Ingurumen-hezkuntzak, Garapen Jasangarrirako Hezkuntza gisa ulertuta, pertsonak ahalduntzen ditu etorkizun jasangarri baten alde hausnartzeko eta lan egiteko duten modua aldatzeko.
Euskadik ekintza-mota ugari ditu bere ingurumen-plangintzan euskal herritarrek duten ingurumeneko hezkuntza-, prestakuntza- eta sentsibilizazio-maila areagotzeko, 2030erako Agendaren helburuekin eta garapen jasangarrirako helburuekin bat etorriz.
Helburu horrekin, Eusko Jaurlaritzak tresna ugari jartzen ditu hezkuntzaren arloko profesionalen eta herritarren esku, besteak beste, Ekoetxea - Euskadiko Ingurumen Zentroen Sarea, Ihobek kudeatzen duena.
Gainera, Jaurlaritzak beste zenbait baliabide eta tresna eskaintzen ditu, hala nola:
- Ingurumen-aholkularitza irakasleei
- Azterkosta eta Ibaialde programak, ikasleak kostako eta ibaietako uren kalitateaz sentsibilizatzeko, hurrenez hurren.
- Ingurugela,
- Gida Teknikoak
- Eskola jasangarriak aintzatesteko programa
Euskadiko Iraunkortasunerako Hezkuntza Estrategia 2030
Estrategia hori lantzea Euskal Autonomia Erkidegoko 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programako mandatuetako bat da. Hain zuzen ere, Jasangarritasunerako Hezkuntza eta kontzientziazioa indartzea proposatzen du euskal gizarte osoan, eta jardueretako batean zehazten du Jasangarritasunerako Hezkuntzaren estrategia egitearen premia.
Estrategia honen helburu nagusia da hezkuntzan eta irakaskuntzan garapen jasangarriaren funtsezko gaiak sartzea, eta irakaskuntza eta ikaskuntza metodo parte-hartzaileak sustatzea, ikasleak motibatzeko eta autonomia emateko, haien jokabidea aldatu eta garapen jasangarriaren aldeko neurriak errazago har ditzaten.
Estrategiak 4.161.000 euroko aurrekontu-zuzkidura du 2030ra arte, eta hiru ekintza-planen bidez gauzatuko da: 2020rako Ekintza-Plana, 2025erako Ekintza-Plana eta 2030rako Ekintza-Plana, Jasangarritasunerako Hezkuntzaren Estrategia garatzeko lehenengo epea 2020ra arte luzatuko da. Beraz, atal honetan eta epemuga horri begira, zenbait ekintza zehaztu dira, 2030erako zehaztutako Ikuskera, Misio eta Jarduera Ildoetara iristeko lehen urratsak izango direnak.
Guztira, 4 helburu proposatu dira, eta horiek izango dira Jasangarritasunerako Hezkuntzaren 2030era arteko EAE-ko Estrategiarako lehentasunezko jarduera-ardatzak.
Helburuak
- EKINTZARAKO HEZKUNTZA
- HEZITZAILEEN, PRESTATZAILEEN ETA BESTELAKO ERALDAKETA-ERAGILEEN GAITASUNA INDARTZEA
- GAZTEAK TREBATZEA ETA AHALDUNTZEA
- HERRIAK ETA HIRIAK JASANGARRITASUNERAKO INGURUNE HEZITZAILE GISA SUSTATZEA
Lehentasunezko ardatz horiek, gainera, bat egiten dute Garapen Jasangarrirako Hezkuntzari buruzko Munduko Ekintza Planaren lehentasunezko ekintza-arloekin eta Estrategia lantzeko parte.hartze prozesuan kontsultatutako eragile ezberdinen proposamenak biltzen dituzte.
Lau helburu horietatik abiatuta 9 jarduera-ildo sortu dira. Euskadik 2030ean izan nahi duen tokia definitzen dute eta etorkizuneko asmo bat adierazten du bakoitzak.
Halaber, lerro horietatik 2020rako norabidea markatuko duten 27 ekintza zehatz hedatuko dira, denbora-epe horretarako Jasangarritasunerako Hezkuntzaren plangintzan koherentzia eta koordinazioa bermatzeko.
Ekintza horiek lehentasunezkotzat jo dira 2020rako, hain zuzen Diagnostikotik eta Parte-hartze prozesutik sortutako alderdi eta premia nabarmenenak identifikatu eta gero.
Líneas de actuación
1. Helburuko jarduera-ildoak
- Eragile dinamizatzaile eta berritzaileen parera sustatzea Jasangarritasunerako Hezkuntza gaietan hezkuntza-arlo ezberdinetan.
- Ekintzarako ikaskuntza helburu duten metodologia berritzaile eta integratzaileak sustatzea.
- Jasangarritasunerako Hezkuntzan diharduten eragileen sareko lankidetza erraztea.
2. Helburuko jarduera-ildoak
- Hezitzaileak trebatzea ikaskuntza eta aldaketa erraztu dezaten.
- Hezkuntza alorrekoak ez diren eraldaketa-eragileak trebatzea.
3. Helburuko jarduera-ildoak
- Unibertsitateari eta lanbide-heziketako ikastetxeei balioa ematea jasangarritasunaren arloko gaietan gazteria ahalduntzeko plataforma gisa.
- Ekintzaren bitartez, trebakuntza eta ikaskuntza sustatzea jasangarritasunaren arloko gaietan.
4. Helburuko jarduera-ildoak
- Tokiko Agenda 21 eta Ikastetxeetako Agenda 21 programen arteko koordinazioari balioa ematea eta indartzea.
- Jasangarritasunerako Hezkuntzaren arloan tokiko eragileek bultzatu eta garatutako jarduerak bultzatzea eta dinamizatzea.
Ekoetxea Euskadiko Ingurumen-zentroen Sarea, Ihobek kudeatuta, lau zentro propio ditu, leku enblematikotan kokatuta: Urdaibai, Meatzaldea, Azpeitia eta Txingudi. Horiek guztiak erreferente bat dira herritarrentzat, zeren tokiko gizarte-kohesioa eta ingurumen-jasangarritasuna sustatzen baitituzte, euren idiosinkrasia eta ezaugarri propioetatik abiatuta.
Ekoetxea sarearen helburua pertsonen pentsaera eta jarduteko era aldatzea da, jasangarritasunaren alde eginez, eraldaketa ekosoziala ingurumen-politiken bitartez bultzatzeko xedez, modu digitalean eta presentzialean, ingurune enblematikotan, herritarrak inplikatzeko eta herrialderentzako balioa sortzeko.
Ingurune naturalarekin konektatzearen bidez, ingurumen-hezkuntzaren arloko adituek garatzen duten lana lagungarria da bisitariek ulertu dezaten bizi-kalitatea eta ingurune naturalaren kalitatea eskutik lotuta doazela, eta ondare naturalaz egiten den erabilerak pertsonen etorkizuna definitu eta baldintzatzen duela.
Ekoetxea Sarea honako hauek osatzen dute:
- Ekoetxea Txingudi, Ekoetxea Urdaibai, Ekoetxea Azpeitia y Ekoetxea Meatzaldea; horiez gain, zentro berriak irekiko dira Araban, hala nola Ekoetxea Añana (gaur egun eraikitze-fasean).
- Zentro laguntzaileak: Sarearen helburuarekin bat datozen esperientzia esanguratsuak ekarriko dituzte.
- Ekoetxea Digitala: ekosistema digital bat, euskal herritarrei hezkuntza-zerbitzu berriak modu elkarreragilean erakusteko eta eskaintzeko.
Hainbat erakunde publiko eta pribatuz eta askotariko ikuspegiak dituzten eragilez osatutako Sare hibrido berri horrek kultura kolaboratibotik sareko ikaskuntzaren eta kolektibotasunaren balioaren kulturara eboluzionatuko duen erakunde bat osatzen du.
Ekoetxea Urdaibai
Ekoetxea Urdaibai Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren muinean dago kokatuta, Busturia udalerrian, Euskadin ekosistema kopuru handienetako bat duen eremu batean. Bere helburu nagusia da naturaren eta biodibertsitatearen hedakuntza sustatzea, eta, halaber, biodibertsitateak ematen dituen onuren balioa nabarmentzea eta espezien galeraren ondorioez ohartaraztea.
Zentro honek erakusketa-gune iraunkor bat, aldi baterako erakusketetarako gune bat eta paduraren behatoki bat ditu. Orobat, zentroak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Interpretazio Zentroaren instalazioak hartzen ditu, hau da, erakusketa iraunkor bat, ingurumenari buruzko sentsibilizazio-, prestakuntza- eta ikerketa-lana bultzatu nahi duena.
______________
Informazio gehiago eta erreserbak:
Crta. Bermeo-Gernika Bº San Bartolomé, 34
48350 Busturia Bizkaia
946 870 402
Ekoetxea Azpeitia
Ekoetxea Azpeitia Loiolako basilikaren lorategietatik gertu dago kokatuta, eta helburutzat hartzen du baliabide naturalak ezagutzera ematea eta baloratzea, ingurumenarekiko errespetuaz sentsibilizatzeaz eta hezteaz batera.
Gaur egun, museoak hamabi gai-eremu ditu, lau aretotan banatuta, lau gai-blokeei buruz informatzera zuzenduta: Atmosfera, Klima-aldaketa eta Ura; Biodibertsitatea; Demografia, hiriak, arkitektura bioklimatikoa, hirigintza jasangarria, energia eta zarata; Hondakinak, kontsumoa eta garapen jasangarria.
Ekoetxearen kanpoaldean Xaguxatar, hiri-parkea dago. 1.800 m²-ko azalera batean kokatuta, bere sei atalek informazioa ematen dute, ikuspegi ludiko eta elkarreragile batetik, saguzarren ohitura, ezaugarri eta habitatei buruz.
____________________
Informazio gehiago eta erreserbak:
Loiola auzoa 1 20730
Azpeitia Gipuzkoa
943 812 448
Ekoetxea Meatzaldea - Peñas Negras
Ekoetxea Meatzaldea ingurumen-zentro bat da, bi egoitza dituena Ortuella (Peñas Negras) eta Abanto-Zierbena (Gallarta) udalerrietan; bi egoitza horien ezaugarri nagusia da kontrastez jositako ingurumen berezi batean daudela kokatuta, bertako paisaia karstikoagatik eta Trianoko mendien ingurunearen eraldaketa sakonagatik –giza jardunak eta XIX. eta XX. mendeetan eremu horretan garatutako jarduera industrial trinkoak eragindako eraldaketa-.
Bertan, baso, erreka, larre eta txilardiz osatutako ondare naturalak mehatxupean dauden zenbait espezie babesten ditu, hala nola haitzuloetako saguzarrak, harrapari harkaiztarrak eta anfibioak.
Inguruneak, gainera, badu monumentu megalitikoei lotutako ondare kultura garrantzitsu bat, eta baita meatzaritzaren berezko aztarnak ere.
_________________________
Informazio gehiago eta erreserbak:
Carretera forestal La Arboleda, Muskiz km 1,6
48530 Ortuella, Bizkaia
946 33 80 97
Ekoetxea Txingudi
Ekoetxea Txingudi, ingurumen-zentro bat da, Bidasoa ibaiaren eta Jaizubia errekaren arteko eremuan kokatua, zehazki Plaiaundi Parkea deritzan esparruan. Bertan, bi barne-urmael eta marearteko hondartza bat daude, eta baita ur gezako bi urmael ere. Izatez, Txingudiko Badia Gipuzkoan dagoen padura-ingurunearen adibiderik onena da. Geografikoki itsasoaren eta Pirinioetako mendi-barreraren artean kokatuta dagoenez, Euskal kostalde osoaren gune garrantzitsuena da ornitologiarako, beraren aniztasun eta aberastasun ekologikoagatik.
______________________
Informazio gehiago eta erreserbak:
Plaiaundiko Parke Ekologikoa
Pierre Loti ibilbidea
20304 Irún, Gipuzkoa
943 619 389
Erronka Garbia ziurtagiri bat da. Euskadin ingurumen neurriak dituzten ekimenak aitortzen ditu, eta eraginpeko agente guztientzat motor eta sentsibilizazio elementu gisa jokatzen du. 2014an martxan jarri zen Erronka Garbia ekimenetik sortu da. Bere helburua ekitaldietako parte-hartzaileak eta antolatzaileak kontzientziatzea da ospakizun horri lotutako inpaktu negatiboak arintzeari buruz.