Skip to main content
24 nov 2022
  • Circular economy
  • Ecoinnovation
  • Ecodesign

Alexander Boto: “Ekonomia zirkularra lehiakortasuna da; ekonomia da”

Alexander Boto: “Ekonomia zirkularra lehiakortasuna da; ekonomia da”

Bigarren jardunaldiak Euskadiko enpresa txiki eta ertainei ematen die protagonismoa, eta ekonomia zirkularrak sektore bakoitzean planteatzen dituen erronka eta aukerak hurbiltzen dizkie

Ihobeko zuzendariak ETE Programa Zirkularra eta antzeko tresnak nabarmendu ditu; horren bidez, Eusko Jaurlaritzak euskal ETEei eredu zirkular baterako trantsizio-prozesua erraztu nahi die, beren lehiakortasuna hobetzeko tresnak eta laguntza ekonomikoa eskainiz.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredok gogorarazi duenez, “Euskadik 20 urte daramatza ekonomia zirkularraren arloan lanean, eta gaur egun erreferentziazko eskualdea da”. Baieztapen hori datuetan oinarritu du: eskualdeko ekonomia zirkularra BPGaren %1,12 da gaur egun, eta 764 milioi euroko diru-sarrera gordinak ditu urtean. Enpleguari dagokionez, ekonomia zirkularrarekin lotutako lanpostuak EAEko enplegu guztiaren %2,08 dira. Balio hori Espainiakoa eta Alemaniakoa baino handiagoa da (%2,00 eta %1,71, hurrenez hurren).

ETEei zuzendutako jardunaldia

Basque Circular Summitek Europan planteatzen ari diren gai nagusiak aurkeztu zituen atzo: produktuaren pasaporte digitala, lehengaiekiko mendekotasun txikiagoa bilatzea, finantza iraunkorrak edo ekodiseinuko araudi berriak. Alejandro Villanueva Europako Batzordeko Joint Research Centre-n (JRC) Ekonomia Zirkularreko eta Industria Lidergoko buru ondokoak, adierazi zuen: “ekodiseinua energia-etiketarekin konbinatuta, enpresa fabrikatzaileak produktu hobeak diseinatzera eta kontsumitzaileak produktu horiek hobeto aukeratzera motibatzeko tresnarik egokiena dela: Europan Italiako kontsumoaren baliokidea den energia aurreztu da 2020an. Laster egongo da, gainera, etiketa ‘berdeei’ buruzko arteztarau-proposamena, Europan 200 baino gehiago baitaude eta %40 eta %50 artean ‘eko-postureo’ dira."

Jorge Fernández jaunak, Orkestra-Basque Institute of Competitiveness-eko Environment & Energy Lab-eko koordinatzaileak, gaur adierazi duenez, “merkatuetan gardentasuna eta kokapena, ekonomia zirkular baterako ekodiseinua, bigarren mailako lehengaiak eta hondakinen kudeaketa, bizi-zikloaren ikuspegitik deskarbonizazioa, zero kutsadura eta finantza jasangarriak” dira balio-katearen erronkak. Bigarren jardunaldi honen bidez, erronka horiek euskal industriaren sektore bakoitzean nola eragingo duten aurreikusi nahi da. Horretarako, hamaika gaikako mahai egingo dira, 70 enpresak baino gehiagok parte hartuko dute eta ETEen jardunbide egokiei buruzko testigantzak emango dira.

Antonio Novo Guerrero Klusterren Europako Aliantzaren lehendakariak ireki ditu saioak, eta balio-kate osoa inplikatzearen garrantzia nabarmendu du, parte hartzen duten eragileen arteko lankidetzaren bidez: “Ekonomia zirkularrarentzat funtsezkoa dela frogatu da. Eta, nire ustez, Euskadiko kluster-sistema Europako helduenetarikoa da”. Luis Lehmann ekonomia zirkularreko irtenbideetan aditua da, eta honako hau adierazi du: “hurrengo krisien irteerak paradigma aldaketa sustatu behar du eredu berriekin. Eta gauza bat izan behar dugu kontuan: ekonomia zirkularra, ezer baino lehen, ekonomia da. Eta onura eman behar du, baliabideen erabileratik aldentzen den garapena sustatuz”.

Euskadiko zirkulartasunaren adibide errealak

“Zirkularrak” erakusketa azaroaren 27ra arte egongo da zabalik Ficoban, eta 115 euskal enpresak ekodiseinatutako 175 produktu biltzen ditu

Pastilletan egindako hortzetako pasta, publizitate-olanez egindako erosketa-orga bat, edo beste modu batera botako litzatekeen osagai batez egindako gazta-saltsa bat dira "Zirkularrak" erakusketa ibiltariak biltzen dituen adibideetako batzuk. Hainbat industria-sektoretatik datozen Euskadiko 115 enpresen 175 produktu jasangarri biltzen ditu, eta ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren potentzialaren ikuspegi integrala proposatzen du euskal enpresa-jardueraren esparru guztietan: automobilgintza, makineria, metala, mugikortasuna, sektore kimikoa, elikadura, altzariak, kontsumo-produktuak, eraikuntzarako materialak eta sektore elektriko elektronikoa.

Produktu horiek ekodiseinu-metodologien eta bizi-zikloaren ikuspegiaren bidez haien ingurumen-eragina nabari murriztu dute. Horien artean, Emica Solar etxearen eguzki-egitura fotovoltaiko flotatzailea dago, eguzki-sorkuntza fotovoltaikoaren abantailez gain, flotatzailea izateak hobekuntza garrantzitsuak dakarzkiona, hala nola lurzorua okupatzen ez duela edo hobeto hozten dela.

Beste produktu bat Azti zentro teknologikotik dator eta elikadura-hondakinen aprobetxamenduan oinarritzen da: ardi-gazta helduaren usaina duen saltsa da, Idiazabal gaztaren prestaketan sortutako esne-gazuraz egina, bestela bota egingo litzatekeena. Kontsumo-produktuen barne, erakutsitako produktuetako bat pastilletan egindako hortzetako pasta da. Onak enpresak garatutako sistema guztiz berritzailea da. Uraren kontsumoa % 70 murrizten du eta ontzi kargagarriak eta guztiz berrerabilgarriak erabiltzen ditu. Sindesperdiciok diseinatutako publizitate-olanez egindako erosketa-orga bat ere badago. Makineriaren sektoreko beste adibide bat Indart 3Dko NX PRO dual filamento-pellet 3D inprimagailua da. Birziklatutako materiarekin lan egin dezake % 100ean, eta inprimatutako piezak inprimagailuan sar daitezke berriro. Hauek azaroaren 27ra arte Ficoban dohain ikus daitezkeen 175 adibideetako batzuk baino ez dira.

Hondakinen Prebentziorako Europako Astea

Basque Circular Summiten bigarren jardunaldi honetan, 2022ko Hondakinen Prebentziorako Europako Asterako (EWWR) euskal hautagaiak ere aurkeztuko dira. Ekimen horren bidez, Europako herritar guztiak animatzen dira baliabideen eta hondakinen kudeaketa jasangarriari buruzko kontzientziazio-ekintzak egitera. “Ia 120 ekintza aurkeztu dira aurten Euskadin. Kopuru horrek Europako rankingaren buruan jartzen du lurraldea, 100.000 biztanleko aurkeztutako ekintzen ratioari dagokionez”, nabarmendu du sailburuorde Barredok.

Hautatutako lau proposamenak hauek izan dira: "Hondakin jasangarriak: Fikzioa ala errealitatea?" erakusketa, Bergarako Udalak sustatua; "Vintage" ekitaldia Bilbon, arropari bigarren bizitza emateko, Espacio Openek bultzatua; moda arduraz kontsumitzeko proposamen berria, adabaki trukagarrietan oinarritua, NEUK Sopelako arropa-markaren eskutik; eta Leioako St. George's British International School jangela intsonorizatzeko panel akustikoak egiten, eskuoihal zaharrekin eta birziklatutako oihal-zatiekin.

Source: Ihobe

You may also be interested in

16 apr 2026
  • Circular economy
Securing the supply of materials, greater self-sufficiency and impetus to European sustainable products: pivotal in the circular economy of the Basque Country for 2026
30 mar 2026
  • Circular economy
The ‘Basque Country’s Circular Economy Indicators 2026’ report shows better recycling, material productivity and green public procurement
04 apr 2025
  • Circular economy
Alexander Boto, Ihobe General manager: 'Strengthening the circular economic model will enable Basque companies to face the changes in the international arena'
03 apr 2025
  • Circular economy
Fagor Ederlan, Somos Oreka, Gamesa Gearbox and Fuelium, winners for their circular solutions and products at the Basque Circular Summit 2025