Ihobe, erakunde publiko eredugarria eta berritzailea izanik, elkarlan estuan ari da administrazio publikoekin, enpresekin eta herritarrekin, Euskadin ingurumena hobetzeko lana bultzatzeko asmoz. Euskadiko ingurumen-arloko erreferentea izan nahi dugu, eta Euskadi jasangarritasunean eta ingurumena hobetzean nazioartean erregio aurreratua izaten lagundu nahi dugu. Gure jarduera bat dator Euskadi Basque Country 2030 Agendan jasotzen diren 2030erako Garapen Jasangarriaren Helburuekin; eta ikuspegi integral eta eraldatzailea du, giza garapen jasangarria bultzatzeko.
Helburu horiek betetzeko, izan ere, Ihoben gobernu korporatiboko jardunbide aurreratuak ezartzen ditugu, gure baliabideak modu arduratsu eta eraginkorrean kudeatzen ditugu eta lan-baldintza seguru eta osasungarriak sustatzen ditugu. Arriskuak minimizatzen eta aukerak aprobetxatzen ahalegintzen gara, aplikagarriak diren lege- eta arau-baldintzak betez. Horrez gain, tratu-berdintasuna eta euskararen erabileraren normalizazioa sustatzen ditugu, gure taldearen gogobetetasuna eta garapen profesionala bermatuz. Harreman iraunkorra eta gardena dugu gure erakunde hornitzaileekin eta bezeroekin, etengabeko konfiantza eta elkarrizketa oinarritzat hartuta, eta berrikuntza eta sormena sustatzen ditugu gure nortasunaren ezaugarri moduan, etorkizun lehiakorra eta iraunkorra ziurtatzeko.
Ihobek ingurumenaren hobekuntza hartzen du helburutzat, ingurumen-irizpideak politika sektorialetan txertatuz, gure herrialdearentzat eta beraren erakundeentzat balio lehiakor jasangarria duen elementu gisa.
Erakunde publiko, eredugarri eta berritzaile bat gara, Euskadiko ingurumen-hobekuntza bultzatzen duena administrazio publikoekin, enpresekin eta herritarrekin lankidetzan arituz. Euskadiko ingurumenaren alorreko erreferentea izan nahi dugu, eta ingurumenaren hobekuntzan eta jasangarritasunean aurreratua den eskualde gisa nazioartean kokatzen lagundu nahi diogu.
2030rako GJHak –Euskadi Basque Country 2030 Agendan jasoak- hartzen ditugu erreferentziatzat gure jarduna ekintza-plan unibertsal, integral eta eraldatzaile baten bidetik eramateko, giza garapen jasangarria bultzatzea xedetzat hartuta.
Horretarako, alderdi interesatuek gugandik espero dutena eta eskatzen digutena integratu eta atenditzen dugu, eta politika korporatibo hau gureganatzen dugu. Beraren bidez, gure jarduera gauzatzen dugu lau zutabe hauetan oinarrituta:
Kudeaketa publiko aurreratua
Gobernu Korporatiboko jardunbide aurreratuei helduz, garatzen ditugun jardueren efizientzia eta etengabeko hobekuntza lortuz, jardunbide jasangarriez baliatuz, gure baliabideak modu arduratsu eta eraginkorrean administratuz.
Erakundearen helburuen lorpenean eragina izan lezaketen arriskuak kudeatuz, arrisku horiek minimizatu eta aukerak aprobetxatu ahal izateko.
Gure pertsonen eta gure erakunde hornitzaileen zein bezeroen babeserako egokiak diren lan-baldintza seguru, jasangarri eta osasungarriak bultzatuz, laneko arriskuen prebentzioa gure jardunaren maila guztietan integratzen dela segurtatuz.
Gure jardunean aplikatzekoak diren edo gure borondatez onartzen ditugun erreferentziazko arauetan eta legezko zein arauzko esparruetan ezarritako betekizunak betez.
Pertsona motibatuak eta arduratsuak, berdintasunarekin eta euskararekin konprometituak
Gure pertsonak inplikatuz, motibatuz eta haien gogobetetasuna lortuz, lidergoaren bidez eta pertsonen garapen profesionalaren bitartez.
Euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketaren normalkuntzarekin konprometituta, gure erakundearen eta gure pertsonen aldetik.
Emakumeen eta gizonen tratu-berdintasuna bermatzera zuzendutako neurriak ezarriz, hala lan-baldintzetan nola enpleguaren kalitatean, eta baita erakundearen kanpora begirako jardueretan ere, eta, horri lotuta, sexujazarpena eta sexuak eragindako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko ekintza espezifikoak ere gauzatuz.
Gure bezeroen beharretara orientatuta, gure hornitzaileekin lankidetzan arituz
Harreman jasangarri bat eraikiz gure erakunde hornitzaileekin, eta tratu-berdintasuna eta konkurrentziaprintzipioa bermatuz, prozesu garden, objektibo eta inpartzialen bitartez.
Haien beharrak atenditzeko eta betetzeko xedez egindako jarduerei buruzko informazio esanguratsua eta egiatia emanez alderdi interesatuei, modu gardenean. Gure bezero diren erakundeei balioa etengabe erantsiz, konfiantzaren eta etengabeko elkarrizketaren bidez.
Aliantza-sare bat bultzatuz eta berrikuntza gure identitatearen osagai gisa sustatuz
Konfiantzan eta elkarren arrakastan oinarritutako aliantza-sare bat ehunduz. Sormena, inspirazioa eta berrikuntzaren kudeaketa sustatuz, etorkizuna eta gure lehiakortasunaren hobekuntza bermatzeko bide gisa.
Informazio erabilgarria jasotzeko, aztertzeko, balioesteko eta hedatzeko lana sistematizatuz, Zaintza eta Adimen prozesuaren bitartez, gure bezeroei balio erantsia emateko.
Ingurumena babestearen eta kutsadura prebenitzearen alde lan eginez, ikuspegi jasangarri batetik,eredugarritasunaren eta Ihobeko pertsona guztiak ingurumen- eta gizarte-hobekuntzan inplikatzearen bidez, gure jardunetik harago
2009an, Eusko Jaurlaritzak onartu zuen “Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakunde, sozietate eta fundazioen gobernu arduratsurako gida”. Horren bidez, estrategia bat zehaztu zen erakunde publikoen informazioa eta kudeaketa irisgarriagoak eta gardenagoak izan daitezen herritarrentzat eta interes-taldeentzat. Horregatik, Ihobe sozietate publikoak zenbait dokumentu korporatibo eta kudeaketa-dokumentu jartzen ditu gizartearen esku, gobernu arduratsu onaren bidean aurrera egiteko:
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Ihobe, ingurumenarekiko eta jasangarritasunarekiko konpromisoa formalizatzea erabaki zuen orain dela hiru urte, eta, horretarako, Europako EMAS erregelamenduari atxiki zitzaion eta ingurumen-kudeaketako ISO 14001 arauarekin bat datorren ziurtagiria.
2023an zehar, Ihobek ingurumena babestu eta jasangarritasuna sustatzeko konpromisoa indartu du, araudi europar berrienetako zuzentarauekin bat. Denbora honetan, aurrerapen handiak lortu ditugu gakoak diren hainbat arlotan eta, hala, Euskadik ingurumenaren kudeaketan erreferente gisa dugun posizioa finkatu dugu.
Ihobe sozietate publikoa bere III. Berdintasun Planaren aplikazioan dago murgilduta, II. Plana 2017an amaitu eta gero.
Azken plan horren aplikazioarekin izandako lorpenen artean, honako hauek azpimarratu behar dira: “Berdintasunaren alorreko Erakunde Laguntzailea” aitortza jaso izana, Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundearen aldetik; “Berdintasunerako Erakunde Publikoen Sarea” eta “Bai Sarea” sareetan modu aktiboan parte hartu izana; “Genero-ikuspegia Ihoberen proiektuetan txertatzeko” proiektu pilotu bat abiatu izana; edo genero-indarkeria pairatu duten emakumeen kontratazioa, Emaktiva programaren bitartez -Emakundek eta Euskalitek jardunbide egoki gisa aitortutako esperientzia-.
Gainera, II. Berdintasun Plana aplikatzeari esker, berdintasunarekin zerikusia duten kontratazio-klausulen definizioan hasi gara lanean, erakunde honen kontratazio-prozesuetan txertatzeko.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Ihobe, euskararen sustapenaren eta erabileraren aldeko konpromisoa hartu du, 2024KO EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNERAKO ADIERAZPENA onartuz.