Skip to main content

Ekodiseinua

OINARRIZKO KONTZEPTUAK

Bizi-zikloaren azterketa

Bizi-zikloaren azterketa produktu, prozesu edo sistema batek bere bizi-ziklo osoan (lehengaiak eskuratzen direnetik bizi-zikloa amaitzen zaion arte) ingurumenari sortzen dion eragina neurtzeko balio duen tresna metodologikoa da. Sistemaren sarrerak eta irteerak biltzen eta aztertzen dira, ingurumen-inpaktu potentzialak erakusten dituzten emaitzak lortzeko. Helburua da horiek murrizteko estrategiak zehaztu ahal izatea.

Tresna honen ezaugarri nagusia bere ikuspegi holistikoa da; bestela esanda, oinarrian duen ideiaren arabera, sistema baten ezaugarri guztiak ezin dira banaka zehaztu edo azaldu, osagai dituzten zatiak bakarrik kontuan hartuta.

Beharrezkoa da biltzen dituen alderdi guztiak elkartzea. Hortik dator sistemaren bizi-ziklo osoa kontuan hartzearena. Produktu baten BZAk bere bizi-zikloan parte hartzen duten prozesuen sarrera/irteera guztiak jaso beharko lituzke: lehengaiak erauztea eta osagaien manufakturarako behar diren materialak prozesatzea, produktua erabiltzea eta, azkenik, birziklatzea eta/edo kudeatzea. Bizi-zikloaren faseen arteko garraioa, biltegiratzea, banaketa eta beste bitartekaritza ekintza batzuk ere aintzat hartu behar dira garrantzitsuak direnean. Bizi-ziklo mota horri «sehaskatik hilobira» esaten zaio.

Ciclo de vida

Bizi-zikloaren azterketa egiterakoan aintzat hartzen diren elementuei input/output (sarrerak/irteerak) esaten zaie:

  • Sarrerak (inputak): Sistemaren prozesu/fase bakoitzean kontuan hartzen diren baliabideen, lehengaien, zatien eta produktuen, garraioaren, elektrizitatearen, energiaren eta abarren erabilera.
  • Irteerak (outputak): Airera, uretara eta lurrera egindako isuriak eta sistemaren prozesu/fase bakoitzean aintzat hartzen diren hondakinak eta azpiproduktuak.

BZAk ekodiseinuan jokatzen duen rola

Enpresek, beren produktuen eta zerbitzuen diseinuan ingurumena beste faktore bat bezala sartu ahal izateko eta, horrela, beren ingurumen-jarduna hobetu ahal izateko, erabakiak hartzen lagunduko dieten ingurumen-datuak behar dituzte (material bat edo bestea aukeratzea, ingurumen-inpaktuaren arabera; ekoizpen-prozesu bat bideragarria izatea edo ez...). Ingurumen-ebaluazio hori errazteko, Ihobek hainbat gida tekniko eta kalkulu-tresna sinplifikatu garatu ditu. Horiek guztiek produktuen eta/edo zerbitzuen ingurumen-ebaluaziorako balio dute, bizi-zikloaren eta ingurumen-inpaktuaren kategoria anitzeko ikuspegiarekin.

Produktuen eta zerbitzuen ingurumen-ebaluazioa egiteko metodoak

Produktu/zerbitzu baten ingurumen-inpaktua ebaluatzeko bi modu nagusi daude. Kualitatiboki, irizpide subjektiboetan eta kuantifikaezinetan oinarritutako informazioa ematen badu; eta kuantitatiboki, kalkulu-prozesu baten ondorioz lortutako irizpide objektibo eta kuantifikagarri zehatzetan oinarritutako informazioa ematen badu.

Kontzeptu horiek zuzeneko lotura izango dute ingurumen-analisi baten funtsezko beste bi alderdiren gainean. Hona bi alderdiok: praktikan jartzeko zailtasun-maila eta analisi-prozesuarekin lortutako emaitzen kalitatea.

Horrela, Ihobek hiru metodo garatu ditu eskakizun horiei erantzuteko; lotutako gida teknikoetan jaso dira denak.

Hurrengo taulak ezaugarri horiek jasotzen ditu gida horiek egiteko prozesuan aplikagarritasun handiena duten ingurumen-analisiko metodoetarako. Ingurumen-analisiko matrizeak, ingurumen-adierazleak eta bizi-zikloaren analisia dira metodook

tabla-analisis-vida


Ingurumen-informazioko fitxak

Ingurumen-informazioko fitxak Ihobek aurrez definitu eta kalkulatutako zenbakizko faktoreak dira, eta produktu edo zerbitzu baten bizi-zikloari lotutako ingurumen-alderdi batzuen erabilera unitarioak ingurumen-inpaktuaren kategoria desberdinetan duen eragina adierazten dute. Hainbat alderdi jorratzen dituzte; hauek, besteak beste: lehengai-mota desberdinen kontsumo unitarioa (material horren kontsumo-kilogramoko ingurumen-inpaktu gisa adierazita), energia-kontsumoa (hainbat sorkuntza-iturritatik –mixa barne– datorren energia KWh-ko ingurumen-inpaktu gisa adieraziak), ibilitako garraioa (hainbat garraiobidetako tonako eta ibilitako kilometroko ingurumen-inpaktu gisa adierazita) edo material bakoitzaren bizi-amaierako helmuga (bizi-amaierako aukera ezberdinen arabera tratatutako material kg-ko ingurumen-inpaktu gisa adierazita).
Ingurumen-informazioko fitxak Ihobek egin ditu eta aplikazio espezifiko batean daude, eta nazioarteko datu-baseetan dauden bizi-zikloaren inbentarioetan oinarrituta daude, eta euskal industria-sarearen errealitatera egokituta; hartara, produktuak diseinatzeko eta fabrikatzeko erabilitako materialen, prozesuen, energien, garraioen eta bizi-amaierako tratamenduen ingurumen-inpaktuak irudikatzeko.
Informazio guztia eta ingurumen-informazioko fitxak esteka honetan daude eskuragarri:


Produktuen eta zerbitzuen ingurumen-aztarnaren kalkulagailua

Gida teknikoez eta ingurumen-informazioko fitxez gain, Ihobek enpresen esku jartzen du produktuen eta zerbitzuen ingurumen-portaeraren ebaluazio sinplifikatua egiteko tresna informatiko bat, bizi-zikloaren eta ingurumen-inpaktuaren kategoria anitzeko ikuspegiarekin.
Tresna hau orain dela 15 urte baino gehiago Ihobek enpresen eskura jarri zuen ECO-it tresnaren bertsio hobetu eta zabaldu bat da.
Tresna berri honek ingurumen-inpaktuko 25 kategoria baino gehiago ditu. Hurrengo atalean deskribatzen dira, ingurumen-adierazleen atalean.
Tresna berri hau doan eskura dezakete Ihoberen webgunera sartzeko profil propioa duten erakunde guztiek.

Ekodiseinuaren arrazoiak

Ekodiseinua, ingurumenerako diseinu gisa ere ezaguna, ingurumen-aldagaia produktu industrialen diseinu-prozesuaren irizpideen artean sartzen duen metodologia bat da, hau da, irizpide hori lehengo beste faktore batzuei gehitzen die, hala nola kostu ekonomikoei edo kalitateari. Azkeneko helburua da produktuen ingurumen-errendimendua hobetzea euren bizi-ziklo osoan.

Ekodiseinua funtsezko praktika bihurtu da sektore industrialean, produktuen kontsumoan gertatzen ari den hazkunde etengabeari aurre egiteko.

Ekodiseinua erabiltzeko arrazoi nagusiak honako hauek dira:

  • Kontsumitzen diren produktuen kantitate globala etengabe hazten ari da. Pertsonen eroste-ahalmenaren hazkundeak gero eta produktu gehiago kontsumitzera eramaten du, eta, hortaz, gero eta lehengai gehiago ere kontsumitzera; horren ondorioz, produktuen balio-bizitzaren amaieran sortzen diren hondakinen bolumena gero eta handiagoa da. 
  • Gero eta produktu eta zerbitzu mota gehiago daude. Produktu berberak askotariko bertsioak izan ditzake (adibidez, telebistako pantailen kasuan: plasmazkoak, kristal likidozkoak, eta abar.), eta, hortaz, kudeaketa-sistema desberdinak behar dituzten askotariko teknologiak daude. Horrek konplikazio bat gehitzen dio produktu horien balio-bizitzaren amaierako prozesuari.
  • Produktuen berrikuntza etengabea. Produktuen prestazioak eta ezaugarri teknologikoak etengabe aldatu eta eguneratzen dira, eta horren eraginez haien balio-bizitzaren zikloa gero eta laburragoa da. 
  • Energia gehiago kontsumitzen da erabilera-fasean. Merkaturatutako produktuen kopurua igotzen denez, kontsumitzen den energia etengabe eta modu progresiboan hazten da. 
  • Merkaturatze globala. Merkatu bateratua indarrean dagoenez eta nazioarteko merkataritzak eta inbertsioak zituzten oztopoak alde askotatik murriztu direnez, ekonomia globala sortu da, eta horrek gero eta ingurumen-inpaktu handiagoa sortu du garraio-sektoreari lotuta. 
  • Produktuen konplexutasuna. Produktuen diseinu eta garapenaren ezagutza produktuak ekoiztu eta merkaturatzen dituzten erakunde edo korporazioen eskuetan dago, gero eta neurri handiagoan. 
  • Gero eta eragile gehiagok esku hartzen dute. Konplexutasunaren eta produktuen globalizazio-prozesuaren eraginez, gero eta handiagoa da produktuen bizi-zikloan esku hartzen duten eragileen kopurua.

Ekodiseinuko ziurtagiriak

Ekodiseinuko UNE-EN ISO 14006:2011

UN-EN ISO 14006 Araua - «Produktuak eta zerbitzuak diseinatzeko eta garatzeko prozesuaren ingurumen-kudeaketarako sistema (Ekodiseinua)» beren jardunbideetan printzipio horiek jarraitzen dituzten enpresak identifikatzeko balio duen tresna bat da.


2000ko hamarkadaren hasieran, enpresek interes handia erakutsi zuten ekodiseinuaren kudeaketa-sistema deskribatuko zuen arau bat sor zedin; hartara, bai produktuen diseinuan ingurumen-aldagaia txertatzea erraztuko baitzen, baita kanpo-aitorpena lortzeko, kudeaketa-sistema hirugarren eragile independente batek ikuskatu ahal izatea ere.


Horiek horrela, UNE 150301 Araua - «Diseinatzeko eta garatzeko prozesuaren ingurumen-kudeaketa. Ekodiseinua» garatu zen; horrek ekodiseinu-sistema deskribatzen du, eta enpresek erabilitako ISO 9001 eta ISO 14001 sistemekin bateragarria da.

une isi

2008an, Normalizaziorako Nazioarteko Erakundeak (ISO) ekodiseinurako nazioarteko arau berri bat sortzeari ekin zion, Espainiako UNE 150301 arauan oinarritua zegoena. Horrela, ISO/TC 207/SC1/WG4 batzordea eratu zen, Ihobe sozietate publikoa partaide duena. Batzordearen lanaren behin betiko emaitza nazioarteko bihurtzen zen bigarren arau espainiarra (UNE) izan zen; hain zuzen, UNE-EN ISO 14006:2011 araua.


Euskadin, 70 bat enpresak dute ekodiseinuaren kudeaketarako UNE-EN ISO 14006 Arauaren araberako ziurtagiria, eta Espainia osoan ziurtagiri hori duten enpresen %54 dira.

Ingurumen-irizpideen arabera etiketatzeko sistema


Ingurumenarekiko jarrera ez da izan kontsumitzaileek produktu jakin bat erosterako orduan eskatu duten balioetako bat. Balio hori indarrean zeuden arauak betetzeko baino ez zen. Baina azken urteotan kontsumitzaileek gero eta sentsibilitate handiagoa azaldu dute eta gizakiak ingurumenari eraso eginez planetari eragiten diola ziurtatu duenetik kontsumitzaile berri bat sortu da; arazo honi begirune handia dion kontsumitzailea da eta kontsumitzen dituen produktuek eta erabiltzen dituen zerbitzuek ingurumenean zenbat eragiten duen galdetzen duena.


Diseinuan ingurumen-hobekuntzak dituzten produktuak bereizteko, azken 30 urteetan ingurumen-irizpideen arabera etiketatzeko sistemak sortu dira. Gaur egun, mundu mailan, ingurumen-irizpideen arabera etiketatzeko 400 sistema inguru daude, eta, beraz, ez da erraza enpresentzako beren produktuetarako sistemarik egokiena identifikatzea.


Enpresei zeregin horretan laguntzeko, Ihobek bi argitalpen tekniko egin ditu. Produktua ekoetiketatzeko sistemen tipologia desberdinak, ezaugarri nagusiak eta bakoitzak eskaintzen dituen lehiakortasun-abantailak deskribatzen dituzte horiek. Gidak, halaber, identifikatutako kategorietako baten barruan dauden sistema nagusien deskribapena eta lotura jasotzen ditu.




Produktuaren ingurumen-adierazpena

Produktuaren ingurumen-adierazpenek (PIA) produktuaren ingurumen-informazioa emateko sistema garden bat osatzen dute, zeinak aukera ematen baituen kategoria bereko produktu guztiei eragiten dieten arau zehatz batzuetan oinarrituta produktuak elkarrekin alderatzeko.


Sistema-mota horiek, azken kontsumitzaile estandarrarentzat baino gehiago, enpresek beren bezeroekin informazioa trukatzeko dira aproposak, izatez oso teknikoa eta xehea baita PIAek jasotako informazioa. Ekoetiketatze-sistema horiek ISO 14025 Arauak erregulatutako III. Motako Etiketatze Ekologikoa - Produktuen Ingurumen Adierazpenak (Environmental Product Declaration edo EPD) sistemaren barne daude.


ISO 14020 arau-sailak erregulatzen dituen beste bi sistemen desberdina da, III. motakoak ez dituelako bete beharreko ingurumen-betekizunak eta gutxieneko balioak zehazten. Aldiz, identifikatzen du zein ingurumen-parametro eta -alderdi jakinarazi behar diren ingurumen-jokabidearen berri emateko.

Programa horiek ISO 14025 arauan ezarritako betekizunei jarraiki eratzen dira eta Product Category Rules (PCR) deituriko dokumentu batzuetan jasotzen diren arauak eta prozedurak garatzen dituzte.

Ekodiseinua Euskadin

1999az geroztik, etengabe bultzatu da ekodiseinua Euskadin. Aldi honetan ezagutza multzo handia sortu du gaiaren inguruan, eta industriari laguntzeko tresnak sortu dira, euskal industria eta bere enpresak nazioarteko ekodiseinu-erreferente bilakatzeko.

Euskadin ekodiseinua garatzearen ondorioz, ezagutza eta laguntza-tresnak sortu dira, merkatu-tresnak gaitu dira eta laguntza-programa publikoak garatu dira.

Ekodiseinurako gida metodologikoak

Lan hori guztia 2000. urtean hasi zen, lehen «Ekodiseinurako eskuliburu praktikoa. 7 urratsetan ezartzeko eragiketa» argitaratu zenean; hau da, produktu bat ekodiseinatzeko behar diren zazpi etapak deskribatzen dituen dokumentua.


Eskuliburuak enpresei erakusten die nola txertatu ingurumen-irizpideak beren produktuen diseinuan, eta tresna errazak ematen dizkie, ildo horretan jarduten hasteko. Horretarako, enpresa baten adibidea erabiltzen du eskuliburu osoan zehar, eta adibide gisa erakusten du enpresa horrek zer-nola egiten duen metodologiaren jarraipena eta zer-nola erabiltzen dituen proposatzen diren tresnak.


Metodologia hori euskal industriako hainbat jarduera-sektoretan aplikatu ondoren, hainbat gida sektorial argitaratu ziren; sektore hauetarako, zehazki: automobilgintza, makina-erreminta, eraikuntza-materialak, barne-altzariak, hiri-altzariak, ontzia eta enbalajea, elektriko-elektronikoa eta ehungintza.




Ontzien eta enbalajeen ekodiseinu-gida

Garrantzi berezia duenez eta ekodiseinuak ontzien eta enbalajeen sektorean duen aplikazio handia kontuan hartuta, 2017an Ihobek eta Ecoembesek ekodiseinua ontzi arinetan aplikatzeko erreferentziako gida garatu zuten.


Ontziak ekodiseinatzeko gida honek ekodiseinua aplikatzeko laguntza eta orientazioa eskaini nahi die produktu ontziratuak merkaturatzen dituzten enpresa guztiei. Ikuspegi praktiko bat ziurtatzeko, gidak benetako hiru aplikazio-esperientzia ditu, proiektuari hiru ikuspegi desberdinetatik helduz: ontziak fabrikatzen dituen enpresa bat, produktuak ontziratzen dituen enpresa bat eta ontziratutako produktuak banatzen dituen enpresa bat.



Ekodiseinua 20 urtez aplikatzen Euskadin

20 urte baino gehiago Euskadiko ekodiseinua lantzen eman ondoren, enpresa askok txertatu dute jada beren produktuak garatzeko sistematikaren egunerokoan. Lan honen adibideak erakusteko, 2021ean, «Made in Euskadi ekodiseinuaren 20 urte» katalogoa argitaratu da. Dokumentu hau formatu fisiko eta digitalean argitaratu da, eta hamar industria-sektoretako produktu-kategorien zerrenda zabala biltzen duen Europako lehena da. Kategoria horietan bizi-zikloaren analisi-metodologiak aplikatu dira, eta ingurumen-inpaktua nabarmen hobetu da eta Europako industria-sektore osorako eredu dira.


Euskadin fabrikatutako produktu zirkularren katalogo honek, fitxa teknikoetan, produktu zirkular bakoitzaren ezaugarri eta alderdi nagusiak biltzen ditu, eta hamar sektoretan banatzen ditu: industria kimikoa, metalaren sektorea, altzariak, automobilgintza, elikadura, ekoizpena eta kontsumoa, makineria, garraioa, elektriko-elektronikoa, eta eraikuntzako materialen sektorea.

Basque Ecodesign Meetings: ekodiseinuari buruzko nazioarteko topaketak

Basque Ecodesign Meetinga ekodiseinuari buruzko nazioarteko ekitaldia da. Ekodiseinuaren aplikazioan esperientzia handia duten enpresa liderrak, metodologia horren eragile dinamizatzailea den herri-administrazioa, unibertsitatea eta arloko hainbat aditu bildu ditu Bilbon bi urtez behin.


Nazioarteko pertsona garrantzitsuak izan dira ekitaldiaren edizioetan, eta ekodiseinuko profesionalen topagunea izan da Europa hegoaldean.


Azken edizioetako dokumentazio guztia eskuragarri dago, eta arlo horretako joerei buruzko dokumentu-funts garrantzitsu bat da.




2022tik aurrera, Basque Ecodesign Meeting Basque Circular Summiten barruan sartzen da: garrantzi handiagoko ekitaldia da, eta ekodiseinuaren alderdi guztiak biltzen ditu ekonomia zirkularraren esparruan.


 
 
 

Ekodiseinua eta ekonomia zirkularra

Produktuen diseinuan bizi-zikloaren ikuspegia txertatzeari esker, garatu diren produktuek lehengaien kontsumo unitario txikiagoa dute, jatorri birziklatu edo berriztagarriko lehengaien erabiltzen dituzte, kontsumigarrien behar txikiagoa dute bizitza baliagarrian zehar; horrela, errazagoa da horiek mantentzea eta konpontzea (horrela, bada, bizitza erabilgarria luzatzen da), eta produktua bere bizitza-amaierara iritsi den unean aprobetxamendu hobea ziurtatzen da.

Ekodiseinuari esker, gainera, negozio-eredu alternatibo berriak ezartzeko produktu egokiagoak diseina daitezke; izan ere, merkataritza-transakzioak (eta, beraz, enpresaren etekina) ez daude beren produktuen fabrikazioan eta salmentan oinarrituta, baizik eta erabiltzaileek egiten duten erabileran edo lortzen duten emaitzan.

Horiek guztiak kontsumitzen edo erabiltzen ditugun produktuak fabrikatzeko behar ditugun lehengaiak modu eraginkorragoan erabiltzea ahalbidetzen duten estrategiak dira.

Horregatik da ekodiseinua ekonomia zirkularraren funtsezko pieza bat. Hala ezartzen du, hain zuzen ere, Europako Batzordeak Ekonomia Zirkularrari buruzko 2020ko Ekintza Planean –Europako Itun Berdearen (European Green Deal) elementu nagusietako bat da–.

 

Ecodiseño y Economía Circular

 

Plan honek produktuen bizi-ziklo osoko ekimenak biltzen ditu, diseinutik abiatuta, eta ekonomia zirkularreko prozesuen orokortzea sustatu nahi du; hartara, kontsumo jasangarria sustatu nahi du, eta erabilitako baliabideak EBko ekonomian ahalik eta denbora gehien mantendu daitezela ere bai.

Industria plana

ALBISTEAK

También te puede interesar

2025eko azaroaren 5a
  • Ekonomia zirkularra
  • Ekodiseinua
Euskadiko enpresek talentu gaztearekin sustatu ahal izango dute beren jasangarritasuna, Ihoberen Ekodiseinatuz programari esker
2025eko urriaren 30a
  • Hondakinak
Hondakin elektriko-elektronikoen murrizketa, Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko 2025eko Europako Astearen helburua
2025eko urriaren 29a
  • Klima aldaketa
Europako Batzordeak Pirinioak bisitatu ditu eta Euskadiko erakundeekin bildu da Pyrenees4Clima proiektuaren aurrerapenak ezagutzeko
2025eko urriaren 24a
  • Ingurumen-komunikazioa
“Natura bizia” dokumentalak ingurumen komunikazioaren saria jaso du 2025eko Euskal Kazetaritza Sarietan
Ikusi albiste guztiak

ARGITALPENAK

También te puede interesar

Euskadiko Berotegi Efektuko Gasen Isurketen Inbentarioa 2023
2025eko urriaren 17a
  • Klima aldaketa
Euskadiko Berotegi Efektuko Gasen Isurketen Inbentarioa 2023
Euskadiko Berotegi Efektuko Gasen Isurketen Inbentarioa 2024
2025eko urriaren 17a
  • Klima aldaketa
Euskadiko Berotegi Efektuko Gasen Isurketen Inbentarioa 2024
Euskadiko karbono-aztarnaren kalkulua - Laburpen Exekutiboa
2025eko abuztuaren 28a
  • Klima aldaketa
Euskadiko karbono-aztarnaren kalkulua - Laburpen Exekutiboa
Euskadiko karbono-aztarnaren kalkulua - Txosten osoa
2025eko uztailaren 23a
  • Klima aldaketa
Euskadiko karbono-aztarnaren kalkulua - Txosten osoa
Ikusi argitalpen guztiak