Skip to main content
BasqueESG

Zer da ESG?

ESG ikuspegiak ahalbidetzen du erakundeen jokabide globala ebaluatzea, jasangarritasunaren arloan. Esparru hori nazioarteko estandar gisa finkatu da aztertzeko nola kudeatzen dituzten enpresek ingurumenean sortzen duten inpaktua, pertsonekin duten harremana eta euren gobernu korporatiboko praktiken kalitatea. 

 

Ingurumena (E) Gai hauekin lotutako arloak hartzen ditu barne: klima-aldaketa eta isurketen murrizketa, uraren eta energiaren erabilera efizientea, biodibertsitatearen kontserbazioa, ekonomia zirkularra, hondakinen kudeaketa arduratsua, eta ingurumen-inpaktua minimizatzera zuzendutako beste ekimen batzuk.
Soziala (S) Besteak beste, honako faktore hauek hartzen ditu barne: bezeroen gogobetetasuna; aniztasuna eta genero-berdintasuna; kolektibo kalteberei laguntzeko programak; komunitatearentzako ekarpena; lanbide-heziketa eta -garapena; eta giza-eskubideekiko errespetua balio-kate osoan.
Gobernantza (G) Gobernu onaren funtseko elementuak hartzen ditu barne: gardentasuna, enpresa-etika, araudiak betetzeko sistemak, ordainsarien ekitatea, zibersegurtasuna, eta hornitzaileen kudeaketa arduratsua.

 

ESG irizpidea ez da enpresa handiei zuzendutako erregulazio-betekizun bat soilik. Horrez gain, aukera estrategiko bat da konfiantza sortzeko, inbertsioa erakartzeko eta lehiakortasuna indartzeko, gero eta zorrotzagoak diren merkatuetan. Europako oraingo arau-esparruak zorroztasun eta gardentasun handiagoak eskatzen ditu enpresek argitaratzen duten informazioan.

 

Euskadin, eta aukera horiek ekoizpen-ehunerako aprobetxatzeko xedez, Eusko Jaurlaritzak BasquESG ekimena bultzatu du: proiektu eraldatzaile bat, helburutzat duena jasangarritasuna ebaluatzeko eta hari buruz informatzeko sistema komun bat euskal ETEetan hedatzea.

Europar testuingurua

Azken urteotan, Europar Batasunak erregulazio-esparru oso zabal eta zorrotza garatu du enpresa-jasangarritasunaren arloan.  Araudi horiek batez ere enpresa handiei eta finantza-erakundeei zuzenduta dauden arren, haien inpaktua ETEetara iristen da zuzenean, hornidura-kateen, finantza-erakundeen eta administrazio publikoen bitartez.

 

Jasangarritasunari buruzko informazioa jorratzen duen europar erregulazio-esparruaren arau nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

 

 

ESGari buruz informatzeko sistema bat ezartzen du, derrigorrezkoa eta exhaustiboa, europar eremuko enpresa handientzat. Bere helburua da gardentasuna, alderagarritasuna eta zorroztasuna bermatzea eta greenwashingaren aurka borrokatzea.

Arrazoizko arretako betebeharrak ezartzen ditu, giza eskubide eta ingurumenaren arloan, EBko eta EBtik kanpoko enpresentzat; hala, enpresa horiek ESGaren jokabidea gainbegiratu behar dute euren balio-kate osoan, ETE hornitzaileak barne sartuta.

Jasangarritzat hartze diren jarduera ekonomikoak sailkatzen ditu, eta inbertsio, CapEX, OpEx eta jasangarritasunarekin lotutako sarrerei buruzko informazioa eskatzen du.

Erregulazio honen eraginez, Europako finantza-sektoreak jakinarazi behar du nola txertatzen dituzten ESG irizpideak euren produktu eta inbertsioek; horren ondorioz, beharrezkoagoa dute finantzatutako ETEei buruzko datuak eskuratzea.

 

 

ETEen inplikazioa

Nahiz eta ETEak ez dauden zuzenean behartuta araudi hauengatik, enpresa handiek eta finantza-erakundeek euren enpresa hornitzaileen ESG informazioa behar dute, araudiak betetzeko. Horregatik, ETEek eskari gehiago jasotzen dute jasangarritasunari buruzko informazioa emateko, eragile hauen aldetik:

Enpresa traktore handiak Finantza-erakundeak Administrazio publikoak

Horri europar araudi berrien aurrerapena gehitzen zaio, zeren gardentasun handiagoa bultzatzen baitute jasangarritasunaren arloan. Testuinguru horretan, ETEen gaitasunetara egokitutako sistema garbi eta komun bat izatea ezinbesteko bihurtzen da.

VSME

Jasangarritasunari buruzko informazioaren eskariak hainbat motatakoak direnez, EFRAGek -Europako Batzordeari finantza-informazioaren eta jasangarritasunaren arloan aholku ematen dio taldeak- VSME (Voluntary Sustainability Reporting Standard for non-listed SMEs) izeneko sistema garatu du; berau jasangarritasunari buruz informatzeko sistema sinplifikatu eta bateratu bat da, ETEentzat bereziki diseinatua. Horrek ahalbidetzen die ETEei euren ESG datuak modu erraz eta koherentean aurkeztea, Europarekin lerrokatuta.

VSME estandarrean sakontzeko interesa duten ETEek Ihobek prestatutako argitalpena kontsulta dezakete, zeren bertan jasotzen baitira jasangarritasunari buruzko borondatezko txostenaren esparrua eta beraren aplikaziorako orientabide praktikoak.

 

 

  1. Harremanak errazten ditu hornidura-katearen barruan: enpresa handiek eska dezaketen ESG informazioa modu errazean eskuratzen laguntzen die ETEei; era horretan, eskariak bateratzen ditu, bezeroen eta eragileen artean formatu desberdinak egotea saihestuz.

  2. Karga administratiboak murrizten ditu: estandarizatu gabeko eskari ugariei erantzuteko lana murrizten du, ETEen dimentsio eta gaitasunei egokitutako esparru komun bati esker -berau, gainera, CSRD baino askoz ere errazagoa da-.

  3. Finantziazioa eskuratzeko bidea hobetzen du: ESG informazio egituratu eta alderagarriak ahalbidetzen du banku eta inbertitzaileen eskakizunak hobeto betetzea. Era horretan, atea irekitzen zaie finantziazio-aukera handiago eta hobeei.

  4. Estandarizazioa eta alderagarritasuna bermatzen ditu: hizkuntza komun bat eskaintzen du jasangarritasunari buruz informatzeko, beste enpresa batzuekiko alderaketa erraztuz eta garndetasuna europar bezero eta merkatuen aurrean indartuz.

  5. ETEak lerrokatzen ditu europar gidalerroekin: ahalegin bikoiztuak saihesten ditu, eta koherentzia bermatzen du jasangarritasunari buruzko europar araudi nagusiekin.

Europako Batzordeak, 2025eko uztailaren 30eko 2025/1710 (EB) Gomendioaren bitartez, orientabide argiak ezarri zituen VSME estandarraren erabilerarako:

  • Estatu kideentzako gomendioa: Europako Batzordeak VSME arauaren erabilera sustatzera animatzen ditu Estatu kideak, ETEak haren abantailez sentsibilizatuz, haren aplikazioa sostengatuz eta txostenen digitalizazioa erraztuz, enpresek informazioa modu erraz eta automatizatuan aurkeztu ahal izan dezaten.

  • Enpresa traktore eta finantza-erakundeentzako gomendioa: Gomendatzen da enpresa handiek, finantza-erakundeek eta ESG informazioa eskatzen duten gainerako eragileek VSMEan ezarritakora mugatu ditzatela euren eskakizunak, formatu propioak eskatzea saihestuz eta enpresa txikien gaineko karga administratiboa murriztuz.

  • ETEentzako gomendioa: Batzordeak iradokitzen du jasangarritasunari buruzko informazio euren borondatez eman nahi duten ETEek eta mikroenpresek VSME arauaren arabera egin dezatela, hirugarren herrialdeetako enpresak barne sartuta. Orobat, gomendioan bertan jasotako orientabide praktikoetan oinarritu daitezke, haren aplikazioa errazteko.