- Ecodiseño
- Ecoinnovación
- Economía circular
Ihobek ekonomia zirkularreko prestakuntza-programaren 2024ko edizioa ireki du jardunean dauden profesionalentzat
Lehenengo ikastaroa apirilaren 25ean hasiko da
Doako prestakuntza-programa apirilaren 25ean hasiko da, eta Basque Circular Hub eta ETE Zirkularraren esparruan egingo da. CONFEBASKen eta haren kide diren elkarteen (ADEGI, CEBEK eta SEA) laguntza izango du, eta haien egoitzetan emango dira ikastaro gehienak. Prestakuntza industria-sektoreko enpresentzat da, bereziki ETEentzat.Ikastaro horiei esker, enpresek azken arauketen berri izango dute eta kasu batzuetan merkatuaren berri ere bai. Horrela, aukerak eta arriskuak antzeman ahal izango dituzte, erabakiak hobeto hartzeko eta lehiakortasuna hobetzeko. Kurtsoa egiten duten guztiek, prestakuntza bukatutakoan, diploma bat jasoko dute.
Karbono-aztarna eta deskarbonizazio estrategiak
Karbono-aztarnari buruzko ikastaroaren helburuen artean, hauek nabarmentzen dira: erakundearen karbono-aztarna 1, 2 eta 3 irismenekin kalkulatzen ikastea, eta bezeroek, administrazioek eta finantza-sektoreak eskatzen duten ingurumen-informazioa eman ahal izatea. Gainera, ikastaroaren bidez, produktuaren bizi-zikloaren kontzeptua sartu nahi da enpresetan. Hori dela eta, parte-hartzaileek produktu sinple baten karbono-aztarna kalkulatuko dute, eta bide batez, Ihoberen "Climate & Circularity Calculator" tresna erabiliz, bere ingurumen-profila ere izango dute.
Gardentasuna eta ingurumen-posizionamendua
Ikastaro honetan Jasangarritasunari buruzko informazio korporatiboaren zuzentarauak dakartzen ondorioak aztertuko dira eta Behar bezalako arretaren printzipioaren kontzeptua azalduko da. Gainera, Reporting ESGaren alorrean, ingurumen-, gizarte- eta gobernantza-alderdiak neurtzeko, komunikatzeko eta kudeatzeko gida gisa balio duten hainbat estandar eta erreferentziazko esparru aurkeztuko dira, eta jasangarritasun ebaluazio askotan erreferentzia gisa erabiltzen diren estandar garrantzitsuenetako eta onartuenetako batzuetan sakonduko da.
Ekonomia zirkularrerako ekodiseinua
Ikastaro honetako lau moduluek gai hauek izango dituzte ardatz: ontzien ekodiseinuari, ekodiseinu zirkularrari eta produktuen zirkulartasun-baldintza berriei buruzko arau-esparru berria, produktuen diseinuan eta garapenean zirkulartasunari buruzko alderdiak ebaluatzeko modua eta produktuaren pasaporte digitala.
Finantza jasangarriak
Finantza jasangarriei buruzko ikastaroak prestakuntza modulu bakarra du: Finantza jasangarrien Europako taxonomiaren ondorioak. Taxonomiari esker, ingurumenaren ikuspegitik jasangarritzat jotzen diren jarduerak sailka daitezke. 2022tik klima-aldaketarekin lotutako irizpideak (arintzea eta egokitzea) eskuragarri daude. 2023an, ura, biodibertsitate, ekonomia zirkular eta poluzio ingurumen-helburuen irizpideak argitaratu ziren.Ikastaro honen helburua taxonomiaren ondorioz enpresetan sortu diren betebeharrak ezagutzea, taxonomiak enpresa guztietan dituen ondorioak ulertzea eta enpresa araudi horrekin bat datorren jakiteko urratsak ikastea da.
Lehengaiak eta hondakinen kudeaketa
Ikastaro honek modulu bakarra izango du; bertan, eraikuntza-produktuetarako eta EEHen kudeaketatik eratorritako aukeretarako esparru juridiko berria aztertuko da, bai eta lege horiek betetzeko Eusko Jaurlaritzak enpresen eskura doan jartzen dituen tresnak ere.
Izen-ematea
Ikastaroen edukiari, datei, iraupenari, moduluei eta abarri buruzko informazio guztia Ihoberen webgunean dago.
Basque Circular Hub
Basque Circular Hub Euskadiko ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen zentroa da, eta Ihobe sozietate publikoak kudeatzen du. Zentro aitzindari hori Eusko Jaurlaritzaren, Gasteizko Udalaren, Bilboko Udalaren, Deustuko Unibertsitatearen, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU), Mondragon Unibertsitatearen, Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikatuko Zentroaren (Tknika, Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskola), Tecnun-en eta Novia Salcedo Fundazioaren arteko lankidetza publiko-pribatuari esker sortu zen.
Basque Circular Hub zentroek ekonomia zirkularraren esparruan merkatuaren etorkizunari buruzko zerbitzuak, prestakuntza aurreratuko zerbitzuak, eta joerak aztertzeko eta ezagutza aditua sortzeko zerbitzuak eskaintzen dituzte.
Fuente: Ihobe