Skip to main content
20 jun 2024
  • Local public action

Udalsarea 2030, Hiri eta Herri Jasangarriei buruzko Aalborg 2024 Europako Konferentziaren partnerra

Udalsarea 2030, Hiri eta Herri Jasangarriei buruzko Aalborg 2024 Europako Konferentziaren partnerra

Udalsarea 2030, Udalerri Jasangarrien Euskal Sarea, Hiri eta Herri Jasangarriei buruzko Aalborg 2024 Europako Konferentziaren partner izendatu dute. Ekimen hori ICLEIk, garapen jasangarriarekin konprometitutako tokiko eta eskualdeko gobernuen munduko sare liderrak, antolatu du, eta Aalborgen (Danimarka) egingo da urriaren 1etik 3ra bitartean.


Konferentzian udal ordezkariek eta hirien eta eskualdeen eraldaketa jasangarrian laguntzea helburu izan duten adituen talde zabalak parte hartuko du. Aurtengo edizioak bat egiten du Aalborgeko Gutunaren 30. urteurrenarekin (1994) eta Aalborgeko Konpromisoen 20. urteurrenarekin (2004), eta, abagunea ospatzeko eta abian den klima-larrialdiaren beharrei erantzuteko, goi-mailako hitzaldien eta esperientzien panela eratzen ari da erakundea.


Europako Itun Berdea tokiko eremuan aplikatzea funtsezkoa da arrakasta izateko. Tokiko eta eskualdeko gobernuek hobeto ulertzen dituzte erronkak, beharrak eta testuinguru hurbilena, eta, beraz, hobeto kokatuta daude beren beharretara egokitzen diren soluzioak aurkitzeko. Azken urteotan, gobernantza-tresnak garatu dira, hala nola tokiko akordio berdeak eta klima-hiri kontratuak, tokiko eta eskualdeko gobernuei alderdi interesdunak biltzen eta haien nahiak integratzen laguntzeko.

‘Aalborg 2024’ saioak tresna horiekin egindako tokiko esperientziak aztertuko ditu, baita joan den ekainaren 9ko Europako hauteskundeen ondoren Europar Batasunean erabakiak hartzeko ardura duten pertsonen aldetik behar den laguntza ere.


Konferentziaren antolatzaileen ustez, klimaren, biodibertsitatearen, baliabideen eta gizarte-desberdintasunaren krisi interkonektatuak konpontzeko, toki, estatu eta nazioarte eremuetan behar dira soluzioak eta ekintzak. Erronka horien erantzunek tokiko ekintza islatu behar dute, asmo handiko tokiko politika eta programa bihurtu behar dira, eta tokiko liderrek bermatu behar dute komunitateek ikuspegi ausart horiek babesten dituztela. Ingurumen-ekintza ausarta eta gizarte-kohesioa uztartzea aurretiazko baldintza da eraldaketa jasangarria lortzeko. Tokiko mailak du potentzial demokratiko handiena, pertsonak zuzenean inplikatzen ditu erabakiak hartzeko orduan, eta pertsonei lehen eskuko erabaki politikoen inpaktuak esperimentatzeko aukera ematen die.


Europako Itun Berdeak klima aldetik neutroa den kontinentea lortzeko oinarri garrantzitsua ezarri du, eta 2024ko Europako hauteskundeen ondoren horrela jarraitu behar du. Konferentziaren helburua da Europako Itun Berdeak katalizatutako lan on guztia Europako hurrengo legegintzaldian aurrera eramatea, eta legegintza-paketea gobernu-maila guztietan aplikatzea.


Udalsarea 2030en parte-hartzea aurreko edizioetan


Udalsarea 2030ek Hiri eta Herri Jasangarriei buruzko Europako Konferentziaren hainbat ediziotan hartu du parte, Euskadiko ordezkaritzaren barruan. 2004an, Aalborgeko Konpromisoekin bat egin eta Sareko kide diren udalerrien artean horiek sustatzeko konpromisoa hartu zuen. Aalborgeko 10 Konpromisoekin bat egite horri esker, Europa mailako jasangarritasunaren aldeko tokiko erronkak zehaztu eta lerrokatu ahal izan dira.


2007tik, hamarkada batez, Udalsarea 2030ek euskal udalerriek Aalborgeko Konpromisoei egindako ekarpena aztertu zuen, egindako jardueren urteko ebaluazioaren bidez.

Urtero, ebaluazio- eta jarraipen-prozesuen bidez, jasangarritasun-ekintzen gauzatze-maila eta Aalborgeko 10 Konpromisoetako bakoitzari egiten dioten ekarpena aztertu ziren, bai udalerriaren ikuspegitik, bai Udalsarea 2030eko kide guztiei dagokienez. Balio handiko informazio hori Euskadiko Tokiko Jasangarritasunaren Behatokian jasota geratu zen, eta, horri esker, lehen eskutik jakin daiteke tokiko ekintza-planek zenbateraino egin duten aurrera konpromiso horiei dagokienez.


2016an, Euskadik Hiri eta Herri Jasangarrien Europako 8. Konferentzia hartu zuen, Aalborgeko Gutunean (1994) eta Aalborgeko Konpromisoetan (2004) jasotako helburuei jarraipena emanez. Bilbon, hiriak eta herriak inspiratzeko, ingurune produktibo, jasangarri eta erresilienteak sortzea ahalbidetuko zuten ekintza eraldatzaileak garatzeko eta sortzeko Euskal Adierazpena sinatu zen. Horretarako, Euskal Adierazpenak Europa inklusibo eta bizigarrirantz aurrera egiteko 15 bide finkatu zituen, hiru multzo handitan bilduta: eraldaketa sozio-kulturala, sozioekonomikoa eta teknologikoa.


Testuak, ekonomia zirkularrerantz aurrera egiteko modu berritzaileak aplikatuz tokiko balio-kateak suspertzea proposatzen zuen, teknologia adimendunak erabiltzearen garrantzia agerian jartzen zuen, kontratazio publikoa tresna indartsu gisa integratuz, eta open-data estandarrak erabiltzea proposatzen zuen, besteak beste.


Source: Ihobe

You may also be interested in

07 mar 2025
  • Local public action
Over 5,000 people take part in KLIMA AZOKA, the travelling sustainability fair
14 nov 2024
  • Local public action
43 Basque projects tackle food waste to mark the European Week for Waste Reduction
17 oct 2024
  • Environmental communication
  • Local public action
More than a hundred activities will mobilise Basque citizens against climate change during ASTEKLIMA, the Basque Climate and Energy Week
26 sep 2024
  • Local public action
The Basque Government has presented twenty projects that position the Basque Country as a European benchmark in nature-based solutions