Skip to main content

CLIMATE & CIRCULARITY CALCULATOR

Erakundeek beren produktuen eta erakundeen ingurumen-ebaluazio ariketak egiteko bi motibazio-faktore dituzte.

1.-GARDENTASUNA

Gardentasuna, berriz, honako hauek motibatu dezakete:

  • Arauzko betekizunak, hala nola Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko legeak, bai estatukoak bai Euskadikoak, edo txosten korporatiboen arauak,
  • Merkatu-betekizunak, balio-katearen ikuspegiarekin deskarbonizazio-prozesuei edo erosketa berdeko prozesuei lotuak, 
  • Erakundearen beraren konbikzio hutsagatik gardentasuna eta ingurumen-ebaluazioa iraunkortasunerako bidearen parte direla ulertzen delako.

2.-INGURUMEN-HOBEKUNTZA

Ingurumen-hobekuntzaren alde lan egiteko, lehenengo urratsa neurtzea da. Erakunde-ikuspegia duen ingurumen-ebaluazioak ahalbidetzen du diagnostiko global bat izatea, balizko hobekuntzak identifikatzea eta ingurumen-helburuetara zuzendutako jarraipena egitea. Ebaluazioa produktu edo zerbitzura zuzendutako ikuspegiari lotuz, produktuaren edo zerbitzuaren ingurumen-inpaktua bere sorreratik murriztera zuzendutako diseinu-erabakiak hartu daitezke: edo, bestela esanda, ekodiseinatu egin daiteke.

Ingurumen-ebaluazio hori errazteko eta bi faktore motibatzaileei erantzuteko, Ihobek CLIMATE & CIRCULARITY CALCULATOR izeneko tresna jartzen du enpresen eskura. Erakundeen, produktuen eta zerbitzuen ingurumen-jokabidea modu sinplifikatuan ebaluatzeko tresna informatiko bat da; doakoa da eta bizi-zikloaren ikuspegia aplikatzen du. Hala, tresnak honako hau ahalbidetzen du: erakundearen, produktuen eta zerbitzuen karbono-aztarna eta ingurumen-aztarna kalkulatzea; produktu eta zerbitzuen bizi-zikloaren azterketa sinplifikatu bat egitea; eta ekonomia zirkularreko adierazleak kalkulatzea, erakunde-ikuspegi batez, hori guztia aitortutako estandarren arabera.

Horrenbestez, erakunde-ikuspegi batez, tresnak honako hau ahalbidetzen du: erakundearen ingurumen-aztarna kalkulatzea, Ihobek argitaratutako metodologiaren arabera; karbono-aztarna kalkulatzea, UNE-EN ISO 14064-1 arauaren arabera; eta ekonomia-zirkularreko adierazleen aukeraketa bat, “Circular Transition Indicators 3.0” metodologiari jarraituz, etorkizunean onartuko den ISO 59020 arauarekin bateragarriak direnak.

Produktu-ikuspegiarekin, tresnak ahalbidetzen du produktu eta zerbitzuen bizi-zikloa aztertzea (ISO 14040 eta ISO 14044 arauekin bat etorriz) eta karbono-aztarna ISO 14067:2018 arauaren arabera kalkulatzea.

Tresna sinplifikatua izateak esan nahi du bere datu-base mugatua dela eta ezin pertsonalizatu daitekeela erakundearen eta bere ingurumen-alderdien ezaugarrietara. Hau da, ingurumen-inpaktuen magnitude-ordena eskaintzen du, baina ezin izango litzateke erabili bizi-zikloaren azterketa exhaustibo bat egiteko, EN ISO 14040 / EN ISO 14044 arauen arabera, ezta produktuko ingurumen-adierazpenak EN ISO 14025 arauaren arabera garatzeko ere.

Tresna hau Ihobek orain dela 15 urte baino gehiago enpresen esku jarri zuen ECO-it tresnaren bertsio hobe eta zabalago bat da, eta baita erakundeei zuzendutako karbono-aztarnaren tresnarena ere.

Tresna berri honek enpresa industrialetan ohikoak diren 150 material eta prozesu baino gehiago hartzen ditu barne, ingurumen-inpaktuaren 25 kategoriatan sailkatuta; horrez gain, klima-aldaketaren kategoriari buruzko foku erantsi bat ere badu. Hori guztia deskribatuta dago hurrengo atalean. Enpresekin egingo duen lanaren bitartez, Ihobe handituz joango da datu-basean dauden material eta prozesuen kopurua, eta eguneratu ere egingo du, beharrezkoa denean.

Tresnak aprobetxatzen du Ihobek enpresekin egindako lanaren bidez sortutako ezagutza, erakunde eta produktuko metrikak modu integratuan lantzeko. Horri esker, sarrera komuneko informazio-oinarri batez, tresnak metrika desberdinak kalkulatu ditzake, dela erakundearentzat dela produkturako.

Tresnaren erabilerarako prestakuntza eta baliabideak

Erakundeek tresnaren potentziala ahalik eta gehien aprobetxatu dezaten, Ihobek honako baliabideak eskaintzen ditu::

  • Tresnaren erabilerari buruzko erabilera eskuliburua, hura erabiltzeko gida praktiko gisa balio duena.

Manual
Erabilera eskuliburua deskargatu

  • Autoformaziorako online ikastaroa, ingurumen adierazleen oinarri teorikoa eta praktikoa, eta tresnaren erabilera urratsez urrats azaltzen dituena.

Manual

Ikastarora sartzeko:

  1. Sartu ondorengo estekan
  2. Hasi saioa / Erregistratu egela.basquecircularhub plataforman
  3. Matrikulatu ikastaroan 
  4. Ikastaroa hasi eta ikasi zure erritmora

Baliabide horiei esker, edozein enpresak bere ingurumen-jarduna erraz neurtu, interpretatu eta hobetu dezake, bere tamaina edo esperientzia edozein izanda ere.

Nola erabili tresna

Organizazioa Organizazioaren bideoa Produktua Produktuaren bideoa

 

Climate & Circularity Calculator tresnarako sarbidea

Sarbide-identifikazioa baduzu eta zerbitzuaren baldintzak onartu badituzu, sartu esteka honen bidez. Bestela, identifikatzea edo erregistratzea eskatuko zaizu, zerbitzuaren baldintzak onartzeaz gain.

Newsletter