07
jun
2021
- Ecodesign
- Corporate
- Environmental communication
Ekonomia zirkularra, Adriana Uribesalgoren eskutik, En verde-Berdean podcastaren hirugarren atalean
Ekomodo marka Eko-REC enpresari lotuta dago; azken hori Europako industria-enpresa bakarra da, plastikoa birziklatzeaz gain egunean bost bat milioi botila, produktu propio bihurtzen duena, ondoren hainbat sektoretan erabiltzeko, esaterako, automobilgintzan, elikaduran eta ehungintzan.
Naturaganako eta biodibertsitateaganako maitasunak, eta lurrak emandako fruitua hari itzultzeko nahiak bultzatuta, Adriana Uribesalgok, Ekomodoren sormen-zuzendari eta kofundatzaileak, ekonomia zirkularrarekin konprometitutako aipatu ekimen berritzailea Euskadin garatzea erabaki zuen, eta egun, zuzenean nahiz zeharka, 120 pertsona baino gehiago enplegatzen ditu.Adriana Uribesalgok berak, bizimodu jasangarrien dibulgatzaileak, azalduko du Ekomodoren esperientzia En verde-Berdean podcastaren atal berrian. Jasangarritasunerako grina txikitatik datorkion arren, izurdeak salbatzea zuen amets, urte batzuk geroago piztu zitzaion enpresa-munduarekiko irrika, eta Lidergo Ekintzaileko eta Berrikuntzako gradua lortu zuen Mondragon Unibertsitatean.
Handik gutxira hasi zen lanean Eko-REC, birziklatze-arloan eta ekonomia zirkularrean erreferentea den industria-enpresan. Ehungintza jasangarriko proiektu bat garatu zuen bertan, gerora Ekomodo bihurtu zena; berak kosortutako negozio-lerro berria. Markaren helburua da pertsonei eta erakundeei mundua hobetzen laguntzea, gizartearentzat eta planetarentzat onak diren produktuen bidez.
Ekomodo jardueraren ardatza da egunerokorako osagarri jasangarriak diseinatu eta merkaturatzea, ekodiseinuan oinarrituta eta ekoizpena ahalik eta arduratsuena izateko ahalegina eginda. Hala, hondakin plastikoak, besteak beste, ordenagailu eramangarrientzako eta tabletentzako zorro, karpeta, oihalezko poltsa edo estutxe bihurtzen ditu. Guztiak ere material jasangarriz eta % 100ean birziklatu eta birziklagarriz eginak dira, bertan eta tailer sozialetan ekoitziak, gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonentzako enplegua sortuz.
Ekonomia zirkularreko proiektu berritzaile honen xehetasun guztiak ezagutzeko, entzun Ihobe, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren jasangarritasunari eta ingurumenari buruzko En verde-Berdean podcastaren atal berria iVoox edo Spotify plataformatan.
Euskadiko jasangarritasunari eta ingurumenari buruzko podcasta
Ihobe sozietate publikoak pasa den martxoan En verde-Berdean aurkeztu zuen, bizimodu jasangarriagoak lortzeko ahaleginean diharduten pertsonei eta erakundeei ahotsa eta inspirazioa emateko. Formatu berrian, Bego Beristain kazetariak, lehen atalean, Gabi Martínez idazle eta naturazalea hartu zuen, zeinek gogoeta egin baitzuen arteak eta literaturak egungo eredu sozioekonomikoa birpentsatzeari eta bizimodu jasangarriago eta ingurumena gehiago errespetatuko duen batera igarotzeari egindako ekarpenez.
En verde-Berdean podcastaren bigarren atalean, biodibertsitatea izan zuten mintzagai. Lexeia Larrañaga zuzendariak eta Alex Gutiérrez ekoizleak (Avis Producciones) euren Natura Bizia film dokumental berriaren nondik norakoak azaldu zizkiguten. Proiektu horrek balioa ematen dio Hego Euskal Herriko biodibertsitateari, herritarrak natura-ingurunera hurbiltzeko. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren babesa jaso du, baita sail horri atxikitako Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoarena ere.
Egin harpide, eta Euskadiren jasangarritasunari eta ingurumenari buruz Ihobek eskaintzen duen En verde-Berdean podcastaren atal guztiak entzun ahalko dituzu, hala iVoox nola Spotify plataformatan.
Source: Ihobe