Skip to main content
27 apr 2022
  • Environmental planning
  • Ecodesign

Euskadik bere Ingurumen Esparru Programa berria diseinatuko du, 2030era arte bere jasangarritasun-politika markatuko duen ardatza

Euskadik bere Ingurumen Esparru Programa berria diseinatuko du, 2030era arte bere jasangarritasun-politika markatuko duen ardatza
AmaiaBarredoIEP2030“Gure ingurumen-politikak onura handiak ekarri ditu. Mende honetan, gure BPGd-a % 38 hazi da eta, aldi berean, baliabideen erabilera eta ingurumenari eragindako efektua nabarmen murriztea lortu dugu” azaldu du sailburuordeak. “Euskadiren hazkunde ekonomikoaren eta ingurumen-adierazle nagusien arteko desakoplamendu hori positiboa eta esperantzagarria da. Baina ez gaitu konformismora eraman behar, balitekeelako nahikoa ez izatea epe luzera behar ditugun helburuak lortzeko. Oraindik ere erronka garrantzitsuak ditugu gure ekosistemetan lurzoruari, ingurune-zaratari eta klima-aldaketaren ondoriozko arrisku handiari dagokienez”.

Ingurumen-plangintza berrian, euskal gizartearen eremu guztietako 40 adituk lagunduko dute

Euskadi 2030 IEPren prestakuntzak 2022ko amaierara arte luzatuko den prozesu bati jarraituko dio. Programa garatuko den testuinguruan, ingurumen-helburu handiak 2050eko horizontean finkatu arren, epe laburragorako tarteko mugarri bat dago 2030ean. Bat etorri beharko du 2030 Agendarekin eta Europako Itun Berdearekin, bai eta Euskadiko Itun Berdearekin ere: Eusko Jaurlaritzak lurraldearentzat egindako ibilbide-orri propioarekin. Helburua garapen orekatua lortzea da, bai ekonomiari dagokionez, bai gizarteari eta ingurumenari dagokienez.

Administraziotik, enpresatik, esparru akademikotik edo ikerketatik datozen hainbat gai eta diziplinatako espezialistak sei lantaldetan banatuko dira: bat planteatu den erronka handi bakoitzeko.

IEP2030



IEP 2030ek markatzen dituen erronketako bat da politiken zeharkakotasuna, 2030erako ingurumen-helburuen ikuspegi integralarekin, interdependentziarekin eta ingurumenaz bestelako arloekiko loturarekin; beste erronka batek osasuna eta ingurumena aipatzen ditu, osasunarekiko arrisku nabarmenak diren bektore berriak euskal ingurumen-politikan txertatuz, ingurumen-osasunaren garrantzian sakonduz. Hirugarrenik, jasangarritasun lehiakorra lortu nahi da, ekoizpen-sistema eraldatuz.

Bestalde, jasangarritasun-irizpideetan oinarritutako kontsumo-eredu bat bultzatu nahi da, ekoizpen-ereduarekin duen harremana ziurtatuz; finantzaketa jasangarria, inbertsioak handitzea eta euskal finantza-sektorea birbideratzea enpresa eta proiektu jasangarriei laguntza emateko; eta, azkenik, Ingurumen Esparru Programa berriak adierazle solidoetan oinarritutako erabakiak hartzeko eredu bat abiarazi nahi du, ingurumen-aldagaien bilakaera eta helburuak modu parte-hartzailean eta gardentasunez betetzen direla monitorizatuz.

Gainera, “lortu nahi dugun garapen jasangarriaren eredua lortzeko, digitalizazioan eta deskarbonizazioan sakondu behar da” –nabarmendu du Barredok–, ekintza-palanka gisa Euskadiko Ingurumen Esparru Programa 2030en diseinua arrakastatsua izan dadin.

Proiektu eraldatzaileak

Erronka horietatik abiatuta, sei lantaldeek proiektu eraldatzaile batzuk proposatu beharko dituzte, “jasangarritasuna euskal politikaren giltzarri gisa finkatzen den plangintza berritzailea bultzatzeko”, gehitu du Amaia Barredok. Kontua da fokua ekintzan eta epe ertaineko emaitza ukigarrietan jartzea. Horretarako, zehatzak eta bideragarriak izan behar dute, berrikuntzaren bilaketan zentratuta eta erreferente bihurtzeko bokazioa dutenak.

“Hemen ibilbide luzea egin dugu jasangarritasunarekiko konpromisoari dagokionez, eta gure anbizio-maila handitzen joan gara esparru horretan. Euskadin oinarriak ditugu gure proiektuak asmo handikoak izan daitezen, eta aitzindariak estatu mailan nahiz Europa mailan”, adierazi du sailburuordeak. Halaber, nabarmendu du “ezinbestekoa dela lankidetzan aritzea eta sareko lana”. Horregatik, eskerrak eman dizkie adituei parte hartzeagatik eta beren “ezagutza zehatza, ikuspuntua eta ikuspegi estrategikoa” ekartzeagatik.

Gaur egindako ekitaldiak Ingurumen Esparru Programa 2030en diseinua abiarazi du, eta sei lantaldeek zenbait bilera antolatuko dituzte datorren ekainaren 4an, Ingurumenaren Mundu Egunaren bezperan, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Arantxa Tapiak, partaidetzazko prozesuaren ondorengo atariko ondorioak aurkez ditzaten.

Ingurumen Esparru Programaren prestakuntza-lanak ekitaldi honen amaieran amaituko dira, partaidetzazko prozesuaren emaitzak eta behin betiko dokumentua aurkezten direnean.

Source: Ihobe

You may also be interested in

26 nov 2025
  • Waste
  • Environmental planning
Josu Bilbao, Basque Deputy Minister for the Environment: ‘we are increasingly recycling more and less is ending up in landfill’
14 mar 2025
  • Environmental planning
The Basque Country consolidates its environmental protection with significant improvements in air quality and emissions reduction according to its Environmental Outlook 2024 Report
03 mar 2025
  • Environmental planning
2024, a year of transformative action for Ihobe and the Basque Country
24 feb 2025
  • Circular economy
  • Ecodesign
Basque Circular Summit 2025, the largest conference on the circular economy in southern Europe, confirms leading speakers with almost all the places already taken up