- Ecodesign
- Circular economy
Sasoiko eta bertoko produktuen kontsumoa autogestionatutako eskola-jantoki batean
Larrabetzuko eskolako gurasoen Elkarteak hamar urte daramatza eskolako jantoki-zerbitzuaren kudeaketaz modu integralean arduratzen. Helburua da dieta orekatu eta osasuntsua segurtatzea euren seme-alabentzat, kalitate goreneko osagaiak eta elaborazio zaindua bultzatuz eta bertoko zein sasoiko produktu freskoak lehenetsiz. Horri begira, 2008az geroztik, elkarteak erabaki du autogestio-eredu hori garatzea eskolako jantokian.
Hau da bere jantokia kudeatzeari ekin zion lehenengo eskola, eta erreferente bihurtu da bide berberetik joateko interesa duten beste ikastetxe batzuentzat. Ekimen honen emaitzak azpimarragarriak dira: kontsumoaren % 17 jatorri ekologikokoa da, erosketak eta menuak kontsumo-beharretara egokitzen dira, eta hondakin ekologikoak balorizatu egiten dira.
Ikasleek sasoiko eta bertoko produktuak kontsumitzen dituzte, % 17 jatorri ekologikokoak.
Kalitate gorenaren alde egiteak ez du zerbitzuaren prezioa aldatzen, zeren berau Eusko Jaurlaritzak ezarritako prezio berbera baita. Hori lortzeko, baserritarren eta tokiko saltokietako produktuetara jotzen da.
Eskolak saihesten du elikagaien alferrikako galera, hondakin organiko guztiak balorizatuz (4 tona urtean). Izan ere, 800 kg konpost inguru sortzen du ikasturte bakoitzeko.
Gurasoen Elkarteak zuzenean egiten ditu erosketak, kontsumora ahalik eta gehien egokituz, alferrikako galera saihesteko eta hondakinen kudeaketa ekonomiko ona egiteko.
Esperientzia hori jasota dago Eusko Jaurlaritzaren Ihobe sozietate publikoak argitaratutako 20 Jardunbide Egoki Euskadiko Elikadura Zirkularrean izeneko dokumentuan.
Source: Ihobe