Skip to main content
20 jul 2020
  • Soil protection
  • Circular economy
  • Environmental planning
  • Waste
  • Corporate

Europako Itun Berdea, ekonomia jasangarria bultzatzeko bide-orri bat

Europako Itun Berdea, ekonomia jasangarria bultzatzeko bide-orri bat
Virginijus Sinkevicius Europako Ingurumenaren, Ozeanoen eta Arrantzaren Europar Komisarioak esan zuen bezala, “gure gaurko susperraldiak hainbat hamarkadaz definituko du gure etorkizuna”. Beraz, hori horrela bada, badirudi Europako Itun Berdea mekanismo nagusietako bat izango dela krisitik ateratzen laguntzeko eta etorkizun jasangarriagoa lortzeko.

Europako Itun Berdearen oinarriak

Europako Itun Berdea edo European Green Deal 2019ko abenduan aurkeztu zen formalki, eta, funtsean, Europar Batasunari klima-neutraltasuna 2050ean lortzea ahalbidetuko dion hazkunde-estrategia bat da. Hau da, zero karbono-aztarna, askatzen den karbono dioxidoaren (CO2) kantitatea atmosferatik kentzen denarekin edo landareen bidez finkatzen denarekin orekatzearen bidez lortuko dena.

Ondorengo irudian ikus daitezke Ituna definitzen duten ildo nagusiak.



Iturria: Batzordearen Komunikazioa Europako Parlamentuari, Europar Kontseiluari, Kontseiluari, Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeari eta Eskualdeetako Lantaldeari. Europako Itun Berdea. COM(2019) 640 final

Garapen asko oraindik ere zehaztu gabe egon arren, eta krisi sanitarioak hasierako lan-egutegia aldatu balezake ere, ondorengo epigrafeetan deskribatzen dira akordio honen oinarrian egongo diren ildo nagusiak.


Klima-anbizioa, isurketak murriztearen bidez gauzatu beharreko proposamen bat

Hazkunde ekonomikoa bateragarria da berotegi-efektuko gasen (BEG) isurketen murrizketarekin. Izatez, Europar Batasunak jadanik izan du hori egiaztatzeko aukera. Europako Batzordearen webguneak gogoratzen duen moduan, “EBk % 23 murriztu zituen bere isurketak 1990 eta 2016 bitartean, eta ekonomiak % 53ko hazkundea izan zuen garai berean.

Premisa horretatik abiatuta, Europako Batzordeak proposatuko du BEGen isurketen murrizketa handitzea, hasieran onartutako % 40tik gutxienez % 50era pasatzeko eta ahal izanez gero % 55era iristeko 2030. urtean, 1990eko mailak erreferentziatzat hartuta. Proposamen hori aurrera ateratzeko, zenbait tresna berraztertu beharko dira, hala nola isurketa eskubideak (Emissions Trading System edo ETS) edo lurzoruaren erabilerak aldatzeari buruzko zuzentarauak (2018/841 EB Erregelamendua).

Energia garbi, seguru eta eskuragarria, ekonomiaren deskarbonizazioaren ezinbesteko faktorea

Klima-anbizioa eskuraezina da oraingo eredu energetikoa aldatzen ez bada. Hala, ekintza honek 5 funtsezko puntu nabarmenduko ditu:

- Energia-iturri berriztagarriak bultzatzea, batez ere itsas energia eolikoa. 2018an, adibidez, energia berriztagarriak EBn kontsumitutako energiaren % 18,9 izan ziren.
- Ikatza ezabatzea energia ekoizteko baliabide gisa.
- Gas berriztagarriak erabiltzea, hala nola biogasa edo hidrogenoa.
- Efizientzia energetikoa lehenestea.
- Irtenbide eta azpiegitura adimendunak garatzea, hala nola karbonoa atzitzea, erabiltzea eta biltegiratzea, zeren horrek ahalbidetuko baitu zementu edo altzairuaren ekoizpenaren moduko jarduera batzuek euren isurketak murriztea.

Ekonomia zirkularra, hondakinen balioa nabarmenduz baliabide-iturri gisa

Gaur egun, material eta baliabide sekundarioen % 12 soilik itzultzen da EBko ekonomiara, Europako Itun Berdearen Presidente Eragile Frans Timmermansek 2020ko martxoan adierazi zuen bezala.

Baliabideen erauzketa eta komertzializazioan, haien eraldaketan eta haien ezabaketan oinarritutako linealtasunaren alternatiba ekonomia zirkularra da. Paradigma hori onartzeak ahalbidetuko du:

- Produktu jasangarriei buruzko politika bat, materialen murrizketa eta berrerabilpena haien birziklapenaren aurretik erraztuko duena.
- Produktuak birdiseinatzea, gehiago iraun dezaten eta konponerrazagoak izan daitezen.
- Zuriketa ekologikoaren edo greenwashingaren aurka borrokatzea.
- Hondakinen bolumena murriztea.
- Baliabideak eskuratzeko bidea erraztea.
- Enplegua eta negozio-aukera berriak sortzea.
- Ekoizpen-sektoreen arteko lankidetza areagotzea.
- Ekonomiaren digitalizazioa bultzatzea.

Efizientzia energetikoa eta eraikuntza jasangarria, enplegua sortzeko motor bat

EBko estatuetako eraikinen bereizgarriak haien antzinatasuna eta berriztapen eskasa dira. Horren eraginez, eraikinek oso efizientzia txikia dute ikuspuntu energetikotik, eta horrek oztopatzen du pobrezia energetikoaren moduko gaiei irtenbidea ematea. Horregatik, eta ekonomia jasangarriaren baitan, EBk erakin publiko zein pribatuak birgaitzeko plan bat bultzatuko du, eta horrek ahalbidetuko du milaka lanpostu sortzea.

Ekintza horri lotuta, ekonomia zirkularreko politikak inplementatuko dira eraikuntza-sektorean.

Mugikortasun jasangarria, gizartearen mugitze-forma eraldatuz

Garraioa berotegi-efektuko gasen iturri nagusietako bat da. Beraz, ezinbestekoa da garraio multimodalaren moduko alternatibak bultzatzea, merkantzien trafikoa barne sartuta.

Eraldaketa hori bideratzeko, erabiltzaileei zenbait aukera eskaini beharko zaizkie euren ohiko mugitze-forma aldatzeko eta haren ordez forma jasangarriago bat hartzeko. Eta, zalantzarik gabe, teknologia funtsezkoa izango da, automatizazioaren, konektibitatearen eta mugikortasuna zerbitzutzat hartzen duten irtenbideen garapenaren bitartez.

Baserritik mahaira, jasangarritasuna elikadura-katearen ardatz egituratzaile gisa

Elikadurak funtsezko rola jokatzen du gizarte batean osasun mailan. Horrenbestez, Europako Itun Berdeak proposatuko du fitosanitario, ongarri edo antibiotikoen erabilera murriztea. Era horretan, pertsonen ongizatea handitzeaz gain, animalien bizi-baldintzak hobetuko dira. Halaber, kalitatezko produktuak lehenesten dituen lehen sektore jasangarria tokiko merkatuak bultzatzeko bermea izango da. Hurbiltasuneko produktuen balioa nabarmentzen duten politika horien emaitza landa-ingurunearen iraupena da; kontuan hartu behar da, adibidez, ingurune hori abandonatzearen ondorioetako bat baso-suteen hazkundea dela.

Elikagaiak alferrik galtzearen aurkako borroka beste “gudu-eremu” bat izango da ekintza horren garapenean. Izan ere, ekoiztutako elikagaien kilo bakoitzak 4,5 kg CO2 isurtzen du atmosferara.

Halaber, ekonomia zirkularra elikagaien banaketa-katean inplementatzeak ahalbidetuko du hondakinak murriztea, eta produktuen ontziratze eta kontserbazioa hobetuko ditu.

Ekosistemak eta biodibertsitatea zaintzea, zerbitzu ekosistemikoak defendatuz

Airetik uretaraino, natura-inguruneak eguneroko bizitzarako ezinbestekoak diren hainbat eta hainbat baliabide eskaintzen ditu. Izatez, munduko BPGaren erdia natuaren mende dago neurri handi batean, World Economic Forumek 2020ko urtarrilean argitaratutako txosten baten arabera.

Kapital natural hori babestea, Natura 2000 Sarean lurralde gehiago sartuz edo degradatutako ekosistemak berreskuratuz, funtsezkoa da ekosistemak babesteko. Alde horretatik, europar akordioak honako hau nabarmenduko du bereziki:

- Basoberritzea eta basoen kontserbazioa, zeren funtsezkoak baitira karbonoa atmosferatik atzitzeko.
- Ozeanoen babesa, zeren elikadura-baliabideen eskariaren zati bat bete beharko baitute 2050ean ia 10.000 milioi biztanle izango dituen planetan honetan.

Zero kutsadura, ingurune osasungarria lortzeko

“Baserritik mahaira” izeneko estrategia abian jartzea lagungarria izango da ekoizpen-praktika jakin batzuek natura-ingurunean duten inpaktua mugatzeko.

Horrez gain, airearen kalitatearen inguruan ere jardun behar da, adibidez. Europako Kardiologia Elkartearen estimazioen arabera, kutsadura atmosferikoaren eraginez ia 800.000 heriotza goiztiar gertatzen dira urtean Europan. Horrenbestez, itun horrek proposatuko du airearen kalitateari buruz indarrean dagoen araudia berraztertzea. Neurri horrek gogortu egingo ditu isurketen muga-balioak, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) gomendioekin harmonizatzeko.

Orobat, bereziki garrantzitsua izango da substantzia kimiko arriskutsuen erabilera murriztea eta horien ordez alternatiba seguruagoak eta jasangarriagoak jartzea. Helmuga horretara iristeko bide nagusietako bat izango da substantzien araberako ebaluazioa, gardentasun eta berrikuntza handiagoen beharra azpimarratuz.

Europako Itun Berdea errealitatean aplikatzeko mekanismoak

Aurreko epigrafeetan deskribatutako estrategiek agerian uzten dute kontu bat: Europako Itun Berdeari heltzeko beharrezkoa den inbertsioa erraldoia izango da.

Hala, Ituna praxira eramateko, baliabide publikoen ehuneko handi bat mobilizatu beharko da. Funtsezkoa izango da proiektu jasangarriak finantzatzera, hezkuntza eta prestakuntza indartzera eta ikerketa eta berrikuntza bultzatzera zuzendutako partidak handitzea. Eta hori bai europar instituzioetatik eta bai Estatu kideen aldetik egin beharko da, zeren horiek baitira, azken batean, akordioa euren politika eta aurrekontu nazionaletan inplementatzeko arduradunak.

Halaber, eta inor ere atzean ez uzteko xedez, ekonomia jasangarria inplementatzeko ahalmen txikiagoa duten herrialdeek Bidezko Trantsizio Funts bat izango dute eskura. Era horretan, eraldaketaren inpaktua gehien jasaten duten eskualde edo ekoizpen-sektoreek baliabide gehiago izango dituzte euren eredu ekonomikoa betekizun berrietara egokitzeko. Pandemiaren ondorioei berehala erantzuteko egituratu den Susperraldi eta Erresilientzia Mekanismo berria laguntza-esparru horretan sartu liteke. Izatez, kontraprestazio gisa planteatutako garapen batzuk bat datoz europar akordioan aurreikusitako estrategiekin.

Hala eta guztiz ere, eta inbertsioaren zati handi bat sektore publikotik etorriko bada ere, kapital pribatuak ere funtsezko rola jokatuko du. Enpresek ulertu behar dute norainoko potentziala duen ekonomia jasangarriari heltzeak, eta inbertsio jasangarriak lehenesten hasi behar dute, gero eta kontzientziatuago dagoen gizarte honen eskariei erantzuteko.

Laburbilduz, Europako Itun Berea etorkizunerako apustu bat da, ekonomia jasangarria lortzeko aukera bat; horrek gizartea sarituko du, euren beharrak asetzea ahalbidetuko die belaunaldi berriei, Europa jarriko du klima-aldaketaren aurkako borrokaren buruan, eta herrialdeen arteko lankidetza bultzatuko du. Horrekin batera, salbazio-taula bat ere bada Europar Batasunarentzat, koronabirusaren ondorioz sortu zaion krisi ekonomikoa gainditu ahal izateko. Ursula von der Leyen Europako Batzordearen Presidenteak esan zuen moduan “gizakia Ilargira heldu zenaren moduko unea izan beharko da Europarentzat”.

Source: Ihobe

You may also be interested in

16 apr 2026
  • Circular economy
Securing the supply of materials, greater self-sufficiency and impetus to European sustainable products: pivotal in the circular economy of the Basque Country for 2026
30 mar 2026
  • Circular economy
The ‘Basque Country’s Circular Economy Indicators 2026’ report shows better recycling, material productivity and green public procurement
27 mar 2026
  • Corporate
Ihobe drove 639 initiatives by local authorities and mobilised more than 2,200 businesses in 2025 to move the Basque Country's energy and climate transition forward
26 nov 2025
  • Waste
  • Environmental planning
Josu Bilbao, Basque Deputy Minister for the Environment: ‘we are increasingly recycling more and less is ending up in landfill’