Larrialdi klimatikoari lotutako legea Deskargatu1/2024 Legea, otsailaren 8koa, Trantsizio Energetikoarena eta Klima Aldaketarena. Lege horri esker, Euskadi parekatuta egongo da 2050. urterako neutraltasuna, erresilientzia eta bidezko trantsizioa lortzea xedetzat dutelako haiei atxikitzeko asmoa duen araudi, politika eta plan guztiekin. Atmosfera berotzen ari da, eta horrek ondorio larriak eragingo ditu gure ingurumenean eta gizarteetan. Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldearen (IPCCk) ustez, industrializazio aurreko garaia oinarri hartuta munduko tenperaturaren hazkundea 1,5 °C-ra mugatzeko eta klima-aldaketaren efektu negatiboak gutxitzeko, klima berotzen duten berotegi-efektuko gasen isurpenak berehala gutxitu behar dira; hots, helburua izan behar da 2050erako CO2-aren isurpen garbien zero maila lortzea eta urte hori baino pixka bat berandugorako berotegi-efektuko gainerako gasen isurpena ere zero mailara iristea. Europar Batasunak, Europako Klimaren Legearen bitartez, klima neutraltasuna lortzeko esparrua ezarri du: 1990. urtearekin alderatuta, 2030ean Co2-aren isurpenak % 55 murriztea, eta 2050ean berotegi-efektuko gasen isurpenetan neutraltasuna lortzea. Erronka orokor horren barruan, tokiko eskualde eta erakundeek hartzen dituzte klima-aldaketaren inpaktua arintzeko neurrien % 70 baino gehiago eta egokitzapen neurrien % 90 baino gehiago. Azken batean, eskualdeek aplikatu behar dute Europar Batasunaren legeria guztiaren % 70, hau da, gastu publikoaren heren bat eta inbertsio publikoaren bi heren haien esku dago. Akordio eta adostasun soziopolitiko zabalarekin, EAEko 1/24 Legearen bidez Euskadik konpromiso irmoa eta borondatezkoa hartu du eskualdeok, berez, betebeharrik ez daukagun esparruan (Estatuek, aldiz, badute betebeharra). Horri lotuta, legeak klima-aldaketa du erronkatzat, motor moduan jardungo baitu aldaketa hori arintzeko politikak bultzatzeko, isurpenak murriztuz eta trantsizio energetikoa ekarriz, lurraldea aldaketa klimatikoak eragingo dituen inpaktuetara egokituz, eta bidezko trantsizioa bermatzeko ekitatea lortuz.
Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen helburua da Euskadin neutraltasun klimatikoa lortzeko esparru juridiko egonkorra ezartzea, beranduen 2050. urtean (konpromiso hori Pariseko Akordiotik dator), eta klima-aldaketari lotuta lurraldeak duen erresilientzia handitzea, ekitatea eta elkartasuna bermatuko dituen trantsizio bidezko eta jasangarri baten bidez, gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik. Legearen arabera, gainera, beharrezkoak diren ahaleginak egingo dira 2045. urtean neutraltasun klimatikoa lortzeko, eta horretarako, legean jasotzen diren deskarbonizazio-jarduketa guztiak egingo dira, baita jarduketa horiei eusteko finantzaketa-mekanismoak ere. Ildo berean, 2030. urterako tarteko helburu bat ezarri da: berotegi-efektuko gasak % 45 murriztea 2005eko erreferentzia-urtearekin alderatuta, hau da, 1990eko emisioekin alderatuta % 33ko murrizketaren baliokidea. Energiaren azken kontsumoan, gutxienez, % 12 aurreztuko da 2030. urtean, eta % 37ko aurrezpena izango da 2050. urtean, 2021. urtea erreferentziatzat hartuta; eta energia berriztagarriek azken energia-kontsumoan gutxienez % 32ko partaidetza izan beharko dute 2030ean.Horrez gain, honako hauek ere jasotzen ditu legeak: Nazioarteko konpromisoak betetzen laguntzea berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteari eta klima-aldaketaren efektuetara egokitzeko neurriak ezartzeari dagokienez. Trantsizio energetikoaren prozesua honako hauek ardatz hartuta garatzea: energia-aurrezpena eta -efizientzia, energia berriztagarrien aprobetxamendua eta egungo eredua deskarbonizatzeko aukera ematen duten energien erabilera, betiere horniduraren segurtasuna eta lehiakortasuna bermatuta. Deskarbonizazio-prozesua bultzatzea, EAEko sektore sozioekonomiko guztietan trantsizio energetikoa erabiliz, garapen ekonomikoa, enpleguaren kalitatea eta gizartearen ongizatea indartuz, ingurumen, gizarte eta ekonomia ikuspegitik garapen-eredu jasangarri eta inklusibo baten esparruan. Lurraldearen egokitzapen-gaitasuna areagotzea, erresilientzia indartzeko eta klima-aldaketarekiko zaurgarritasuna murrizteko. Energia-trantsizioaren prozesuaren aukerak baliatzea, EAEko industriaren lehiakortasuna bultzatzeko, teknologia- eta industria-garapena oinarri hartuta. Instituzioetan eta enpresetan berrikuntza sustatzea, trantsizio energetikoarekin eta klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko arloekin lotuta, EAEko ekonomia lehiakorragoa izan dadin eta ekonomia zirkularragoa lortzeko. Aldaketa sustatzea trantsizio-energiak eta digitalizazioa bultzatuz, irtenbide teknologiko berritzaileak hartuz eta kontsumitzaileak energia-sistemaren barruan eragile nagusitzat hartuz. Gizartearen gaikuntza eta harmonizazioa bultzatzea finantzaketaren, fiskalitatearen eta ikerketaren arloetan, modu horretan justizia soziala eta bidezko trantsizioa bermatzeko. Energiaren demokratizazioa sustatzea, herritarren sarbidea eta informaziorako eskubidea erraztuz. Lege honen xedearekin lotutako hezkuntza, ikerketa eta informazioaren hedapena bultzatzea.
1/2024 Legeak gobernantzarako baliabideak ezartzen ditu: Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskadiko Bulegoa. Haren zereginak izango dira legean ezarritako helburuen jarraipena egitea, araudia betetzen dela kontrolatzea, gasen inbentarioa egitea, klima-agertokiak eguneratzea, zaurgarritasuna ebaluatzea, informazio, prestakuntza eta komunikaziorako bideak ezartzea, dibulgazio-jarduerak sustatzea, klima-aldaketa behatzeko EAEko sistema kudeatzea eta Batzorde Zientifikoari eta Herritarren Batzarrari laguntzea. Batzorde Zientifikoa.Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren arloan urteko txosten bat egin behar du, eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko du. Batzordea Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskadiko Bulegoari atxikita egongo da. Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Herritarren Batzarra. Batzarraren helburua izango da herritarren parte-hartzea bultzatzea. Energia Jasangarritasunaren Batzordeak hemendik aurrera Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Batzordeak deituko dira eta administrazio publikoen eskumenen arloan eginkizunen gauzatzea koordinatuko dute. Gainera, dauden batzordeen irismena zabaldu da, besteak beste Ingurumenerako Aholku Kontseiluarena (EAEko administrazio publikoen eta gizarte eta ekonomia interesen eta ezagutzaren sektore adierazleen harremanetarako eta partaidetzarako organoa), trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren Gizarte Hitzarmena eta udalek sustatutako herritarren Batzarrak.Plangintzak honako hauek jasoko ditu: eskualdeei, sektore ekonomiko edo industrialei edo biztanleria-segmentuei laguntza emanez trantsizio energetikoa lortzeko neurriak, tresnak, arau-garapenak, finantzaketa-mekanismoak eta mekanismo fiskalak. Legeak plangintzari lotuta ezartzen dituen tresnak honako hauek dira: trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren Epe Luzeko Ibilbide Orria, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren estrategiak eta lurralde historikoen eta tokiko entitateen Klima eta Energia Planak.
EAEko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legeak maila berean jartzen ditu klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko politikak, eta neurri zehatzak jasotzen ditu Euskadi lurralde erresilientea izan dadin. Besteak beste, ekintza hauek jasotzen ditu: klima-aldaketaren aldagaia sartzea lurraldea antolatzeko bitartekoetan, azpiegitura kritikoak eta sentikorrak identifikatzea eta babestea lehorteetan eta uholdeetan dagoen klima-arriskua aztertuz, larrialdi-egoeretan jarduerak gauzatu ahal izango direla bermatzea edo larrialdi-sistemak, babes zibila eta segurtasuna egokitzea, klima-aldaketaren ondoriozko gertaeretan. Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen garrantzia ulertzeko gako nagusiak honako hauek dira: Deskarbonizazioaren aldeko apustua. Klima-aldaketara egokitzearen aldeko apustua. Berrikuntzari eta garapen teknologikoari lotutako aukerak. Desinbertsioa hidrokarburoen ustiapenean eta erauzketan. Fiskalitatea erabiltzea jarduketak bultzatzeko. Karbono-aztarna kalkulatzea enpresetan, administrazioan eta erakunde publikoetan. Gobernantza-sistema efizientea izatea eta dauden egiturak aprobetxatzea. Trantsizio energetikoari eta klima-aldaketari buruzko Itun Soziala. Osasunerako onurak eta enplegu berrien sorrera. Generoaren ikuspegia eta bidezko trantsizioa.