Pasar al contenido principal
03 mar 2025
  • Planificación ambiental

2024, urtebeteko ekintza eraldatzailea Ihoberentzat eta Euskadirentzat

2024, urtebeteko ekintza eraldatzailea Ihoberentzat eta Euskadirentzat

2024 urte garrantzitsua izan da Ihoberentzat eta Euskadi osoarentzat. Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Euskal Legea onartzeak 2050erako neutraltasun klimatikoarekiko eta bidezko trantsizioarekiko konpromisoa indartzen du, eta lurraldea aldaketaren motor gisa kokatzen du, arintze-politikak, inpaktu klimatikoen aurreko lurralde-egokitzapena eta inor atzean gera ez dadin bermatuko duen ekitate soziala azkartuz.

2024an, Ihobek 12.000 ekintza baino gehiago bultzatu zituen enpresekin, eta 3.000 baino gehiago udalerriekin eta erakunde publikoekin, ekonomia zirkularrean, klima-aldaketan edo lurzoru poluituetan mobilizatzeko

2024ak, halaber, Euskadi Europaren abangoardian jarri du Teknologia Garbien Zerrenda berria argitaratuta. Zerrenda hori funtsezko tresna fiskala da trantsizio energetikoa eta ekonomia zirkularra sustatzeko, eta aukera ematen die enpresei teknologia jasangarrietan inbertitzearen kostuaren % 30 kentzeko; hala, funtsezko tresna bihurtzen da euskal ekonomiaren deskarbonizazioa bizkortzeko. Hori guztia Ihobe, Spri eta EEE erakunde publikoen arteko elkarlanari esker lortu da, eta finantza-erakundeak, hornitzaile teknologikoak, zerga-aholkularitzak, enpresa-elkarteak eta enpresak berak ere tartean sartu dira.

2024a datuetan

Ihoberen memoria korporatiboa etorkizun jasangarria eraikitzeko duen zeregin garrantzitsuaren isla da, eta enpresak, tokiko erakundeak eta, oro har, euskal gizartea inspiratzen eta mobilizatzen ditu. 2024an bakarrik, Ihobek 12.000 ekintza baino gehiago bultzatu zituen enpresekin, eta 3.000 baino gehiago udalerri eta erakunde publikoekin, ekonomia zirkularrean, klima-aldaketan edo lurzoru poluituetan mobilizatzeko, kasu gehienetan Udalsarea 2030 udalerri jasangarrien euskal sarearen bidez.

2024an, hondakinak biltzeko eta garbitzeko 80 ekintza egin ziren Lets Clean Up Euskadi! ekimenaren baitan, Let’s Clean Up Europe! ekimenaren barruan. Azken hori Hondakinak Prebenitzeko Europako Asteak (EWWR) sustatzen du, eta erakundeek eta herritarrek naturan hondakinak borondatez jasotzeko konpromisoa hartzea du helburu. Haien artean, Ekoetxea ingurumen-zentroen sareak herritarren bilketa antolatu zuen, eta, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna zela-eta, tona bat hondakin inguru atera zituzten gune naturaletan. Horri dagokionez, 2024a urte errekorra izan zen Ihobek kudeatzen duen Ekoetxea Sarearentzat, 140.000 bisitari baino gehiago izan baitzituen.

Erronka Garbia metodologiak ere errekorra izan zuen; izan ere, prozedura horri esker, minimizatu egiten dira ekitaldiak egiteak ingurumenean eragiten dituen inpaktu negatiboak. 2024an bakarrik, 106 ekitaldiri eman zitzaien ingurumen-ziurtagiria, Erronka Garbia zigiluarekin. Guztira, 400 ekitaldi baino gehiago ziurtatu dira 2015. urtetik, erdia baino gehiago azken bi urteetan.


Jakintza sortzea eta zabaltzea

2024an, Ihobek ere erakutsi du konpromisoa duela kalitateko ezagutza teknikoa sortzeko eta zabaltzeko, zenbait argitalpen eta jardunaldiren bidez.

Hona hemen argitalpen nabarmenetako bat: Naturan oinarritutako konponbideak Euskadin.20 arrakasta-kasu klima aldaketara egokitzeko NOK erabilita. Dokumentu honek esku-hartze arrakastatsuak, ikasitako ikasgaiak, oztopoak eta arrakasta-faktoreak biltzen ditu, eta informazio praktikoa ematen du naturan oinarritutako konponbideen (NBS, ingelesezko siglak) inplementazioa inspiratzeko. Dokumentua Bilbon egindako jardunaldi batean aurkeztu zen, eta Eusko Jaurlaritzak kudeaketa jasangarria eta ekosistemak leheneratzen laguntzen duten eta, aldi berean, giza ongizaterako eta biodibertsitaterako onurak ematen dituzten konponbide horien alde egindako apustua gogorarazi zen.

Ekonomia zirkularrerako Ekodiseinuari buruzko eskuliburu praktiko berria beste ekarpen garrantzitsu bat da, eta ingurumen-irizpideak integratzeko jarraibide argiak eta produktuen diseinuan zirkulartasun-ikuspegia eskaintzen ditu. Eskuliburu hau funtsezkoa da ingurumen-inpaktua murriztu eta jardunbide jasangarriagoak hartu nahi dituzten enpresentzat. Gainera, Ingurumena, gizartea eta gobernanatza kalifikatzeko jardueren gida enpresentzat izenekoak ESG kalifikazioko jarduera-sorta zabal bat biltzen eta sailkatzen du, eta enpresei erreferentzia baliotsua ematen die eremu horietan praktikak hobetzeko.

Egokitzapenaren alorrean, Ihobek Itsasertza klima-aldaketara egokitzea hirigintza-plangintzaren bidez Euskadin argitaratu du. Gida horrek euskal kostaldea egokitzeko orientabide batzuk proposatzen ditu, tokiko agintariei eta hiri-planifikatzaileei bide horretan aurrera egiten lagunduz. Azken urteetan egindako aurrerapenak aurkezteko jardunaldi bat egin zen, klima-arriskuaren analisian eta kostaldean egokitzeko gomendioetan oinarrituta.

2024a urte garrantzitsua izan zen Euskadirentzat, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskal Legea onartu baitzen. Lege horrek 2050erako neutraltasun klimatikoarekiko eta bidezko trantsizioarekiko konpromisoa indartzen du

Hona hemen beste argitalpen garrantzitsu batzuk: Klima aldaketa eta energia-trantsizioa 2024. Herritarren pertzepzioa ekobarometroa. Haren arabera, herritarren % 72k uste dute erosotasunei uko egin behar zaiela klima-aldaketari aurre egiteko. Nabarmentzekoak dira, halaber, Ekoberrikuntza Euskadin.74 irtenbide zirkular berri, ekoberrikuntzako azken euskal proiektuen emaitzak biltzen dituena, edo Produktutik negozio-eredura: serbitizazioa ekonomia zirkular batean, metodologia bat eskaintzen duena ekonomia zirkularrarekin lerrokatutako negozio-ereduak ezartzeko, produktuaren serbitizazioaren bidez.  

Beste ekitaldi batzuk ere egin dira, hala nola Ingurumen Komunikazioaren Eskolaren seigarren edizioa. APIArekin (Ingurumen Informazioko Kazetarien Elkartea) lankidetzan, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Uda Ikastaroen barruan, elkarrizketak egin ziren trantsizio energetikoan eta klimatikoan aurrera egiten eta kontakizuna hobeto komunikatzeko aldatzen laguntzen ari direnekin. Bestalde, 2030 Jasangarritasunerako Eskolaren laugarren edizioan, politika publikoen inpaktua ebaluatzeko gakoak identifikatu ziren, eta ingurumen-hezkuntzak gizartea eraldatzeko tresna gisa duen garrantzia azpimarratu zen.

ASTEKLIMA, Ihobek eta EEEk bultzatutako Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea, urriaren 18tik 27ra egin zen, eta trantsizio energetikoak eta klimatikoak dakarren erronkan inplikatu zuen euskal gizartea, 114 jardueraren bidez, “ekintza orok, txikia izan arren, balio du” lelopean. Esperientzien artean, Klima Azoka nabarmendu zen. Ibilbide bat egin zen hainbat karpatan, gai hauei buruz gehiago sakontzeko: klima-aldaketa, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisialdia eta kontsumo arduratsua. Hamar bat euskal udalerri zeharkatu zituen.

Halaber, Ekonomia Zirkularraren Ostegunak (Ekostegunak) egin ziren, hogei baino gehiago, eta hainbat gai landu ziren, hala nola Europako Itun Berdearen egoera arauemailea; greenwashing-aren aurkako borroka; jasangarritasunaren ebaluazioa hornikuntza-katean zehar; produktuaren pasaporte digitala; Europako taxonomia; edo Climate&Circular Calculator tresnaren aurkezpena, zeinak aukera ematen baitu ingurumen-aztarna kalkulatzeko, ingurumen-zikloaren ikuspuntuarekin.

Iaz argitaratutako Teknologia Garbien Zerrenda funtsezko tresna da ekonomia deskarbonizatzeko, eta Euskadi Europako abangoardian jartzen du

Ihoberi buruz

Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailari atxikita dago, eta ingurumena hobetzea du helburu. Horretarako, euskal politika publikoetan ingurumen-irizpideak txertatu nahi ditu, Euskadirentzat eta haren erakundeentzat balio lehiakorra duen elementu gisa. Horren haritik, Euskadiko trantsizio klimatikoari lotutako erronka nagusiei ekiten die, eta, hala, erresilientzia eta lurraldearen lehiakortasuna hobetzen ditu.

Erakundeak 53 langile ditu —41 emakume eta 12 gizon—, 51 urteko batez besteko adinarekin, eta % 85ek goi-mailako titulu bat dute. Ihobeko langileek lanean duten poz-maila 7,4/10ekoa da. 2024an, erakundeak 13,7 milioi euroko aurrekontua gauzatu zuen bere osotasunean, eta enpresa hornitzaileei fakturak ordaintzeko batez besteko epea 12 egunekoa izan zen.

Ihobek Emakundek emandako “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde Laguntzailea” titulua du eta BAI SAREAren kide da. Sare hori emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko borondatezko konpromisoa duten erakundeek osatzen dute.

Gainera, 2024ko Euskararen Nazioarteko Eguneko Adierazpenaren bidez, sozietate publikoak euskara bultzatzeko eta erabiltzeko konpromisoa du. Hala, iaz, hizkuntza normalizatzeko aholkularitza-zerbitzu bat kontratatu zuen, eta egoeraren diagnostikoa eta hari lotutako plan estrategikoa egin zen.

Ihobeko langileei buruz, berdintasuna sustatzeko ekintzei buruz, lankidetza, gizarteratzea eta hezkuntza sustatzeko jarduerei buruz, nazioarteko jarduerari buruz eta 2024an sustatutako beste ekimen batzuei buruz informazio gehiago lortzeko, haren memoria korporatiboa irakur daiteke.


Fuente: Ihobe

También te puede interesar

07 abr 2026
  • Planificación ambiental
El 16 de abril arrancan los Ekosteguna-Jueves de Ecoeficiencia de Ihobe, jornadas técnicas para profesionales en activo
26 mar 2026
  • Planificación ambiental
El informe de Coyuntura Ambiental de Euskadi muestra en 2025 avances en aire y descarbonización, y señala retos en agua y biodiversidad
10 feb 2026
  • Planificación ambiental
La industria vasca acelera su transición hacia la sostenibilidad, según el último Ecobarómetro Industrial de Ihobe
26 nov 2025
  • Residuos
  • Planificación ambiental
Josu Bilbao, viceconsejero de Medio Ambiente: “cada vez reciclamos más y depositamos menos en vertedero”