- Waste
- Ecoinnovation
- Circular economy
- Ecodesign
Eusko Jaurlaritzak 13 milioi euro bideratuko ditu ekonomia zirkularra sustatzeko diru-laguntzetara
Aginduak, Euskadin ekonomia zirkularra sustatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dituenak eta deialdia egin duenak, zehazten du dirulaguntzak honako helburu hauetara bideratuko direla: beste hondakin batzuen gaikako bilketa ezartzera (bereziki, biohondakinena) eta daudenak hobetzera; bereizirik bildutako biohondakinak tratatzeko instalazio espezifikoak eraikitzera; bereizirik bildutako bestelako hondakin-fluxuak berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatzeko instalazio berriak eraikitzera; eta inbertsioak egiteko bilketa-instalazioetan (adibidez, garbiguneak), baheketa- eta sailkapen-instalazioetan (ontziak, papera, etab.), tratamendu mekaniko-biologikoko plantetan eta berreskuratutako erregai solidoak prestatzeko instalazioetan.
Dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte udalek eta beste toki-erakunde batzuek (foru-aldundiak, mankomunitateak edo kuadrillak, adibidez), edo toki-erakunde horiek eta hondakinak biltzeko edo tratatzeko zerbitzuak emateko eskumena duten sozietate publikoek eratutako partzuergoek. Gainera, hondakin-gestoreak aukera izango dute hondakinen kudeaketarako azpiegiturekin lotutako dirulaguntzak.
Era berean, hartzaileak izan daitezke industrietan sortutako merkataritza-hondakin ez-arriskutsuak edo etxeko hondakinak sortzen dituzten erakunde juridiko publiko eta pribatuak (enpresak, elkarteak, gremioak, fundazioak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak, eskolak eta unibertsitateak, etab.), eta bilketa-proiektu bereizia aurkezten dutenak, eta hondakin-kudeatzaileak, bilketa helburu ez duten proiektuak aurkezten dituztenak.
Enplegua sortzea
Laguntza horiek enplegua sortzen lagunduko dute, biltzeko, berrerabiltzeko prestatzeko eta birziklatzeko jarduerak sustatzen baitituzte
Laguntzen helburua da lanpostu berriak sortuz COVID-19ak sortutako pandemiaren eragin ekonomikoa eta soziala arintzen laguntzea, eta Euskadiko ekonomia eta gizartea jasangarriagoak bihurtzea eta hobeto prestatuta egotea trantsizio ekologikoaren eta digitalaren erronka eta aukeretarako, bai eta gizarte-kohesioa sustatzea ere.
Gainera, xedea da epe ertainean Euskadi ekonomia zirkularreko erreferente izatea Europan, ingurumenaren babesa izanik jasangarritasunaren, lehiakortasunaren eta enplegu-sorkuntzaren funtsezko faktore, eta hazkuntza ekonomikoa banaturik dagoela baliabide naturalen kontsumotik, hondakinen sorkuntzatik eta berotegi-efektuko gasen emisiotik.
Udal-hondakinak berrerabiltzeko eta birziklatzeko helburuak hiru denbora-horizonte berrirako finkatu dira: % 55erako helburua 2025ean, % 60koa 2030ean eta % 65ekoa 2035ean. Hondakin horiek, gainera, gehieneko muga bat izango dute; 2035ean, sortutako udal-hondakin guztien % 10 bota ahalko dira gehienez. Helburu horiei gehitu behar zaizkie ontzien birziklapenean eta ontzien hondakinetan 2025erako eta 2030erako ezarritako helburuak, globalak eta gaikakoak. Helburu horiek osatzen dute Basque Green Deal-Itun Berdea, Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen garapen inklusibo eta jasangarriaren eredua, onartu berri den Euskadiko Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Planarekin bat etorriz.
Hondakinen kudeaketaren, baliabideen erabilera efizientearen eta klima-aldaketaren aurkako politikaren ikuspegitik lortutako onurei, enplegua sortzearekin lotutakoak gehitu behar dizkiegu, biltzeko, berrerabilpenerako prestatzeko eta birziklatzeko jarduerak sustatzearen ondorioz.
Source: Ihobe