Skip to main content
03 may 2024
  • Local public action

Zabalik dago Aalborg + 30 Hiri eta Herri Jasangarriei buruzko Europako Konferentzian izena emateko epea

Zabalik dago Aalborg + 30 Hiri eta Herri Jasangarriei buruzko Europako Konferentzian izena emateko epea

Aalborgek Hiri eta Herri Jasangarriei buruzko Europako Konferentziaren hamargarren edizioa hartuko du urriaren 1etik 3ra bitartean. ICLEIk, garapen jasangarriarekin konprometitutako toki eta lurralde mailako gobernuen munduko sare liderrak, antolatutako ekimena da, eta duela hogeita hamar urte hasi zen Danimarkako hiri horretan.


Dagoeneko zabalik dago hiri-jasangarritasunaren arloko munduko aditu nagusiak bilduko dituen ekitaldi honetan izena emateko epea.

Aalborgeko Gutun berritzailea sinatu zen Aalborgeko lehen Konferentziatik hiru hamarkada, eta Aalborgeko Konpromisoak sinatu zirenetik 20 urte igaro ondoren, premiazkoa izaten jarraitzen du ingurumen-arloko mehatxuei erantzuteko Europa osoko hiriek eta herriek ausardiaz jokatzea.


Aalborg 2024k oinarrizko aldaketa sistemikoak eta funtsezko aldaketa politikoak eskatzen jarraituko du, Europako eraldaketa lortzeko, gaur egun hiri-jasangarritasunean adituek aurrean dituzten arazo larrienei aurre eginez. Konferentziak intereseko gaietan sakonduko du, hala nola, gobernantza partekatu handiagoa eta koherenteagoa, finantzaketa integratu eraginkorragoa eta pribatua, eta trantsizio inklusiboagoa eta kohesionatuagoa.


Udalsarea 2030en presentzia


Udalsarea 2030ek Hiri eta Herri Jasangarriei buruzko Europako Konferentziaren hainbat ediziotan hartu du parte, Euskadiko ordezkaritzan. 2004an, Aalborgeko Konpromisoekin bat egin zuen, eta Sareko kide diren udalerrien artean horiek sustatzeko konpromisoa hartu zuen. Aalborgeko 10 Konpromisoei atxikitze horri esker, Europa mailako jasangarritasunaren aldeko tokiko erronkak zehaztu eta lerrokatu ahal izan dira.


2007tik, hamarkada batez, Udalsarea 2030ek euskal udalerriek Aalborgeko Konpromisoei egindako ekarpena aztertu du, egindako jardueren urteko ebaluazioaren bidez. Urtero, ebaluazio- eta jarraipen-prozesuen bidez, jasangarritasun-ekintzen gauzatze-maila eta Aalborgeko 10 Konpromisoetako bakoitzari egiten dioten ekarpena aztertu ziren, bai udalerriaren ikuspegitik, bai Udalsarea 2030eko kide guztiei dagokienez. Balio handiko informazio hori Euskadiko Tokiko Jasangarritasunaren Behatokian jasota geratzen zen, eta, horri esker, lehen eskutik jakin daiteke tokiko ekintza-planek zenbateraino egin duten aurrera konpromiso horiei dagokienez.


2016an, Euskadik Hiri eta Herri Jasangarrien Europako 8. Konferentzia hartu zuen, Aalborgeko Gutunean (1994) eta Aalborgeko Konpromisoetan (2004) jasotako helburuei jarraipena emanez.

Bilbon, hiriak eta herriak inspiratzeko, ingurune produktibo, jasangarri eta erresilienteak sortzea ahalbidetuko zuten ekintza eraldatzaileak garatzeko eta sortzeko Euskal Adierazpena sinatu zen. Horretarako, Euskal Adierazpenak Europa inklusibo eta bizigarrirantz aurrera egiteko 15 bide finkatu zituen, eta hiru multzo handitan bildu ziren: eraldaketa sozio-kulturala, sozioekonomikoa eta teknologikoa.


Testuak, ekonomia zirkularrerantz aurrera egiteko modu berritzaileak aplikatuz tokiko balio-kateak suspertzea eta kontratazio publikoa tresna indartsu gisa integratuz teknologia adimendunak eta open-data estandarrak erabiltzea proposatzen zuen, besteak beste.


Gaur egun, 2030 Agendak garapen jasangarriaren kontzeptua biziberritzeko eta ikuspegi zabalagotik eguneratzeko aukera eskaintzen du. 2030 Agendak tokiko garapen jasangarriaren ibilbide-orria berritzen laguntzen du, munduko garapen jasangarriarekiko konpromisoa handituz.




Source: Ihobe

You may also be interested in

07 mar 2025
  • Local public action
Over 5,000 people take part in KLIMA AZOKA, the travelling sustainability fair
14 nov 2024
  • Local public action
43 Basque projects tackle food waste to mark the European Week for Waste Reduction
17 oct 2024
  • Environmental communication
  • Local public action
More than a hundred activities will mobilise Basque citizens against climate change during ASTEKLIMA, the Basque Climate and Energy Week
26 sep 2024
  • Local public action
The Basque Government has presented twenty projects that position the Basque Country as a European benchmark in nature-based solutions