Skip to main content
10 jan 2025
  • Corporate
  • Environmental communication

José Antonio Armolea: "Administrazioarekin hitz egiteak gauzak errazten dizkie enpresei, ingurumen-arloko araudia betetzeko orduan"

José Antonio Armolea: "Administrazioarekin hitz egiteak gauzak errazten dizkie enpresei, ingurumen-arloko araudia betetzeko orduan"

Jende gutxik du Euskadin Ihobe sozietate publikoko abokatu José Antonio Armolea Solabarrietak bezainbesteko esperientzia ingurumen-legeriaren inguruan. Eguneroko lanaz gain, zenbait urtez aritu da Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren araubide juridikoa izeneko doktorego-tesia prestatzen. Horretan, zenbait jarraibide ematen ditu enpresen eta Administrazioaren arteko akordioak errazteko, eta beti dira erabilgarriak eta onuragarriak araudia betetzeari begira. Tokiko zuzenbidearen arloko doktorego-tesirik onenaren Pedrol i Rius Saria eman diote haren lanari.


GALDERA. Nola azalduko zenioke publiko ez espezializatu bati zertan datzan zure doktorego-tesi saritua?



ERANTZUNA. Tesia kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuen inguruko araudiari buruzkoa da. Hain zuzen ere, jarduera ekonomikoentzako araudirik zorrotzenetako bat da, barne hartuta airean, uretan eta lurzoruan inpaktu handia duten jarduera industrialak. Europar Batasunak IPPC gisa sailkatutako 300 jarduera inguru daude Euskadin, guztira.



G. Kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak, ez?



E. Hori da. Nire asmoa zen ikustea nola erraztu dezakegun, zuzenbidetik abiatuta, betebehar horietako batzuk betetzea. Izan ere, jarduerek, sarritan, arazo bat izaten dute: araudiak oso zorrotzak direnez, ez dituzte betetzen edo epe luzeagoetan betetzen dituzte. Eusko Jaurlaritzan eta Ihoben erabiltzen dugun ideia bat dut abiapuntu: duela urte asko, IPPC enpresekiko borondatezko akordioen lerro bat jarri genuen martxan, betekizun horiek betetzea errazteko.



G. Ingurumen-tutoretzako borondatezko tresnak aipatzen dituzunean, zertaz ari zara?



E. Araudian zer borondatezko tresna dauden eta zein erabil daitezkeen aztertu nuen. Hiru tresna-mota aztertu nituen: EMAS izenekoak, hots, enpresek duten borondatezko ingurumen-kudeaketako sistema europarra; etiketa ekologiko europarraren sistema; eta jarduera ekonomikoen titularren eta Administrazioaren arteko ingurumen-arloko akordioak. Hiru horietatik, birekin geratu nintzen, ikusi bainuen etiketak ez zuela tesirako potentzialtasunik. Akordioei dagokienez, hasteko, zer gai adostu daitezkeen identifikatu behar zen. Gero, hauteman behar zen legearen zein zati adostu daitezkeen, segurtasun juridikoa egon dadin. Halaber, beste erkidego, herrialde eta abarretan zer egiten duten bilatu nuen. Gauza bera egin daiteke beste araudi batzuekin.


“Kontua da konfiantzazko harremana sortzea enpresaren eta Administrazioaren artean”


G. Etorkizuneko tesi baterako ideia izan daiteke. Zenbat denbora behar izan duzu egiteko?



E. Dezente. Egia da gogo handiz hasi nintzela, baina, gero, eguneroko bizitza, familia, lana... Zenbait urte izan dira, baina horietako batzuetan ez nuen ezer idatzi. Pisu handia zen eta uzteko zorian egon nintzen. Azkenean, familiak animatu egin ninduen, eta azken urtean bete-betean sartu nintzen. Luzapenaren epea bete baino egun gutxi batzuk lehenago aurkeztu nuen.



G. Zergatik gomendatzen diezu, batez ere, enpresei, tresna horiek erabiltzea?



E. Egia esan, enpresek eta administrazioek eguneroko lanean erabiltzen ditugu tresnok. Hau da, ingurumen-arloko betekizun bat bete behar denean, enpresek Administrazioarekin hitz egiten dute eta, batzuetan, akordioak lortzen dituzte, posible denean eta legeriak horretarako aukera ematen duenean.



Administrazioarekin hitz egiteak gauzak errazten dizkie enpresei. Lizentziak eta baimenak eskatu eta zigorrak jartzeaz gain, esateko dutena entzun eta araudia betetzeko bideak ematen dizkie. Zera diot nik: dagoeneko egiten ari bagara, egin dezagun zorroztasun juridikoz. Enpresentzat positiboa da. Nolanahi ere, ez da berdinen arteko harremana, Administrazioak bermatu behar baitu beti araudia betetzen dela. Konfiantza-maila jakin bat egoteak ez du esan nahi denak balio duela. Baina enpresak esateko duena entzutea eta enpresak bere arazo eta zailtasunak entzuten dituztela sentitzea onuragarria da enpresentzat eta Administrazioarentzat. Ez baitu ezertarako balio betetzen ez diren legeak onartzeak.



G. Eta administrazioak ba al du malgutasunerako tarterik?



E. Jakina, malgutasun hori bilatu behar da. Araudiak, egoera batzuetan, araudia betetzera egokitzeko aldiak ahalbidetu ditzake. Diskrezionalitaterako tartea aurkitzen duzunean, aprobetxatu egin behar duzu, baina beti juridikoki eta teknikoki kontrolatuta.



G. Borondatezko bide horrek kostuak eta ahaleginak aurrezten ditu?



E. Denborari dagokionez, agian, bai. Araudiak aukera ematen badu neurri zuzentzaile bat urtebetean hartu beharrean lautan hartzeko, enpresak tarte handiagoa izango du. Eta administrazio-izapideren bat edo kontrolen bat ere aurreztu daiteke. Kontua da konfiantzazko harremana sortzea enpresaren eta Administrazioaren artean. Zugan konfiantza badut, nolabaiteko onura jaso dezakezu, esaterako, eperen batean, etab. EAEko araudian, kasu zehatz bat daukagu, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen arloan. Enpresek fidantza aurkeztu behar dute hondakinak ondo kudeatuko dituztela bermatzeko, eta ez badute aurkezten, udalak fidantza betearazten du. Araudiaren arabera, EMAS enpresek ez dute fidantzarik jarri behar, Administrazioaren ulertzen baitu gauzak ondo egingo dituztela, ingurumen-kudeaketako sistema batean daudelako. Ondorioz, enpresak kostuak aurrezten ditu eta harremana errazagoa da.


“Erreferenteak gara Europa mailan, lan handia egin baitugu erakundeak ingurumena hobetzera animatzen dituzten onura administratiboak sartzeko gure legerian”


G. Nola sortzen da konfiantzazko harreman hori? Hasieran ez da erraza izango.



E. Jakina, eraiki egin behar da. Lehenik eta behin, araudiari buruz informazio eta prestakuntza asko eman behar da. Sentsibilizatu egin behar da. Zenbait elkarterekin egiten dugu lan, Aclimarekin, adibidez, eta proaktiboak izan behar dugu enpresak batez ere EMAS sistemara atxikitzeko. Euskadin emaitza onak lortu ditugu, beste autonomia-erkidego batzuekin eta Europar Batasuneko estatu batzuekin alderatuta. Guk 200 erakunde ditugu EMASen, Frantziak, Belgikak, Holandak eta beste herrialde batzuek baino gehiago.



G. Proportzionalki edo zenbaki absolututan?



E. Zenbaki absolututan, Euskadik beste herrialde batzuek baino erakunde gehiago ditu, haietan ez baitute hainbeste egiten Europako EMAS sistema honen alde. Sistemaren bereizgarri da Administrazioak esku hartzen duela eta ISO 14001 sistemak ematen ez duen gardentasuna bermatzen duela. Erakundeek ziurtagiri hori jasotzen badute, legeria betetzen dutelako da. Sistema gardena da, eta ahalegin handia egiten ari gara enpresek sistema horretan sinets dezaten, ingurumena hobetzeko bide bat baita. Ildo horretan, erreferenteak gara Europa mailan, lan handia egin baitugu erakundeak ingurumena hobetzera animatzen dituzten onura administratiboak sartzeko gure legerian. Euskadin asko hitz egiten dugu enpresekin. Hobetzeko tartea badago, baina topagune asko ditugu.



G. Zerk bultzatzen du gehien ingurumen-araudia betetzea: egon daitezkeen zigorren beldurrak edo benetako ingurumen-kontzientziak?



E. Ezertan eragotzi gabe beharrezkoa denean zehapenak aplikatzea, lehiakortasunak mugiarazten ditu enpresak. Jasangarritasunaren, ekonomia zirkularraren eta trantsizio energetikoaren bidean ez dagoena kanpoan geratzen da. Herritarrak ere kontzientziatuago daude.



G. Non daude bi alderdien arteko akordio horiek lortzeko oztopo nagusiak?



E. Enpresak kexu dira legeria eta burokrazia asko dagoela, eta egia da. Orain Gobernua burokrazia murrizteko lege bat prestatzen ari da. Eta Euskadin, 2021ean, Ingurumen Administrazioaren Legea onartu genuen, zeinaren funtsezko helburuetako bat baita izapidetze administratiboa murriztu eta sinplifikatzea. Eta uste dut pauso oso garrantzitsuak eman ditugula. Administrazio-prozedurak bateratu ditugu. Orain, Euskadiko ingurumen-inpaktuko jarduera guztietan, baimen eta baldintza guztiak baimen bakar batekin kudea daitezke, prozedura bakar batean.



G. Non dago une honetan hobetzeko tarterik handiena?



E. Badago, jakina. Europako araudiak kalitate-estandar altuak eskatzen ditu. Eta Euskadin ere eskatzen dira. Horren adibide da Autonomia Erkidego honetan kutsatutako lurzoruen inguruan dugun legeria. Oso zorrotzak gara ingurumenaren arloan, eta hala izaten jarraituko dugu. Izapideen eremuan ere hobetzeko tartea dago. Ezinbestekoa da administrazio-prozedurak sinplifikatzea, kalitate-estandar horiek mantenduta, betiere.



G. Amaitzeko, zer eginkizun du Ihobek arlo horretan



E. Ibilbide garrantzitsua du bideratzaile gisa. Eta sentikortzeko eta dibulgatzeko lan handia egiten dugu. Informazioa, gidak eta abar izatea lagungarria da legeria betetzeko. Uste dut Euskadin eta kanpoan ezagunak garela zorroztasun tekniko eta juridikoz lan egiten dugulako.



Source: Ihobe

You may also be interested in

27 mar 2026
  • Corporate
Ihobe drove 639 initiatives by local authorities and mobilised more than 2,200 businesses in 2025 to move the Basque Country's energy and climate transition forward
10 jan 2025
  • Corporate
  • Environmental communication
José Antonio Armolea: "Talking to the Administration makes it easier for companies to comply with environmental legislation"
10 jan 2025
  • Corporate
  • Environmental communication
José Antonio Armolea: "Talking to the Administration makes it easier for companies to comply with environmental legislation"
17 oct 2024
  • Environmental communication
  • Local public action
More than a hundred activities will mobilise Basque citizens against climate change during ASTEKLIMA, the Basque Climate and Energy Week