Skip to main content
2026ko irailaren 11
  • Ekoberrikuntza

Arabako ehun enpresak baino gehiagok teknologia garbien aldeko apustua egin dute —sozietateen gaineko zergan % 35eko kenkari fiskalak dituzte—

Listado Vasco de Tecnologías Limpias

Arabako ehun enpresak baino gehiagok Teknologia Garbien Euskal Zerrendara  jo dute ingurumen inpaktu txikiagoa duten ekipo eta teknologietan inbertsioak bultzatzeko eta % 35erainoko zerga kenkariak baliatzeko. Zehazki, Arabak zerrendari lotutako 96 eskaera erregistratu ditu, Euskadin kontabilizatutako guztizkoaren % 20.

2024tik 2026ra bitartean, Arabak 96 eskaera (Euskadi osoaren % 20) erregistratu ditu Teknologia Garbien Euskal Zerrendari lotuta

TGEZ ingurumen-fiskalitateko tresna bat da, enpresei aukera ematen diena kenkari fiskalak eskuratzeko, ingurumen-onurengatik aukeratutako ekipo eta teknologia jakin batzuk erosita. Helburu du euskal industria-sarean energia-efizientzia hobetzen laguntzea, emisioak murriztea eta baliabideen kudeaketa efizienteago batean aurrera egitea.

Datu horiek Gasteizen egindako jardunaldi tekniko batean jakinarazi dira, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Jardunaldi horretan, tresna horrek eskaintzen dituen aukerak aurkeztu zaizkie enpresa eta profesionalei. Topaketak enpresak, aholkulari fiskalak, ekonomistak eta finantza-entitateak bildu ditu, eta aukera eman du Zerrendaren funtzionamendua azaltzeko, baita fiskalitateak enpresa-sarearen energia- eta ingurumen-trantsizioa bizkortzeko palanka gisa duen zeregina ere.

"Arabak industria-ehun sendoa eta oso lehiakorra du. Sendotasun horri eusteak eskatzen du gure produkzio-prozesuak eraldatzen eta trantsizio energetikoaren erronketara egokitzen aurrera egiten jarraitzea. Bide horretan, Zerrendak dagoeneko identifikatutako soluzioak ematen dizkigu, gure enpresei beren energia-efizientzia hobetzeko, ingurumen-inpaktua murrizteko eta deskarbonizazioan modu irmoan aurrera egiteko aukera ematen dietenak”, nabarmendu zuen Saray Zárate Arabako Foru Aldundiko Garapen Ekonomikoko eta Jasangarritasuneko diputatuak.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetikoko sailburuorde Irantzu Allendek hau adierazi zuen Teknologia Garbien Euskal Zerrendari buruz: "erreferentziazko tresna gisa sendotzen ari da euskal enpresek teknologia garbietan inbertsioak egiten laguntzeko".

Euskadi osoan, 2024-2026 aldian, Teknologia Garbien Euskal Zerrendak 489 eskaera erregistratu ditu. Lurraldeka, Bizkaian 202 eskaera daude, guztien % 41,3; Gipuzkoan 190, % 38,8; eta Araban 96, % 19,6. 

Zerrendan jasotako ekipoei lotutako inbertsioak, guztira, 207 milioi eurokoak izan dira, honela banatuta: Araban 7,9 milioi euro, Bizkaian 173,78 eta Gipuzkoan 25,23. Berotegi-efektuko gasen 3.573 tona gutxiago isurtzen lagundu dute, urteko CO₂ baliokidean adierazita. Emaitza horiek agerian uzten dute tresna horrek ingurumenaren ikuspegitik enpresen lehiakortasuna hobetzeko egiten duen ekarpena.

Tresna Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, Ihobe, EEE eta SPRI entitate publikoen bidez, eta foru-aldundien bultzada du, ekipo eta teknologia efizienteagoak eta jasangarriagoak sartzea errazteko

Enpresa txiki eta ertainek garrantzi berezia dute zerrendaren erabileran. Euskadin, enpresa txikiek 271 eskaera biltzen dituzte Euskadin, eta Araban 45. Enpresa ertainei dagokienez, 117 eta 33 dira, hurrenez hurren. Enpresa handiak guztira 110 dira Euskadin eta 18 Araban, guztira erregistratutako 7 489 eskaeren aldean. Datu horiek erakusten dute enpresa-sareak bere efizientzia hobetzea eta ingurumen-inpaktua murriztea ahalbidetuko duten soluzio teknologikoak sartzeko duen interesa.

Eusko Jaurlaritzak sustatuta, Ihobe, Energiaren Euskal Erakundea – EEE eta SPRI entitate publikoen bitartez eta foru-aldundiekin lankidetzan, Teknologia Garbien Euskal Zerrenda Euskadiko ingurumen-fiskalitateko tresna nagusietako bat da. Gaur egun, besteak beste esparru hauei lotutako 92 ekipo ditu: energia-efizientzia, emisioen murrizketa, baliabideen kudeaketa efizientea, ekonomia zirkularra edo energia berriztagarriak.

Ildo horretan, topaketaren amaieran Josu Bilbao Ingurumeneko sailburuordeak adierazi zuenez, "ingurumen-fiskalitatea industria-eraldaketarako benetako palanka bihur daiteke administrazioen, enpresen eta eragile ekonomikoen arteko lankidetza dagoenean".

Gasteizen egindako jardunaldi batek pizgarri fiskal horren abantailak eta funtzionamendua hurbildu dizkie enpresa eta profesionalei

Gasteizen egindako jardunaldian, halaber, zerga-kenkariak eskuratzeko modua azaldu da, baita Zerrendaren funtzionamenduarekin, berrikuspenarekin eta eguneratzearekin lotutako berrikuntzak ere. Bileran Eusko Jaurlaritzako, Arabako Foru Aldundiko, Ekonomisten Euskal Elkargoko eta Ihobeko ordezkariak izan dira, tresna horren garapenean eta hedapenean inplikatutako beste eragile batzuen artean.

Ekimenaren helburua da enpresek eta horiei inbertsio-erabakietan lagun egiten dieten profesionalek ingurumen-fiskalitateak eskaintzen dituen aukerak ezagutzea eta jarduera ekonomikoaren jasangarritasuna modernizatzeko eta hobetzeko proiektuetan txertatu ahal izatea.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2025eko uztailaren 9a
  • Ekoberrikuntza
Ihobe eta Aclima lankidetzan arituko dira hondakinen kudeaketa hobetzeko, ingurumen-berrikuntza sustatzeko eta Euskadiko sektore ekoindustrialaren lehiakortasuna indartzeko
2025eko uztailaren 7a
  • Ekoberrikuntza
Azken zerga-erreformak % 35era igo du Teknologia Garbien Euskal Zerrendan jasotako ingurumen-inpaktu txikiena duten ekipoak erosteagatiko zerga-kenkaria
2024ko maiatzaren 29a
  • Ekoberrikuntza
  • Ekonomia zirkularra
  • Ekodiseinua
Europa hegoaldeko ekonomia zirkularrari buruzko ekitaldirik handiena Euskadin egingo da berriro 2025eko apirilean
2024ko apirilaren 17a
  • Ekodiseinua
  • Ekoberrikuntza
  • Ekonomia zirkularra
Ihobek ekonomia zirkularreko prestakuntza-programaren 2024ko edizioa ireki du jardunean dauden profesionalentzat