Skip to main content
2026ko urriaren 14a
  • Lurzorua babeste

Ihobek lurzoru kutsatuei buruzko Common Forumaren udazkeneko bileran parte hartu du, Lisboan

Portugalgo Ingurumen Agentziak (APA) Common Forum on Contaminated Land in Europe delakoaren udazkeneko bilera hartu zuen urriaren 7tik 9ra Lisboan, kutsatutako lurzoruen kudeaketaz arduratzen diren agintarien artean ezagutza eta lankidetza trukatzeko Europako sare nagusia. Euskadiren ordezkari gisa, Ihobek parte hartu zuen, Europa osoko administrazioetako, ingurumen-agentzietako eta ikerketa-erakunde publikoetako espezialistekin batera.

Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak esperientziak eta ezagutzak partekatu ditu Europako hogei herrialde baino gehiagotako ordezkariekin


Bileran Austria, Belgika, Danimarka, Estonia, Finlandia, Frantzia, Alemania, Flandes, Islandia, Irlanda, Italia, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Herbehereak, Norvegia, Portugal, Katalunia, Suedia, Suitza, Erresuma Batua eta Valoniako ordezkariak bildu ziren, Europako Batzordeaz gain.


Hiru lan-jardunaldietan, lurzorua babesteko Europako politikek dituzten erronka nagusietako batzuk jorratu ziren. Landutako gaien artean, honako hauek nabarmendu zituzten: etorkizuneko Lurzoruaren Zaintza eta Erresilientziari buruzko Legearen aplikazioa (Soil Monitoring Law), kutsatutako kokalekuak ebaluatzeko eta kudeatzeko irizpideak, induskatutako lurren kudeaketa eta berrerabilera, eta kutsatutako lurzoruak lehengoratzeari buruzko esperientzien trukea. Merezi du azpimarratzea Common Forumak laguntza ematen diola Europako Batzordeari estatu kideentzako jarraibideak egiteko arriskuen analisia aplikatzeari buruz, eta, horrela, Europa mailako irizpideak homogeneizatzen laguntzen du.

Topaketan Europako Lurzoruaren Zaintzari eta Erresilientziari buruzko Legearen hedapena, herrialde eta eskualde batzuek induskatutako lurzoruen kudeaketan egindako aurrerapenak eta azaleratzen ari diren substantziei lotutako erronkak izan dira hizpide

Programan, halaber, lurzoruaren osasunarekin eta deskontaminazio-teknikekin lotutako ikerketa- eta berrikuntza-proiektu europarrak aurkeztu ziren, bai eta Lisboako drainatze-proiekturako bisita tekniko bat ere, gaur egun Europan gauzatzen ari den klima-egokitzapenerako azpiegitura nagusietako bat. Jarduketa honek lurpeko tunel handiak eraikitzea aurreikusten du, muturreko fenomeno meteorologikoek eragindako uholde-arriskua murrizteko, eta obran zehar aplikatutako lurren eta hondeatutako materialen kudeaketa-jardunbideak bertatik bertara ezagutzeko aukera eman zuen.


Ihobek sare horretan duen presentziari esker, gainera, Europar Batasuneko politiken eta araudien bilakaera zuzenean ezagutu daiteke, eta kutsatutako lurzoruak prebenitzeko eta birgaitzeko irtenbide berritzaileak garatzen lagundu.

 


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko maiatzaren 25a
  • Lurzorua babeste
Ihobek Euskadiko Lurzoruaren I. Foro Soziala egin du, eta hainbat sektore ekonomikotako 50 bat espezialistak parte hartu dute
2025eko abenduaren 4a
  • Lurzorua babeste
Euskadik bat egingo du Lurzoruaren Munduko Egunarekin
2025eko otsailaren 17a
  • Lurzorua babeste
Ihobek SOILveR europar plataformaren urteko bilera hartu du
2024ko abenduaren 4a
  • Lurzorua babeste
2024ko Lurzoruaren Munduko Eguna erabilerarik gabe dauden kokaguneen berreskurapenarekin ospatzen da Euskadin, bertan proiektu berriak ezartzeko