Skip to main content
2026ko uztailaren 8a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak

Zero Zabor Uretan 2026ko ekimenaren zortzigarren edizioa abian da, eta jarduera berriak eta topaketak izango dira Euskadiko hainbat portutan

MATER ontzi museo ekoaktiboak Zero Zabor Uretan zeharkaldiaren zortzigarren edizioa hasi du –ingurumena sentsibilizatzeko ekimena–, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren laguntzarekin. «Hondakinik onena, sortzen ez dena» lelopean, ekimen honen helburua da euskal herritarrak itsasoko zaborren arazoaz kontzientziatzea eta hondakinen prebentzioa sustatzea. 

Uztailean zehar, MATERek euskal kostaldeko zortzi portu zeharkatuko ditu, itsasontzi barruko jarduerak, bertako merkataritzarekin lana eta dagoeneko itsas kutsaduraren aurka lanean ari diren eragileen arteko topaguneak uztartzen dituen programa batekin. Ibilbideak eskala hauek egingo ditu Bizkaian: Bilbon (uztailak 2-4), Portugaleten (4-7), Bermeon (7-10) eta Ondarroan (10-13). Gipuzkoan, berriz: Mutrikun (13-16), Getarian (16-19), Hondarribian (19-22) eta Pasaian (22-24).

MATERen barruan, hainbat aukera eskaintzen ditu programak: bisita gidatuak ontzi museora eta Itsas Zaindari Espaziora, dinamika parte hartzaileak dituen gune bat, eta itsasoko zaborren inguruko erakusketa. Gainera, hondakinak eta mikroplastikoak biltzeko nabigazioak egingo dira instrumentazio espezifikoarekin, bai eta itsasotik berreskuratutako plastikoekin birziklatze sortzailerako tailerrak eta aire zabaleko itsaspeko zinema saioak ere, Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloarekin (CIMASUB) lankidetzan.

Jarduera horien helburua da, hain zuzen, herritarrek hondakinak itsas ekosisteman duten inpaktua ezagutzea, eta, horretarako, arazoaren dimentsioa eta esparru indibidual eta kolektibotik izan ditzakeen irtenbideak hobeto ulertzeko aukera ematen duten esperientzia praktikoak egingo dira.

MATER ontzi museo ekoaktiboak bultzatutako kanpainak euskal kostaldeko zortzi portu zeharkatuko ditu uztailean, hondakinen prebentzioa eta itsasoko kutsadurari begirako sentsibilizazioa bultzatzeko

Tokiko ekintza eta komunitatearen parte hartzea portu bakoitzean

Lehorrean, eskala bakoitzarekin batera ekintza parte hartzaileak egingo dira, hala nola hondakinak aldez aurretik identifikatutako eremuetan biltzea, ‘Itsasoko Erraldoien Martxa’ eta ‘Ni Itsas Zaindari’ kanpaina, parte hartzen duten udalerrietako ikasleek prestatutako mezuak bertako saltokietako erakusleihoetara eramateko.

Era berean, Itsas Zaindari Gunea gaituko da, itsasoko zaborrei buruzko hainbat dinamika eta erakusketa eduki bilduko dituena, kanpainaren izaera dibulgaziozko eta komunitarioa indartzeko asmoz.

Irtenbideak partekatzeko topagune berriak

Edizio honetako berrikuntza gisa, Zero Zabor Uretan Topaketak txertatu dira kanpainan, zortzi hitzordu –portu bakoitzeko bat–, trukerako espazio ireki gisa. Horietan, erakundeek, kolektiboek, administrazioek eta herritarrek itsas zaborren murrizketaren inguruko ikaskuntzak, erronkak eta irtenbideak partekatuko dituzte.

Formatu berri honek dagoeneko abian dauden tokiko ekimenak ikusarazi nahi ditu, eta norabide berean lan egiten duten eragileen arteko lotura sustatu, kanpainaren eragin kolektiboa indartzen laguntzeko.

Erakunde laguntzaileak

Kanpaina honek hainbat administrazio publiko eta pribaturen laguntza du, hala nola Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailarena, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuarena, Bizkaiko Foru Aldundiko Jasangarritasun eta Ingurune Naturaleko Sailarena eta SEO Birdliferen Libera proiektuarena, Ecoembesekin lankidetzan.

Beste erakunde batzuek –hala nola Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloak (CIMASUB) edo Euskal Herriko Unibertsitateko Plentziako Itsas Estazioak (PIE)– kanpaina osoko jardueretan parte hartzen dute, eta tokikoagoak diren beste erakunde batzuek ere aktiboki laguntzen dute kanpaina garatzen.

Europaren aitortza

Zero Zabor Uretan ekimenak aitorpena jaso du Hondakinen Prebentziorako Europako Asteko (EWWR) 2025eko sarietan: Europako hiru onenen artean dago, 13.100 ekintza baino gehiagoren artean, eta horrek indartu egiten du Europan ingurumena sentsibilizatzeko erreferente gisa duen zeregina.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko uztailaren 10a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Euskal herritarrek 9 tona hondakin baino gehiago bildu dituzte Let 's Clean Up Euskadi! kanpainaren inguruko ekimenetan
2026ko uztailaren 10a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Euskal herritarrek 9 tona hondakin baino gehiago bildu dituzte Let 's Clean Up Euskadi! kanpainaren inguruko ekimenetan
2026ko ekainaren 30a
  • Klima aldaketa
BIK 2050 proiektu europar handi baterantz egiten ari da aurrera Bilboko itsasadarra klima-aldaketara egokitzeko
2026ko ekainaren 24a
  • Klima aldaketa
  • Tokiko jasangarritasun
Udalsarea 2030ek hiriZAIN tresna aurkeztu du, osasuna eta ekintza klimatikoa hiri-plangintzan integratzeko