Hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan
Euskal Autonomia Erkidegoan, hondakinen sorrerak oso lotura estua dauka bertako industria-jarduerarekin, bai eta bertako ekoizpen-prozesu garrantzitsuenekin zerikusia daukaten hondakinen sorrera handiarekin ere, ekoizpen-faseari nahiz igorpenak tratatzeko eragiketei (igorpen atmosferikoen filtrazioa, hondakin-uren arazketa eta abar) dagokienez.
Horrela, bada, sektore siderometalurgikoak, egurraren/paperaren sektoreak eta hondakinak zein urak tratatzeko sektoreak sortzen dute lurraldean urtean sortzen diren hondakinen erdia. Eraikuntza- eta eraiste-hondakinek eta hiri-hondakinek eta antzekoek osatzen dute hondakin-sorreraren foku handien bostekoa.
Industria-ehunduraren ibilbidea eta horren hondakinei erantzuteko egon den premia kontuan hartuta, gaur egun, oro har, hondakinak tratatzeko azpiegituren sare orokor nahikoa dauka EAEk.
Instalatuta dauden birziklapen- edo balorizazio-azpiegituren ustiapena maximizatzea da erronka, hondakinak tratatzeko gaitasuna osatzearekin batera, horiek zabortegian pilatzea saiheste aldera. Horrekin, balorizazioaren indizeek gora egingo dute, eta deuseztapenarenek behera.
2010ean, 5.430.279 tona hondakin sortu ziren. Horien erdia (2.794.198 tona, % 51) hondakin ez arriskutsuak izan ziren; % 22 (1.200.000 tona) eraikuntza- eta eraispen-hondakin ez arriskutsuak izan ziren; % 20 (1.068.581 tona) hiri-hondakinak izan ziren, eta % 7 (367.500 tona) hondakin arriskutsuak izan ziren.
Hiri Hondakinen EAEko Koordinazio Organoa-HHKO
EAEko hiri-hondakin solidoak planifikatzeko eta kudeatzeko jarraibideek proposatzen dituzten programak eta ekintzak koordinatzen ditu Hiri Hondakinen EAEko Koordinazio Organoak (HHKO). Gainera, jarraibide horiek betetzen direla bermatzen du, eta egon daitezkeen ikerketa-arloak identifikatzen.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak osatzen du HHKO, hiru foru-aldundietako ingurumen-sailekin batera.
Administrazio-organo horretan, erakundearteko koordinazioa gauzatzen denez, hondakin-arloko ingurumen-politikak bateratzen dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan hiri-hondakinen plangintza integratua ezartzeko oinarrizko irizpideak zehazten.
EAEko hiri-hondakin solidoak planifikatzeko eta kudeatzeko jarraibideek proposatzen dituzten programak eta ekintzak koordinatzea da xedea, bai eta jarraibide horiek betetzen direla bermatzea eta egon daitezkeen ikerketa-arloak identifikatzea ere.
EAEko hiri-hondakin solidoen inbentarioak
Dokumentu honek EAEko hondakinen sorreraren eta kudeaketaren bilakaerari buruzko historia berreraikitzeko beharrezkoa den informazioa ematen du. Informazio hori beharrezkoa da hondakinen kudeaketa planifikatzeko eta Europar Batasunean zehaztutako politiketara hobeto egokitzeko.Inbentarioak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean daude eskuragarri, kontsultatu ahal izateko.
EAEko hondakin arriskutsuen inbentarioa
Urteko inbentario honek, sortutako hondakin arriskutsuen kopuruaz gain, inbentariatutako hondakinen tratamenduari edo azken helmugari buruzko informazio guztia jasotzen du, baita hondakin horiek EAEra inportatu eta EAEtik esportatzeari buruzkoa ere.
Inbentarioak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean daude eskuragarri, kontsultatu ahal izateko.
EAEko hondakin arriskutsuen inbentarioa
Hondakinak eta ekonomia zirkularra
“Zirkulua itxi: ekonomia zirkularrerako EBren ekintza plana” komunikazioak, Europako Batzordeak 2015eko abenduan onartuak, eta Europako ekonomia zirkularrerako lehen ekintza planaren aurreko urratsak, funtsezko hainbat jarduketa-ildo identifikatzen zituen:
- Produktuaren diseinua.
- Produkzio-prozesu efizientea.
- Kontsumoa.
- Hondakinen kudeaketa. Lehentasuna izango dute plastikoek, elikagai-hondakinek, lehengai kritikoek, eraikuntza- eta eraispen-hondakinek eta biomasa/bioproduktuek.
- Bigarren mailako lehengaien merkatua.
Era berean, ikuspegi horrekin jarraituz, Europako Batzordeak 2020an egindako Ekonomia Zirkularrari buruzko Ekintza Planak (European Green Deal - Europako Itun Berdearen elementu nagusietako bat da) honela definitzen du bere funtsezko lorpenetako bat: hondakin gutxiago sortzen direla bermatzea, eta, aldi berean, baliabideen zirkulartasun-potentziala handitzea.
Horregatik, hondakinen kudeaketa aurreratua funtsezko pieza da ekonomia zirkularraren kontzeptuen barruan.
Azken urteotan, Euskadik ekimen ugari jorratu ditu ekodiseinua, ekoefizientzia eta kontsumo arduratsua sustatzeko, baina hondakinen kudeaketaren eta bigarren mailako lehengaien merkatuaren ekarpenean hobekuntza marjina antzeman da, EAEko ekonomia zirkularreko eredu berri baterantz.
DESKARGAK

Euskadiko hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko 2030rako plana
Eusko Jaurlaritzak 2021eko azaroan onartu zuen Euskadiko Hondakinak Prebenitu Eta Kudeatzeko 2030eko Plana, Euskadik hurrengo hamarkadan jarraitu beharko duen estrategia zehaztuko duena.
Hauek dira planak 2030erako aurreikusten dituen helburuak:
- guztizko hondakinen sorrera-tasa % 30 murriztea;
- hiri-hondakinen gaikako bilketa % 85 arte handitzea;
- hondakin ez-arriskutsuen % 85 berrerabiltzea, bigarren mailako material bihurtuz;
- zabortegietako deuseztapena % 15 baino gutxiagora murriztea.
Euskadiko Hondakinak Prebenitu Eta Kudeatzeko 2030eko Plana gauzatzeko, 97 milioi euro inbertituko dira ekintza ugaritan. Ekintza horiek materialen zirkulartasuna lortzera bideratuko dira, hau da, produktu berriak egiteko berriro erabili ahal izatera, klima-aldaketa arintzera eta hondakinen kudeaketaren gardentasuna eta trazabilitatea bermatzera.
Aztertu diren etorkizunerako neurrien artean, birziklatzea handitzeko enpresei emango zaizkien laguntzak daude, bai eta isurketari pizgarria kentzeko kanona eta ingurumena ikuskatzeko eta kontrolatzeko gaitasuna handitu eta hobetzeko kanona ere.
Funtsezko jarduketak
Planak aurreikusitako emaitzak lortzeko funtsezkoak diren 10 jarduketa zehazten ditu. Jarraian deskribatzen dira, lehentasun-ordenaren arabera, emaitzei dagokienez:
- Inbertsio-plana eta ibilbide-orria, isurketa minimizatzen duten eta zirkulartasuna sustatzen duten lehentasunezko inbertsioak babesteko.
- EAEn 2030era arte isurtzeko autosufizientzia bermatzea, isurketa minimizatzearekin eta dauden isurketak behar bezala gelditzea edo amaitzearekin batera.
- Hondakinen arloko lege-garapenak.
- Hondakinak isurtzeari eta errausteari eta agregakinak erauzteari ezarritako zergak.
- Administrazioaren baliabideak areagotzea 2030eko HPKPa ezartzeko.
- Agregakinen, lurren eta bigarren mailako beste lehengai batzuen bitarteko biltegiratze, egokitzapen eta kalitate-kontroleko soluzio integral publiko-pribatua.
- Plastikozko hondakinen eta horiek zabortegitik desbideratzeko behin betiko konponbideetarako laguntza.
- Erosketa publiko eta pribatu berdea sustatzea, Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Berdearen Programa 2030 berriaren bidez.
- Berrerabilera eta kalitate handiko birziklatzea sustatzeko jarduerak. Ontziak gordetzeko eta itzultzeko sistemen (SDDR) azterketa egingo da ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-ikuspegitik, eta hedatu egingo da, hala badagokio.
- Amiantoa kentzeko plana (fibrozementu estrukturala jaso eta kudeatzea), herritarren esku, foru-aldundiekin eta Osalanekin lankidetzan.
Zer da Hondakinak Murrizteko Europako Astea?

Hondakinak Murrizteko Europako Astea(EWWR), LIFE proiektu gisa sortu zena, Europan hondakinen prebentzioari buruzko kontzientzia sortzeko kanpainarik handiena da. Tokiko eta eskualdeko agintari publikoek bultzatuta, mota guztietako eragileak biltzen ditugu (herritarrak, eskolak, enpresak, gizarte-erakundeak, elkarteak, etab.), hondakinen murrizketari buruz kontzientziatzeko jarduerak antolatzen dituztenak.
Hondakinen Prebentziorako Europako Astea erreferente bihurtu da Europa osoan hondakinak prebenitzeko abian jartzen diren ekintzak hedatzeko eta balioztatzeko.
Hauek dira Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen helburuak:
hondakinak murrizteari, produktuak berrerabiltzeari eta materialak birziklatzeko estrategiei buruz sentsibilizatzea, bai eta Europar Batasunarekin eta estatu kideekin lotutako politikei buruz ere;
parte-hartzaileek egindako lana nabarmentzea;
Europako herritarrak mobilizatzea eta animatzea funtsezko ekintzako gaietan arreta jartzera;
eta alderdi interesdunen gaitasunak indartzea, komunikazio- eta prestakuntza-tresna espezifikoak eskainiz.
EAEko Hiri Hondakinen Koordinazio Organoak (HHKO) antolatzen du astea EAEn. Organo hori Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta hiru foru-aldundietako ingurumen-sailek osatzen dute.
HHKOk laguntza-zerbitzu bat jartzen du agente interesdunen eskura, izena emateko prozesua ahalik eta gehien errazteko. Agenteek beren jardunaren deskribapen txiki bat baino ez dute eman behar. Gainerako kudeaketak HHKOk egiten ditu.
EAEn aurkezten diren hautagaitza guztietatik proposamen onenak hautatu eta aintzatetsiko dira. Aintzatespen horrez gain, hautatutako proiektuen arduradunak Europako sarirako hautagai gisa proposatzen dizkie HHKOk erakunde antolatzaileei.
Hiru ekintzak
Hondakinak Murrizteko Europako Astean bultzatu nahi diren ekintzak hiru dira funtsean: hondakinak murriztea, produktuak berrerabiltzea eta materialak birziklatzea. Ordena horretan.
Murriztu:
Zerbait erosi baino lehen, galdetu zeure buruari benetan duzun erostera zoazen gauza horren beharra. Bilgarriari dagokionez ere, pentsatu benetan beharrezkoa den. Baduzu aukerarik gauzak berrerabiltzeko, edo behar duzun gauza hori lagun bati eskatzeko, edo zuk jada behar ez duzuna behar duen norbaiti emateko, edo puskatuta dagoena konpontzeko? Erantzuna bai baldin bada, MURRIZTU egin ahal izango dituzu hondakinak. Ahal bakarrik ez; murriztu egin beharko zenituzke.
Berrerabili:
Behin bakarrik erabiltzekoak diren produktuen ordez, behin eta berriro erabil daitezkeenak aukeratu. Gomendio hau ez da plastikozko produktuetara mugatzen; beste edozein materialez egindakoetarako ere balio du. Lagunak, senideak, lankideak edo bizilagunak ere gauza bera egin dezaten konbentzitu.
Birziklatu:
Hondakina zabortegira botatzea baino hobea da birziklatzea, baina ez da aukeretan onena. Zerbait birziklatzera botatzen dugunean, hondakin bat sortzen ari gara jada. Hondakinak murrizteko eta gauzak berrerabiltzeko joerak indartzen baditugu, hondakinak prebenitzera zuzendutako ahaleginaren zati txikitxo bat besterik ez da izango birziklapena.
Los RCD en el País Vasco
Eusko Jaurlaritzak 10 urte baino gehiago daramatza lanean EEHen kudeaketarako esparru espezifiko bat diseinatzeko eta ezartzeko, haien kudeaketa egokia kalitatezko material birziklatuen merkatu baten sorrerarekin uztartuz.
Denbora horretan, askotariko tresna eta baliabideak abiatu dira helburu hori lortzeko. Horien artean, honako hauek aipatu behar dira: legegintzako baliabideak; erosketa publiko berdearen irizpideak sektorerako definitzea; ekonomia zirkularra frogatzeko proiektuen aldeko laguntza ekonomikoa; prestakuntza-ikastaroak; aplikatibo informatikoen garapena; eta eskuliburu edo gida teknikoen argitalpena.
Lan hori guztia lankidetza publiko-pribatuko esparru batean egin da; denbora horretan, gainera, bilerak eta kontaktuak egin dira etengabe sektoreko eragileekin.
Lan horren guztiaren emaitza da eraikuntza eta eraispeneko hondakinen kudeaketak hobekuntza nabaria hasi duela Euskadin. Modu ezezagun edo ilegalean kudeatutako hondakinak % 40 ziren 2009an, eta 2016rako zifra hori % 26raino murriztu zen.
Erronka da Europak ezarritako helburuak betetzea, hau da, 2020rako lortzea sortutako EEHen % 70 berrerabilpen eta birziklapenera bideratzea, ekonomia zirkularreko esparru batean.
EEHEn GIDAK
Ihobe sozietate publikoak informazio tekniko mardula prestatu du, EEHen ingurumen-kudeaketa hobetzeko xedez.
Informazio horretatik, honako dokumentu hauek azpimarratu behar dira:
Gai haueI buruzko oinarrizko nozioak eskaintzen ditu: agregakin birziklatuen jatorria, material horien erabilerari lotutako erreferentziazko araudia, eta agergakin birziklatuen erosketa berdeari buruzko irizpideak kontratazio-prozesuetan txertatzeko forma.
Eskuliburuak ezagutzera eman nahi du EEHtatik datozen agregakinen berrerabilpenaren potentzialtasuna; horri begira, agregakin birziklatuek sustapen publikoetan izan ditzaketen aplikazio guztiak kontuan hartzen dituzten tresnak eskaintzen ditu.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinetatik datozen agregakin birziklatu mistoen erabilpenak
Dokumentu honek biltzen ditu agregakin birziklatu mistoen karakterizazioari buruz eta agergakin horiek hainbat eraikuntza-aplikaziotan izan dezaketen erabilpenei buruz zenbait erakundek egin dituzten ikerketak.

Beste dokumentu eta esteka interesgarri batzuk:
EEH Aurrezten web-aplikazioa

Eusko Jaurlaritzako Ihobe – Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak garatutako EEH-AURREZTEN web-aplikazioak errazten du Eraikuntza eta Eraispeneko Hondakinak Kudeatzeko Azterlanen, EEHak Kudeatzeko Planaren eta Amaierako Kudeaketa Txostenaren kalkulua eta egiaztapena egitea.
Dokumentu horiek eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa Euskadin arautzen duen 112/2012 Dekretuan kontsideratutako eragileentzat ezarritako betebeharren zati dira.
Betebehar horiek betetzen laguntzeko xedez, Ihobek tresna hau garatu du, eraikuntza- edo eraispen-obra baten gauzapenean inplikatutako alderdi guztiei laguntzeko xedez.
Tresnak baditu dokumentu guztiak erredaktatzeko beharrezkoak diren txantiloiak, eta 112/2012 Dekretuak EEHen sorreraren kalkulua egiteko planteatzen dituen ratioetan oinarritzen da. Halaber, kudeaketa-prezioak bat datoz Euskadiprezioak datu-basean agertzen direnekin.
Sarbidea
EEH Aurrezten aplikaziora sartzeko, Ihoberen webgunean egon behar duzu erregistratuta.
HISER EUROPAR PROIEKTUA
Ihobe sozietate publikoak HISER proiektuan parte hartzen du. Beraren helburu nagusia da irtenbide holistiko errentagarriak (teknologikoak eta ez-teknologikoak) garatzea eta frogatzea, eraikuntza eta eraispeneko hondakinen lehengaien berreskurapena handitzeko, ekonomia zirkularraren ikuspegiak eraikuntza-sektoreko balio-kate osoan kontsideratuz.

Proiektuak 7,5 milioi euroko aurrekontua du, eta Europar Batzordeak finantzatzen du, HORIZON 2020 programaren baitan. 9 herrialdetako 25 bazkide ditu, horien artean Tecnalia, Gaiker eta Ihobe sozietate publikoa.

