitutako konponbideetan, bai kostaldean, bai ibai-arroetan eta hiriguneetan. Urban Klima 2050 proiektuak herrialdeko ikuspegi integrala du, maila anitzeko gobernantza klimatikoa eraikitzeko, eta, horri esker, klimak eragindako erronkari ahalik eta modurik onenean aurre egiteko, lurralde prestatu eta gai garen bezala”.

Bileran, proiektuko bazkide diren erakundeetako ordezkariek azken urtean egin diren aurrerapenen berri eman dute. Besteak beste, klima-aldaketa lurralde- eta hiri-plangintzan, osasun-politiketan edo energia- eta hidrologia-politiketan integratzea bezalako aurrerapenak. Irtenbide naturaletan oinarritutako tresnak izan dira aurkeztu diren beste jarduera batzuk. Tresna horien agertokiak EAEko hiru hiriburuak dira, non proiektu pilotuek martxan diren Punta Zorrotzan (Bilbo), Anoetan (Donostia) edo Gasteizko alde zaharrean.

Hiru Lurralde Historikoetako hainbat gunetan ere hiri eta landa arteko konexioenkin lotura duten hainbat jarduera jarri dira martxan, hala nola Bermeoko kostaldeko Tonpoi naturgunea berreskuratzea (Arizatxu zona bigarren esku-hartze fasean dago), Vitoria-Gasteiz inguruan Aramangelu/Basaldea parkeko nekazaritza ekologiko eta lokala sustatzea, edo Debabarrena aldean (Gipuzkoa) eraztun berde bat sortzea. Era berean, irtenbide naturalak ezarri dira zenbait ibaitan, hala nola Esteponan (Bakio), hiri-padura bat eta urak har dezakeen baso bat sortuz, edo Natura 2000 sareko ibaiertzeko basoak basoberrituz Araban.

Bisita Ondarreta, Sirena aterpetxera, Errekatxulora eta Zarautzera

Proiektuko bazkide diren erakundeekin batera, Sirena aterpetxean, Errekatxulon eta Zarautzen egindako aurrerapenak ikusiko dituzte

Goizean, saioa amaitzeko, bisita birtual bat egin da Igeldoko kostaldeko bideometria-geltokira, Ondarretako hondartzaren eremuko datuak lortzeko eta arriskuen prebentziorako planetan txertatzeko.

Arratsaldean, Donostiako eta Zarauzko hainbat tokitara joango dira, bertatik bertara ezagutzeko gune horietan egiten ari diren proiektu pilotuen aurrerapenak. Sirenako aterpetxean eguzki-plakak ikusiko dituzue. Jarraian, Errekatxulo ibaiaren esku-hartze eremura bisitatuko dute, errekastoa birnaturalizatu eta egokitu den lekura. Azkenik, Zarautzen itsas pasealekuan eragiteko egiten ari diren jarduerak bisitatuko dituzte, olatuen eta mareen eragin konbinatuaren inpaktuak murrizteko.

Bigarren jardunaldia, bihar, martxoak 21, asteartea, Ihoberen Bilboko egoitzan egingo den saio tekniko bat izango da.

NEEMOen bigarren bisita Euskadira

NEEMO monitoreek Euskadira egindako bigarren bisita da hau. 2021eko azaroaren 25ean eta 26an lehen aldiz etorri ziren eta orduan, proiektuaren aurrerapenei eta kudeaketari buruzko oso balorazio ona egin zuten. Orduko hartan, Urdaibaiko Ekoetxean bildu ziren, eta bertatik Bermeo eta Bakio udalerrietara joan ziren, bi herrietan gauzatzen ari diren proiektu pilotuen aurrerapenak zuzenean ezagutzeko. Bermeoko kostaldean, Tonpoi aldea bisitatu zuten. Leku honetan gero ingurumenaren zein gizartearen ikuspegitik lehengoratze-lanak egin dira. Horretarako, hiri-inguruko erabilera publikoko azpiegitura berde bat sortu da, irizpide jasangarriekin eta klima-aldaketara egokituta. Bakion, uholde-arriskua duen ingurunetik ibilbide bat egin zen. Bertan urpean gera daitezkeen ibaiertzeko baso bat eta padura bat sortzea aurreikusi da.

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuari buruz

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua 2025era arteko Euskadiko ekintza klimatikoko proiekturik handiena da. Hogei bat erakundek hartzen dute parte eta 19,8 milioi euroko aurrekontua du, %51 Europako Batasunak finantzatuta

Euskadiko ekintza klimatikoko proiektu handienak 19,8 milioi euroko aurrekontua du, eta EAEko lurraldea aldatuko du, 2019-2025 bitartean klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko 40 ekintza koordinatuz.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Ihobe sozietate publikoak gidatzen du Urban Klima 2050, eta hogei bat erakunderekin batera egiten du lan. Horien artean honako hauek daude: Eusko Jaurlaritzako beste bi sail (Osasun Saila eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza), hiru foru-aldundiak, Bilboko, Gasteizko, Donostiako, Bakioko, Bermeoko, Gernikako eta Zarauzko udalak, Eusko Jaurlaritzako bi sozietate publiko (EVE eta URA), teknologia- eta ikerketa-zentroak (AZTI, BC3, Neiker, Tecnalia eta Tecnun) eta Naturklima fundazioa.

Source: Ihobe

You may also be interested in

29 apr 2026
  • Citizen action
MATER and Alava Provincial Council, finalists in the European Week for Waste Reduction European Awards 2025
21 apr 2026
  • Climate change
The Basque Country is hosting the European meeting of LIFE projects on climate action
16 apr 2026
  • Circular economy
Securing the supply of materials, greater self-sufficiency and impetus to European sustainable products: pivotal in the circular economy of the Basque Country for 2026
10 apr 2026
  • Citizen action
The Basque Country involved in preparing a European catalogue for more ambitious youth participation with real impact