- Environmental communication
- Environmental planning
Biodibertsitatea da gai nagusia jasangarritasunari eta ingurumenari buruzko Ihoberen En verde-Berdean podcastaren atal berrian
Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, En verde-Berdean podcastaren atal berri bat aurkeztu du. Podcasta Euskadiko jasangarritasunari eta ingurumenari buruzkoa da. Oraingoan, Lexeia Larrañaga zuzendariarekin eta Alex Gutiérrez ekoizlearekin (Avis Producciones) hitz egingo dugu haien Natura Bizia film dokumental berriari buruz. Ikus-entzunezko proiektu honek Euskadiko eta Nafarroako biodibertsitatearen balioa nabarmendu nahi du, herritarrak beren ingurune naturalera hurbiltzeko. Zinema-aretoetan ikus daiteke joan den apirilaren 16az geroztik. Naturarekiko eta ikus-entzunezkoen munduarekiko grinak eraman zituen Alex Gutiérrez Benítez eta Lexeia Larrañaga de Val naturari buruzko dokumentalen Avis Producciones ekoiztetxea sortzera. Handik urte batzuetara, ekoiztetxean 'Natura Bizia' proiektua sortu zen, eta, proiektu horretatik, lehen film luzea.
Filma gure lurraldeko aberastasunak erakusteko jaio da, Europan dagoen biodibertsitatearen ehuneko handi bat daukagulako: Euskadik, Europar Batasuneko lurraldearen % 1 bakarrik izanik, Europako intereseko habitaten % 35 hartzen du gutxi gorabehera, fauna-espezieen % 21 eta flora-espezieen % 2.
Filmak ia hiru urteko inbertsioa behar izan du. En verde-Berdean podcastaren atal berrian, ikus-entzunezko proiektu handi hau ekoizteko ontasunak eta zailtasunak xehetasunez azaltzen dizkigute bere bultzatzaile nagusiek. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta Sail horri atxikitako Ihoberen Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren laguntza izan du.
Inspiratzeko postcast bat
Ihobek joan den martxoan aurkeztu zuen En verde-Berdean, bizitza-eredu jasangarriagoak lortzeko lan egiten duten pertsonei eta erakundeei ahotsa emateko. Bego Beristain kazetariak aurkeztutako formatu berri hau jaio da EAEko natura-ingurunearekin eta ingurumen-erronkekin lotutako esperientziak eta proiektuak zabaltzeko asmoz, beste pertsona eta erakunde batzuk inspiratzeko eta haien arteko sinergiak sortzeko.
Lehen atalean Gabi Martínez idazlea eta naturalista izan zen protagonista. Egungo eredu sozioekonomikoa birpentsatzeko eta ingurumena errespetatzen duen eredu jasangarriago baterantz abiatzeko bidean, artearen eta literaturaren munduak egin ditzakeen ekarpenei buruzko gogoeta egin zuen.
Euskadiko jasangarritasunari eta ingurumenari buruzko Ihoberen En verde-Berdean podcastaren atal guztiak entzun ditzakezu eta podcastera harpidetu iVooxen nahiz Spotifyn.
Source: Ihobe