Dokumentazioa
Ihobek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Azpeitiko Ekoetxearen espazio eta erabileretarako lizitazioa abiarazi du. Lanak egiteko 200.000 euroko inbertsioa aurreikusi du, eta, horien bidez, aireztapen-instalazioa hobetuko da eta espazioak birmoldatuko dira. Horretarako, ingurumena babesteko neurriak aplikatuko dira, bai material eta produktuetan, bai obrak kudeatzeko lanean.
Interesa duten enpresek 2026ko ekainaren 18ko 12:00ak arte aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamenak, Eusko Jaurlaritzaren Kontratazio Publikoaren plataformaren bidez.
Azpeitiko Ekoetxea Loiolako Basilikaren lorategietatik gertu dago, eta haren helburua natura-baliabideak ezagutaraztea eta balioestea da. Horrez gain, ingurumenarekiko errespetua eta gaiari buruzko heziketa zabaltzea du xede hainbat arlotan: atmosfera, klima-aldaketa eta ura; biodibertsitatea; demografia, hiriak, arkitektura bioklimatika, hirigintza jasangarria, energia eta zaratotsa; eta hondakinak, kontsumoa eta garapen jasangarria.
Gainera, zentroak Xaguxatar hiri-parke naturala hartzen du barne. 1.800 m²-ko eremu horrek, ikuspegi ludiko eta interaktibo batetik abiatuta, saguzarren ohitura, ezaugarri eta habitatei buruzko sentsibilizazioa lantzen du.
Zentroak eskola programa didaktiko bat eta herritar guztiei zuzendutako hezkuntza-esperientziak eskaintzen ditu, helburu argi batekin: sentsibilizatzea, heztea eta etorkizun jasangarriago baten aldeko parte-hartze aktiboa sustatzea.
Lizitazio honen bidez, Ihobek Azpeitiko Ekoetxearen espazioak eta erabilerak optimizatu nahi ditu, ikasleei zein bisitariei instalazio funtzional, eroso eta seguruagoak bermatuz. Proiektuak zentroaren hezkuntza- eta ingurumen-misioa indartu eta, halaber, ziurtatzen du Euskadik ingurumen-dibulgaziorako erreferentzia-puntua izaten jarraituko duela.
Informazio gehiago nahi izanez gero eta lizitaziora sartzeko, enpresek Eusko Jaurlaritzaren Kontratazio Publikoaren plataforma kontsulta dezakete.
Iturria:Ihobe