Skip to main content
2026ko maiatzaren 25a
  • Lurzorua babeste

Ihobek Euskadiko Lurzoruaren I. Foro Soziala egin du, eta hainbat sektore ekonomikotako 50 bat espezialistak parte hartu dute

Foro

Lurzoruaren babesarekin zerikusia duten 50 profesional eta espezialista inguru bildu ziren maiatzaren 13an Ihobe Eusko Jaurlaritzako sozietate publikoak Bilbon antolatutako Euskadiko Lurzoruaren I. Gizarte Foroan. Estrategian eragile sozialen eta herritarren inplikazioa indartzeko partaidetzazko gune gisa planteatu zen topaketa, eta han bildu ziren nola lurzoruaren babesean lan egiten duten, hala gaur egun ordezkatuta ez dauden profilak eta erakundeak.

Foroaren hasieran, Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Botok hartu zuen hitza, eta ziklo estrategikoan egindako lana eta euskal politika publikoetan ekimena sendotu izana nabarmendu zituen. Era berean, hurrengo Ekintza Plana diseinatzeko oinarri gisa ebaluazioak eta jarraipenak duten garrantzia azpimarratu zuen. “Higadura, kutsadura, lurzoruaren zigilatzea edo nekazaritza lurren galera Euskadiri ere eragiten dioten errealitateak dira, eta epe luzeko ikuspegiarekin eta erantzukizun partekatu batetik jokatzera behartzen gaituzte”, baieztatu zuen Botok.

Jardunaldian, Unai Beitiak Itturbaltzako esperientzia aurkeztu zuen: praktika jasangarrietan eta lurzoruaren osasunaren hobekuntzan oinarritutako abeltzaintza birsortzaileko proiektua.

Programan, elkarrizketa mahai bat izan zen, hainbat eragileren ikuspegiaren berri jasotzeko –hirigintza, nekazaritza, baso kudeaketa, lurzoruaren zientzia, hezkuntza eta mugimendu sozialak–, eta, hor, agerian geratu zen lurzoruaren zeharkako izaera, bai eta horrek ingurumen, gizarte eta lurralde esparru anitzekin duen lotura ere.

Foroaren bigarren zatian bertaratutakoen parte hartze aktiboa izan zen nagusi, taldeka lan egin baitzuten lau ardatzen inguruan: Lurzoru bizia Euskadi erresiliente baterako; Okupatu baino lehen, berrerabili; Lurzorua, ura eta biodibertsitatea; eta Lurzoruaren kultura.

“Lurzoruaren Horma Irudia” lankidetza dinamikaren bidez, ezagutzak partekatu, erronkak identifikatu eta lurzoruaren babesean aurrera egiteko proposamenak sortu ziren.

Ondorio nagusien artean, honako hau nabarmendu zen: ingurumen sentsibilizazioa eta hezkuntza indartzeko, elkarlaneko ezagutza tresnak bultzatzeko, lurzoruaren babesa klima politiketan integratzeko eta eragileen arteko koordinazioa eta gobernantza hobetzeko beharra.

Era berean, monitorizazio sistemak garatzearen, elikadura sistema jasangarriak sustatzearen eta hurbileko kontsumoa babestearen garrantzia azpimarratu zen.

Foroak agerian utzi zuen lankidetza eredu koordinatuagoetarantz eta sailen arteko lan ereduetarantz aurrera egiteko beharra dagoela, bai eta ekimenak lerrokatu eta sinergiak sortzeko baliagarriak izango diren koordinazio espazioak finkatzeko beharra ere.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2025eko abenduaren 4a
  • Lurzorua babeste
Euskadik bat egingo du Lurzoruaren Munduko Egunarekin
2025eko otsailaren 17a
  • Lurzorua babeste
Ihobek SOILveR europar plataformaren urteko bilera hartu du
2024ko abenduaren 4a
  • Lurzorua babeste
2024ko Lurzoruaren Munduko Eguna erabilerarik gabe dauden kokaguneen berreskurapenarekin ospatzen da Euskadin, bertan proiektu berriak ezartzeko
2024ko urriaren 2a
  • Lurzorua babeste
Ihobe lurzoruen kudeaketa jasangarriko ezagutzaren SOILveR Europako plataforman sartu da