Skip to main content
2026ko urtarrilaren 13a

Klimametraje film laburren lehiaketak aitortzen du klima-ekintzarekin konprometitutako euskal gazteriaren rola

Klimametraje film laburren lehiaketak aitortzen du klima-ekintzarekin konprometitutako euskal gazteriaren rola
Ihobek antolatuta, ikus-entzunezko lehiaketaren helburua da euskal gazteriaren ikuspegia hedatzea, klima-aldaketak Euskadin dituen inpaktuei dagokienez, herritarrak kontzientziatu, sentsibilizatu eta mobilizatzeko xedez.

Ihoberen egoitzan egindako banaketa-ekitaldian, bi kategorietan irabazle izan diren gazteek bizikleta bana jaso dute Ihobeko eta Eusko Jaurlaritzako Gazteriako Zuzendaritzako arduradun nagusiengandik; arduradun horiek, gainera, bonu berezi bana eman diete euren lanagatik aitortutako parte-hartzaileei, asteburu batez gozatu dezaten Euskadiko etiketa ekologikoarekin ziurtatutako landetxe turistiko batean.

‘Klima-aldaketak Euskadin duen inpaktua’ deritzan kategorian, epaimahaiak Juliana Ribeirori eman zion sari nagusia, 'Ametsa" izeneko bideoagatik; bertan, 28 urteko eta brasildar jatorriko arkitekto eta diseinugile honek klima-aldaketaren ondorioei buruz hausnartzen du, animazio-film labur baten bitartez. Kategoria berean, José Carlos Pérez gazte bilbotarrak jaso egin du kontzientziatzeko ahalmena aitortzen duen saria, ‘Futuro sostenible' bideoagatik. Beraren bidez, planetako egoerari buruzko alerta eman nahi zuen, eta, zehazki, gure hondartzeko egoerari buruz.

‘Klima-ekintzaren aldeko bultzada’ deritzan kategorian, berriz, sari nagusiaren irabazlea Ramón Puerto gipuzkoarra izan da –diseinu grafikoko ikaslea, 22 urtekoa-, ‘Frigo’ film laburragatik. Ramónek eguneroko keinu txikien garrantzia nabarmendu nahi izan du. Kategoria berean, Izaro Zelaia, 24 urteko biologo eta ingurumen-hezitzailea, saritua izan da herritarrak mobilizatzeko ahalmenagatik bere ‘Klimametraje B’ izeneko lan itxaropentsuagatik, non klima-aldaketa geldiarazteko irtenbideak aurkezten dituen.

Epaimahaikideak izan dira Alexander Boto, Ihobeko zuzendari nagusia, Miren Saratxaga, Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendaria, eta Imanol Goenaga, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen arloko aholkularia, eta, besteak beste, alderdi hauek baloratu dituzte: kontatutako istorioen orijinaltasuna, ekoizpenaren sormena, ekoizpenen berrikuntza kontzeptuala eta narrazioen tratamendua. Ekitaldian, klima-erronkari heltzerakoan gazteriak duen ezinbesteko rolaren balioa nabarmendu nahi izan dute.


Gazteak eta klima-aldaketa


Klima-aldaketa XXI. mendeko ingurumen-erronka nagusietako bat da. Azken 150 urteetan, munduko tenperatura 0º8 C inguru igo da, eta aurreikusita dago igotzen jarraituko duela. Lurrean gaur egun bizi diren gazteak izango dira berokuntza globalaren ingurumen-inpaktuen ondorioak jasango dituztenak.

Gazteriaren Europako Urteak gazteen rola nabarmendu nahi du, Europarentzat etorkizun ekologikoago, inklusiboago eta digitalago bat eraikitzeari dagokionez. Horregatik, urte horrekin batera, Ihobek ‘KLIMAMETRAJE’ – klima-aldaketari buruzko film laburren I. Gazte-lehiaketa abiatu zuen, euskal gazteria klima-erronken aurrean mobilizatzeko eta klima-aldaketak Euskadin dituen ondorioei erantzuteko duen jardute-ahalmenaren balioa nabarmentzeko. Lehenengo edizio honetan, 18 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartu dute, bi kategoriatan: bata, klima-aldaketak gure lurraldean dituen ondorioak erakustera zuzendua; eta bestea klima-ekintza bultzatzen duten irtenbide, ekimen edo tresnak proposatzera zuzendua.

Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko ekainaren 8a
  • Klima aldaketa
Hasi dira LIFE IP ip urban klima 2050 eskuhartzearen obrak Zarauzko malekoian
2026ko ekainaren 8a
  • Ingurumen-komunikazioa
  • Korporatibo
Ingurumen hezkuntzako konponbide naturalak, ingurumen neurketa eta AA, eta klima aldaketa nola kontatu dira Ihoberen 2026ko udako ikastaroetako ardatz tematikoak
2026ko ekainaren 5a
  • Klima aldaketa
  • Ingurumen-hezkuntza
Ekoetxea Urdaibaik klima-aldaketak lurraldean dituen kausak eta ondorioak ulertzeko erakusketa iraunkor berria inauguratzen du
2026ko ekainaren 5a
  • Herritarren ekintza
Ihobek herritarrengana hurbilduko du jasangarritasuna, Bioterra 2026 azokan, klima aldaketari buruzko ihes joko batekin