Skip to main content
2026ko azaroaren 18a
  • Klima aldaketa

Klima-aldaketara egokitzea bertako industriarentzako eta lurraldearentzako aukera bihurtu du Euskadik

Euskadi Living Lab

Euskadik bere gaitasun industrialak eta teknologikoak baliatu nahi ditu klima-aldaketaren efektuei erantzuteko. Horretarako, Euskadi Climate Change Adaptation Living Lab sustatu du Eusko Jaurlaritzak, Euskadi 2030 Industria Planaren 20 proiektu eraldatzaileetako bat.

Ekimena sei proiektu erakusgarrirekin hasi da; Zarautzen, Bakion, Txingudin, Bilboko itsasadarrean, Astegietan eta Legazpin. Jarduketek uholdeak, kostaldeko ekaitzak, itsas mailaren igoera eta tenperaturen igoera moduko arriskuak jorratuko dituzte, ingeniaritza, teknologia eta ingurumenaren lehengoratzea konbinatzen dituzten soluzioen bitartez.

Zarautzen, Bakion eta Txingudin jarduketak martxan daude dagoeneko, eta Bakiokoak amaitu dituzte ia. Bilboko itsasadarrerako proiektua hasierako fasean dago, eta Astegietako eta Legazpiko jarduketak hasteke daude oraindik.

Proiektua Antalyan (Turkia) egindako COP31n ere aurkeztu da, Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Goi Bileran. Nazioarteko topaketa horretan parte hartzeak Living Labaren beste helburuetako bat nabarmendu du: inbertsio publikoa eta pribatua mobilizatzea sustatzea, klima-aldaketara egokitzeko jarduketak gauzatu ahal izateko.

 

Klimara egokitzeak aukerak zabaldu ditu Euskadiko industriarentzat

Azpiegiturak, hiriak eta ekoizpen-espazioak arrisku klimatikoetatik babesteko soluzio espezializatuak behar dira. Euskadiko enpresen ehundurak eta ehundura zientifiko-teknologikoak gaitasunak ditu, besteak beste, ingeniaritza hidraulikoan eta kostaldekoan, ingurumenaren eta klimaren aholkularitzan, sentsorikan, modelizazio digitalean, alerta goiztiarreko sistemetan ea uraren kudeaketan.

Living Labak soluzio horiek ingurune jakin batzuetan aplikatzeko eta ebaluatzeko, funtzionamendua egiaztatzeko eta antzeko erronkak dituzten beste leku batzuetan aprobetxatzeko moduko ezagutzak lortzeko aukera emango du.

Hortaz, helburu bikoitza du ekimenak: Euskadik klima-aldaketaren aurrean duen zaurgarritasuna murriztea, eta ingeniaritzako, teknologiako eta ingurumen-zerbitzuetako enpresentzat aukera berriak zabaltzea. Erakusgarriekin lortutako esperientziak beste merkatu batzuetan proiekzioa izan dezaketen soluzioak garatzen lagun dezake.

Sei erakusgarri hainbat arrisku klimatikorentzat

Living Labeko lehenengo proiektuek ingurumena lehengoratzeko jarduketak, ingeniaritza eta tresna digitalak konbinatzen dituzte egokitzapen-behar espezifikoei erantzuteko.

Zarautz: ekaitzetatik eta erosiotik babestea

Zarauzko erakusgarria martxan dago une honetan, eta herriko kostaldeak olatuekiko, itsas-uholdeekiko eta erosioarekiko duen zaurgarritasuna murriztea du xede.

4,5 milioi euro inguruko inbertsio estimatua izango du, eta itsas-pasealekua egokitzea, hondartzarako sarbideak hobetzea, dunak berrezartzea eta olatuen energia uxatzeko soluzioak aztertzea aurreikusten du.

Bakio: Estepona ibaiarentzako espazioa berreskuratzea

Bakioko jarduketak amaituta daude ia. Proiektuak 3 milioi euroko inbertsio estimatua du, eta ibaiertzeko padurak eta basoak berreskuratzeko eta urez betetzen diren naturguneak lehengoratzeko jarduketak konbinatu dira.

Urek gora egiten dutenean ibai-inguruak duen erantzuteko gaitasuna hobetzea da helburua, naturan oinarritutako soluzioen bitartez.

Txingudi: modelizazioa eta alerta goiztiarra

Txingudiko erakusgarria martxan dago dagoeneko, eta padurak lehengoratuko dira modelizazio-sistemen eta alerta goiztiarreko tresnen bitartez, uholdeak izateko arriskua hobeto kudeatzeko eta itsas mailaren igoeraren efektuak aurreikusteko.

Inbertsio estimatua 9,8 eta 11,3 milioi euro artekoa da.

Bilboko itsasadarra: uholdeak aurreikusteko biki digitala

Bilbo Itsasadarra eta Klima 2050 (BIK2050) proiektua da dimentsio ekonomikorik handiena duen erakusgarria, 26 milioi euroko inbertsio estimatuarekin.

Une honetan hasierako fasean dago, eta Bilboko itsasadarraren bereizmen handiko biki digital bat garatzea aurreikusten du, klima-agertokiak simulatzeko, uholdeak izateko arriskua aztertzeko eta egokitzapen-neurriak ezarri aurretik horiek ebaluatu ahal izateko.

Halaber, hiriko drainatzea hobetzeko, naturguneak berrezartzeko eta itsasadarreko udalerrietan berdeguneak sortzeko jarduketak ere aurreikusten ditu.

Astegieta: Zadorraren ibilbide naturala berrezartzea

Astegietan, Gasteizen, Zadorra ibaiaren meandro zaharra berreskuratzea planteatzen da, erabiltzen ez diren azpiegiturak kenduz, eta ibilbidea eta bere ibaiertzak berrezarriz.

Jarduketa egiteke dago, 4 milioi euroko inbertsio estimatua du eta ibaiaren igoerak hobeto kudeatzea du xede, ibaiaren espazio naturala berreskuratuz.

Legazpi: babesleku klimatiko urbanoa

Legazpiko proiektuak Latxartegiko plaza eta parkea babesleku klimatiko bihurtzea du helburu; zuhaitzen, itzal eremuen, zoladura iragazkorren eta drainatze-sistema jasangarrien bitartez.

2,9 milioi euroko inbertsio estimatua du oraindik hasi gabe dagoen esku-hartzeak, eta beroarekiko esposizioa murriztu eta espazio publikoko uraren kudeaketa hobetu nahi du.

Erakusgarrien sarea zabalik dago proiektu berrietara

Euskadi Climate Change Adaptation Living Lab administrazio publikoen, udalerrien, eragile zientifiko eta teknologikoen eta enpresen arteko lankidetza-sarea da.

Aurreikusitako jarduketak gauzatzeaz gain, lortutako ezagutzak partekatzeko eta ebaluatutako soluzioak beste leku batzuetan aplikatzen laguntzeko helburua du. Hori horrela, esperientzien trukea sustatzen duen gobernantza klimatikorako eta sailen arteko koordinaziorako espazioa da KAIA.

Sei erakusgarriak ekimenaren abiapuntua dira, baina pixkanaka proiektu berriak integratzea aurreikusten du. Hedapen horri esker, beste egokitzapen-erronka batzuei heltzeko eta Euskadiko gaitasun teknologikoei eta enpresarialei aplikazio-arlo berriak eskaintzeko aukera egongo da.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko azaroaren 16a
  • Klima aldaketa
Euskadik nazioarteko esperientziak eta benetako soluzioak bilduko ditu ADAPT AKTION Euskadi 2050 topaketan, klima-aldaketara egokitzen aurrera egiteko
2026ko azaroaren 10a
  • Klima aldaketa
Euskadiko udalerriei trantsizio energetikoan eta klimatikoan laguntzeko estrategia partekatu du Euskadik Klimaren Goi Bileran
2026ko azaroaren 9a
  • Klima aldaketa
Euskadik trantsizio energetikoa eta klimatikoa aurrekontu publikoetan txertatzeko metodologia aurkeztu du COP31n
2026ko azaroaren 5a
  • Klima aldaketa
Euskadik COP31 Klima Goi-bileran parte hartuko du, azaroaren 8tik 12ra bitartean Antalyan (Turkia) egingo dena