Biodibertsitatea Biodibertsitatearen bidez hauxe adierazten da: Lurrean elkarrekin bizi diren izaki bizidunen eta ekosistemen aniztasun zabala eta horien arteko elkarreraginak, eta baita espezie bakoitzaren barnean dauden desberdintasun genetikoak ere. Beste onura batzuen artean, biodibertsitateak honako hau eskaintzen du: elikagaiak, ur geza, lur emankorrak, botikak, ehun-zuntzak eta bizitzeko beharrezkoak diren beste lehengai batzuk. Ekosistema osasuntsuek, berriz, klima erregulatu eta CO2a xurgatzen dute, edateko ura arazten dute, uholdeak kontrolatzen dituzte, higadura gelditzen dute eta gure janariaren sustraian dagoen lurra ongarritzen dute. Azken batean, biodibertsitateak eta ekosistemek eskaintzen dituzten ondasun eta zerbitzuak ekonomiaren funtsezko zutabe dira, eta enplegua eta gizarte- zein ingurumen-ongizatea sortzeko ahalmen handia dute. Hala eta guztiz ere, termino ekonomikotan baloratu ez denez eta haren erabilera doakoa denez, gizarteak gutxiegi baloratu du biodibertsitatea, modu irrazionalean eta jasanezinean erabili du, eta, hortaz, nabarmen hondatu du.
Mehatxuak Gaur egun, biodibertsitateak aurrean dituen arriskuak honako hauek dira: Urbanizazioa, azpiegituren eraikuntza eta deforestazioa, horrek lurzoruaren erabilera aldatzen duelako, lurzoru naturala artifizial bihurtuz. Kutsadura eta ekosistemen degradazioa, ekoizpen industrialaren eraginez eta nekazaritza eta abeltzaintzako praktika intentsibo eta jasanezinen eraginez. Klima-aldaketa, batez ere erregai fosilen erabileraren ondorioz. Espezie exotiko inbaditzaileak. Panpako luma-mottoa (Cortaderia selloana) Halaber, produktuen kontsumo neurrigabean, baliabideen erabilera mugagabean eta ondasunen ekoizpenean oinarritutako eredu kultural eta ekonomikoa biodibertsitatea galtzera eramaten duen beste faktore bat da. Gainera, ekosistemen produktibitate naturalaren jaitsierak baditu zuzeneko ondorioak tokiko ekonomietan, gizarte- eta ingurumen-kostu handiak ekartzen baititu. Kostu horiek gehien pairatzen dituztenak baliabide naturaletatik bizi diren biztanle-taldeak dira. Horrenbestez, biodibertsitateak balio ekonomiko berri bat eskuratu du, alegia, ekosistemen funtzionamendu egokia mantentzetik ondorioztatzen diren onuretan oinarritutako balio ekonomiko bat.
Red Natura 2000 >Pdf deskargatuNatura 2000 Sarea balio ekologiko handiko naturaguneak biltzen dituen europar sare bat da. Bere helburua da habitat eta espezie mota jakin batzuen babes eta kontserbazio egokia bermatzea, euren banaketa naturaleko eremuetan. Biodibertsitatea Europan babesteko xedez bai instituzioek eta bai herritarrek abiatu duten ekimen nagusia da. Sare hau Europar Batasuneko kontserbazio-tresna nagusia da, eta baita garapen jasangarria sustatzeko aukera bat ere. Gisa berean, Natura 2000 Sareak oreka sustatzen du jarduera ekonomiko eta sozialen eta naturaren artean, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko xedez. Ekimena 1992an eratu zen, Habitaten Zuzentarauaren bitartez, eta bi eremu motaz osatuta dago: Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE). Zuzentarauak eremu hauek izendatzen ditu EBrentzat interesekoak diren habitat eta espezieak kontserbatzeko. Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak (HBBE). Eremu hauek Hegaztiei buruzko 1979ko Zuzentarauan daude ezarrita, eta basa-hegaztientzat garrantzi berezia duten naturaguneei dagozkie. Sareak 27.384 eremu biltzen ditu, eta Europar Batasuneko lurraldearen % 18 hartzen du, hau da, 1,1 milioi kilometro karratu. Euskal Autonomia Erkidegoan, Natura 2000 Sareak 47 Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta 4 Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) biltzen ditu; horiez gain, badira aldi berean KBE eta HBBE diren lau eremu. Horiek guztiak Europako Batzordeari proposatu zizkion Eusko Jaurlaritzak 1997 eta 2003 urteetan. Esparru honen baitan babestutako eremuak dira euskal gizarteak Europako naturaren babes eta hobekuntzari egiten dion ekarpen handiena, eta, besteak beste, honako naturagune hauek hartzen dituzte barne: basoak, itsasoak, padurak, hezeguneak, sega-belardiak, mendiko larreak, txilardiak eta beste sasiarte batzuk, ibaiak, zohikaztegiak eta labarrak. EAEko 2000 Natura Sarean integratutako 55 eremuek 1.500 kilometro karratu inguru okupatzen dituzte (lurraldearen % 20,5, gutxi gorabehera).
Espezie inbaditzaileak Deskargatu Espezie aloktono edo exotikoak beste eremu batzuetatik datozen eta euren jatorria ez den lurralde batean finkatzen diren espezieak dira. Normalean, espezie horiek giza jardunaren ondorioz iristen dira, zuzenean edo zeharka, eta nahita edo nahi gabe sartzen dira habitat berrian. Espezie horietako batzuk, hots, espezie exotiko naturalizatuak deritzanak, lurralde berrira ohitzen dira, ugaldu egiten dira eta euren populazioak mantentzen dituzte gizakien laguntzarik gabe.Espezie naturalizatuak gai direnean kopuru handitan ugaltzeko, erritmo bizian edo euren hasierako populaziotik nabarmen urrunduz, orduan espezie exotiko inbaditzaile deitzen zaie. Fallopia JaponicaEspezie hauek biodibertsitatearen galeraren zuzeneko kausa nagusietako bat dira, eta ingurumen-kalte nabariak sor ditzakete. Beste ondorio batzuen artean, espezie exotiko inbaditzaileek ekosistema naturalen egitura eta osaera aldatzen dituzte, bertoko espezieekin zuzenean lehiatuz eta, batzuetan, horiek baztertzera edo ezabatzera iritsiz. Haien ondorioak ekonomian eta giza osasunean ere antzeman daitezke. Euskadin, flora aloktonoko 478 espezie daude katalogatuta, guztira; horietatik, 86 inbaditzailetzat hartzen dira, hau da, gure lurraldeko floraren % 3,74. Espezie horiek hainbat ekosistema inbaditu dituzte, eta bereziki jo dituzte kostaldeko habitatak, dunak, padurak, labarrak eta ibaiertzeko basoak. Faunari dagokionez, 49 espezie inbaditzaile daude identifikatuta (25 espezie ornodun eta 24 espezie ornogabe). Gehienak (34) ur-ekosistemetako espezie propioak dira. “Euskal Autonomia Erkidegoko estuarioetan Batasunaren intereseko habitatak leheneratzea” deritzan LIFE proiektuak, 2014.urtean bukatuta, Baccharis halimofolia espezie exotiko inbaditzailearen problematikari heltzen dio, Euskal Autonomia Erkidegoko estuario nagusietan.
LIFE Estuarioak proiektua Deskargatu Estuarioetako habitatek mehatxu ugari pairatzen dituzte, eta horien artean flora exotiko inbaditzaileko espezieen ugalketa dago. Eusko Jaurlaritzaren “Euskal Autonomia Erkidegoko estuarioetan Batasunaren intereseko habitatak leheneratzea” izeneko LIFE proiektuak helburutzat hartu du habitat horiek leheneratzea Natura 2000 Sarean sartuta dauden eta Baccharis halimifolia espezie inbaditzailearen hedakuntzak pairatu duten hiru eremutan. Urdaibaiko Biosfera Erreserba Txingudi padura Leako estuarioa Baccharis halimifolia Ipar Amerikako kostalde atlantikoan jatorri duen flora exotiko inbaditzaileko espezie bat da; hasieran, apaingarri moduan erabiltzeko ekarri zen, baina gero Europako kostalde atlantiko osoan hedatu da, Bretainiatik Asturiaseraino. Espezie hau goi-padurako eremuetan finkatzen da gehienbat, eta kolonizatze-ahalmen handia du; izan ere, lurzoruaren ezaugarri fisikoak aldatu ditzake eta zuzeneko eragina izan dezake babestutako hegazti ugarirengan. Proiektu hau Eusko Jaurlaritzak eta Europako Batzordeak kofinantzatu dute, LIFE Natura programaren bidez. Proiektuaren kudeaketa Ihobe sozietate publikotik egin da. Problematika honi aurre egiteko, LIFE Estuarioak proiektuak aurreikusten du landare inbaditzaile hau desagerraraztera zuzendutako ekintzak gauzatzea; aurreikusten du, halaber, gizartea sentsibilizatzea eta lortutako emaitzen berri ematea. Baccharis halimIfoliaren masa eta aleak ezabatu izanari esker, 300 hektarea leheneratu eta hobetu ahal izan dira estuarioetako habitatetan. Espezie inbaditzailea ezabatu ondoren, kolonizazio naturalari ekin zitzaion, habitat horietako berezko espezie autoktonoen bitartez, espezie horiek erein eta landatu baitziren ukitutako eremuetan.
EAEko 2030rako Biodibertsitate Estrategia Euskadik etengabeko ahaleginak egiten ditu ondare naturala babesteko eta kudeatzeko. Horri begira, azken urteetan nabarmentzekoa da 2000 Natura Sarearen eremuetan egindako lana, eta baita mehatxupean dauden basaflora eta basafaunako espezien kontserbaziora zuzendutako kudeaketa ere. Hala eta guztiz ere, badira oraindik ere degradatzen jarraitzen duten ekosistemak. Horregatik, lanean jarraitu behar dugu Euskadiko itsas- eta lehor-eremuek kontserbazio egoera ona lortu eta mantendu dezaten. Euskal Autonomia Erkidegoko 2030rako Biodibertsitate Estrategia da Euskadiko ondare naturalaren alorreko lehentasunak eta konpromisoak ezartzen dituen tresna. Ekimen honek, gainera, ikuspegi globala du eta bat dator beste ekimen hauekin: Dibertsitate Biologikorako 2011-2020 Plan Estrategikoa, Nazio Batuen Erakundearen Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmenetik eratorria; Europar Batasunaren Biodibertsitateari buruzko 2020ra arteko Estrategia eta Ondare Naturalaren eta Biodibertsitatearen 2011-2017 Plan Estrategiko Estatala.Halaber, estrategia hau bat dator Nazio Batzuen Erakundeak 215ean onartu zituen Garapen Jasangarrirako helburuekin, alegia, 2030rako Agendaren Garapen Jasangarriaren Helburuekin. Helburu horietako bat hauxe da: “lehorreko sistemen erabilera jasangarria sustatzea, desertifikazioaren aurka borrokatzea, lurren degradazioa gelditzea eta prozesu horri buelta ematea, eta dibertsitate biologikoaren galera gelditzea. Deskargatu
2030rako Biodibertsitate Estrategiaren ikuspegiak hauxe dio: “Euskadik ingurune naturalaren kontserbazio-egoera hobetuko du, ingurune naturalaren degradazioa geldituta agente guztien erantzunkidetasunaren bidez; eta aldi berean, herritarrek zerbitzu ekosistemikoen aberastasuna balioetsiko dute, ingurune naturalak gizakiari ongizatea ematen baitio. Hori guztia funtsezkoa da etorkizuneko belaunaldiei erresilientziadun lurralde batean integratutako biodibertsitate bat uzteko”.Ikuspegi horretatik eratortzen dira Biodibertsitate Estrategiaren lehentasunezko jarduera-ardatzak osatzen dituzten xedeak: lehenengo biak ondare naturala kontserbatzearekin lotuta daude; hirugarrena naturaren ezagutza eta kulturarekin, eta azkena gobernantza-sistemarekin. Hori guztia eraginkortasunez eta efizientziaz jokatuz, ingurune naturalean zeharkako eragina duten politika publiko guztien arteko koherentziarik handiena bilatuz. Xede horietatik, 10 jarduketa-lerro sortzen dira. Lerro horiek definitzen dute non egon nahi duen Euskadik 2030ean, eta, hortaz, etorkizunerako anbizioa islatzen dute. Lerro horietatik, 2020rako bidea markatuko duten 40 ekintza ondorioztatzen dira, guztira; horren bidez, ingurumen-politikaren koherentzia eta koordinazioa bermatu nahi dira urte horretarako. Ekintza horiek lehentasunezkotzat jo dira Diagnostikoaren eta Parte-hartze Prozesuaren ondorioz, hor identifikatu diren behar nagusiei erantzuteko.
Biodibertsitatea Gorde 2025/01/24 Biodibertsitatea Euskadiko Biodibertsitatearen Gizarte Foroak naturaren kontserbazioan inplikatutako berrogeita hamar bat eragile inguru bildu ditu Donostiak 2024-25 Euskadiko Biodibertsitatearen Gizarte Foroaren topaketa hartu du, natura kontserbatzen inplikatutako eragileen arteko topaketarako eta elkarrizketarako urtero parte hartzeko gunea, hain zuzen.
Biodibertsitatea, Klima aldaketa Gorde Biodibertsitatea, Klima aldaketa KLIMATEK txosten batek klima-aldaketako agertoki batean artropodo onuragarriak kontserbatzeko neurriak identifikatzen ditu 2024/08/05
Biodibertsitatea, Ingurumena, Iraunkortasun lokala Gorde Biodibertsitatea, Ingurumena, Iraunkortasun lokala Eusko Jaurlaritzak natura-ondarearen kontserbazioa bultzatuko du 2024an, ikerketa-proiektuetarako dirulaguntza berrien bidez 2024/04/23
Biodibertsitatea, Ingurumena Gorde Biodibertsitatea, Ingurumena Ulysses, ozeanoetako kutsadura plastikoari aurre egiteko proiektu zientifiko aitzindaria 2024/02/21
Biodibertsitatea, Ingurumena Gorde Biodibertsitatea, Ingurumena Euskadik 200 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu 2010az geroztik Natura 2000 Sareko balio ekologiko handiko habitatak eta espezieak zaintzeko 2024/02/21