- Local public action
Udalsarea 2030ek lankidetza-esparru berria ezarri du Batzorde Teknikoaren topaketan
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaz gain (Ihobe), Udalsarea 2030en Idazkaritza Tekniko gisa, oraingoan, Berrikuntza Sozialaren zuzendari Iker Atxak eta Asier Aranbarri aholkulariak ere parte hartu dute, biak ere Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Sozialeko eta 2030 Agendarako Idazkaritza Nagusiko kideak. Azken horien presentzia Lehendakaritzak Udalsarea 2030ekin bat egin izanak markatzen du. Izan ere, orain amaitu da sarearen jarduera- eta lankidetza-esparru estrategikoari buruzko hausnarketa-prozesua, eta, horren ondorioz, hitzarmena eta, ondoren, plan estrategikoa berrituko dira.
Batzorde Tekniko horretan, Lehendakaritzak babesa eman dio EAEko udalerriek Tokiko 2030 Agenda onartzeari, Udalsarea 2030en lana goraipatuz, toki-mailan hedapen hori lortzeko funtsezko plataforma baita. Halaber, Basque Country 2030 Agendaren hurrengo urteetarako lehentasunen programa zehaztu dute, eta iragarri dute uztailaren 6an onartuko dela maila anitzeko foro bat sortzeko dekretua, administrazio publiko osoak (eskualde-, lurralde- eta toki-mailakoak) eta beste eragile batzuek (sektore zibila, akademikoa, etab.) osatuko dutena. Foro horri laguntzeko, toki-erakundeek 2030erako agendak har ditzaten, lantalde bat eratuko dute Udalsarea 2030ek, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak, Hiri Agendak eta Lehendakaritzak berak.
Sarearen esparru estrategiko berria
2021. urtea Udalsarea 2030en lankidetza- eta jarduera-esparru estrategikoari buruzko hausnarketa-prozesu baterako abiapuntua izan da. Kide guztien ahotsa izan duen parte hartzeko prozesu baten ondoren, prozesu hori amaituko da Euskadin tokiko jasangarritasunaren aldeko konpromiso-akordioa berrituz, hau da, indarraldia iazko abenduan amaitu zen hitzarmena berrituz.
Ihobek, Udalsarea 2030en Idazkaritza Teknikoa izanik, akordio berria osatzear du, eta, lehenik eta behin, eragile bultzatzaile nagusiek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailak eta Lehendakaritzako Trantsizio Sozialeko eta 2030 Agendarako Idazkaritza Nagusiak sinatuko dute, eta, ondoren, udalek, eskualdeko erakundeek eta udalaz gaindiko erakundeek akordio berria atxiki eta sinatuko dute, Udalsarea 2030en kide aktibo bihurtu daitezen.
Udalerrien partaidetza
Udalerri Jasangarrien Euskal Sareak toki-mailako politikak sustatu nahi ditu garapen jasangarriaren alorrean eta, horretarako, garrantzitsua da atxikitako udalerriek beren esperientzien berri eman dezaten. Batzorde Teknikoa ez da norabide bakarrekoa; aitzitik, batzordekideen parte-hartzea bilatzen du hazteko, eta, 57. edizio honetan, hainbat kasu azaldu dira.
Zarauzko Udalak bere ibilbidea aurkeztu du garapen jasangarriko politiken plangintzan eta kudeaketan, lehenik Agenda 21ekin eta orain Zarautz 2030 Estrategiarekin. Plan estrategiko horrek garapen jasangarriko helburuak hartzen ditu erreferentziatzat.
Arabako Errioxako Kuadrillak azaldu du nola ari diren Kripan, Leza, Moreda, Navaridas eta Samaniego udalerriei beren Tokiko 2030 Agendak egiteko prozesuan laguntzen, baliabide gutxi izan arren, Udalsareak 2030ek ematen dituen tresnak baliatuz.
Azkenik, Gasteizko Udalak "BIrGURPIL, gurpila BIR-asmatzen" proiektu berritzailearen berri eman du. Berringurumena programak finantzatutako ekonomia zirkularreko proiektua da, eta lege-oztopo bat gainditzea ekarri du materialen zikloa ixtean, ekoizlearen erantzukizun-ikuspegi zabalduaren eta erosketa publiko zirkularraren tresnaren bidez. Gasteizko bizikletak berritzeko ganberak eta gurpil-azalak jasotzeko sistema bat abian jarrita, berreskuratutako materiala hiriko bizikleta-sareko ekipamenduetarako erabiliko da.
Gainera, Ihobek, Udalsarea 2030en Idazkaritza Teknikoa izanik, honen berri eman du: alde batetik, klima-aldaketaren, lurzoruen, naturan oinarritutako irtenbideen, hondakinen, ekonomia zirkularraren, erosketa eta kontratazio publiko berdearen eta abarren arloetan datorren seihilekorako jarduera-aurreikuspena; bestetik, Udalsarea 2030en esparruan hainbat lantalde abian jartzea, eremu horietan tokiko politikekin zerikusia duten alderdiak jorratzeko.
Source: Ihobe