“BIRZIKLAPENEAN JAIOAK GARA” KANPAINA
11 Oct 2018
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailak, foru-aldundien, Euskadiko hogeita hamar udalerriren, Ecoembesen eta Ecovidrioren lankidetzarekin, “BIRZIKLAPENEAN JAIOAK GARA” ingurumen-sentsibilizaziorako kanpaina abiatu zuen 2017an.
Kanpaina 2017an estreinatu zen Euskadiko bost herritan, esperientzia pilotu moduan; 2018an, berriz, Foru Aldundien parte-hartzearekin, euskal instituzioek zentzu horretan egindako lehenengo kanpaina bateratu bihurtu da, hondakinen bi erakunde kudeatzaile nagusien sostenguarekin: Ecovidrio, beirazko ontzien frakzioan, eta Ecoembes, kartoi, plastiko, brick eta metalezko ontzien frakzioan.
“Birziklapenean jaioak gara” kanpainak Euskadi zeharkatu du karpa ibiltari handi batekin. Erakusketa-eremu bat du, eremu ludiko bat eta kanpo-jarduera bat, horiek guztiak oso parte-hartzaileak eta interaktiboak, herritarrenganaino bi helburuz iristeko: nola birziklatu gehiago, ez birziklatzeko aipatzen dituzten aitzakiei irtenbidea bilatuz, eta nola birziklatu hobeto, edukiontzi bakoitzean zer hondakin mota bota behar den azalduz.
Halaber, aldez aurretik bisita gidatuak programatu dira ikastetxeentzat. Lehen hezkuntzako azken ikasturteetako eta bigarren hezkuntzako ikasleentzat pentsatuta daude; ordubeteko iraupena dute eta euskaraz egiten dira.