Skip to main content
2025eko maiatzaren 29a
  • Erosketa berdea
  • Jasangarritasun

Erosketa eta kontratazio berdean ingurumen-irizpideak txertatzeko prozesua bizkortzeko Lantaldearen bilera

Erosketa eta kontratazio berdean ingurumen-irizpideak txertatzeko prozesua bizkortzeko Lantaldearen bilera

2030eko Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Berdearen Programari atxikitako erakundeen 2024ko lehen bilera operatiboan era askotako 24 erakundetako 41 ordezkarik hartu dute parte. Horien artean Osakidetzako ordezkariak (Tolosaldea ESI, Bilbao Basurto ESI, Barrualde Galdakao ESI eta Goierri ESI), udaletako ordezkariak eta eskualdeko erakundeak (Ugao, Donostia, Bilbo, Getxo, Irun, Barakaldo eta Nerbioi Ibaizabal Mankomunitatea), bai eta URA, VISESA, SPRILUR, Ihobe, EEE, EiTB, EHU/UPV, CIFP Bidasoa LHII, Taller Uso Lantegia SAU, Mutualia, Deba Bailarako Industrialdea, Arabako Parke Teknologikoa eta Bidasoa Oarsoko Industrialdea ere.


2021eko amaieran argitaratutako Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Berdearen 2030ko Programak euskal sektore publikoaren konpromisoan eta parte-hartzean aurrera egitea du helburu. Gainera, bertan administrazioen profilaren araberako lantaldeak sortzea planteatzen zen. Horregatik, programa berri honetan Eusko Jaurlaritza eta atxikitako gainerako erakundeak bereizita ari dira lanean. Horrez gain, bakarrik obretara dedikatzen den beste talde bat ere badago.


Bileran agerian geratu da atxikitako erakundeen artean kontratazio-pleguak “ingurumenaren ikuspegitik” egokitzeko joera, eta erosketa eta kontratazio berdea erakunde horietan ezarritako eta sistematizatutako jardunbide izan dadin ezarri beharreko askotariko neurriak aztertu dira.


Erosketa eta kontratazio publiko berdean eragina duten lege autonomikoei buruzko atalean hauek aztertu dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legea, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko 10/2021 Legea eta Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko 1/2024 Legea.


Saioan, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV), Mirene Begiristain Zubillaga irakasle eta ikertzailearen eta Goiuri Alberdi Arestiren (ASUNEK Behatokia) bitartez, Renascence proiektuaren berri eman du, eta Kataluniako Generalitatetik, María José Sarriasek (Klima Ekintza, Elikadura eta Landa Agenda Saila) eta Itziar Müller Aguilarrek (ENT environment & management) erosketa publikoko berrerabilerari buruzko diagnostikoa aurkeztu dute.


Renascence EHU/UPV buru den proiektua da, Osakidetzaren eta Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren (Orkestra) lankidetzarekin. Bertan, Osakidetzako elikagaien erosketa jasangarriaren egoera aztertzen da, eta elikadura-estrategia jasangarria gauzatzeko ekintza-planak proposatzen dira.


“Erosketa publikoko berrerabilerari buruzko diagnostikoa” Kataluniako Generalitateak egindako azterlana da. Bertan, Katalunian eta Europan erosketa publikoko berrerabilerari buruzko egoera deskribatzen da, eta eraikuntza, altzari, ehungintza eta ekipamendu informatikoen sektoreetako Europako administrazio publikoak berrerabiltzeko jardunbide egokiak xehetasunez identifikatzen eta deskribatzen dira.


Lantaldearen bileraren bigarren partean eraikuntza eta obra zibileko kontratazioen arduradunak elkartu dira. Gogorarazi da Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legeak jasotzen duela obra-kontratuak gauzatzeko baldintza administratiboen agiriak eta preskripzio tekniko partikularrak idaztean horietako bakoitzerako erabili behar diren azpiproduktuen, bigarren mailako lehengaien, birziklatutako materialen edo berrerabiltzeko prestaketa-prozesuetatik datozen materialen ehunekoak adieraziko direla. Material horien erabileraren gutxieneko ehunekoa % 40koa izango da, justifikatutako arrazoi teknikoengatik ehuneko hori txikiagoa izan behar denean izan ezik”.

Ildo horretan, 10/2021 Legeak eskatzen duen klausula ez sartzeak baldintza-agiriak aurkaratzea ekar lezake. Era berean, IHOBEk erakunde lizitatzaileei ingurumen-irizpideak obra-agirietan sartzen laguntzeko dituen laguntza-tresnak eta laguntza-zerbitzuak aipatu dira.


SPRILURek jardunbide egokitzat aurkeztu du erosketa eta kontratazio publiko berdearen irizpideak betetzen direla zaindu behar duten administrazioko langileei laguntzeko “Eraikuntza Sektorean Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen Irizpideen Jarraipen eta Kontrolerako Tresna”. Halaber, ingurumen-irizpideak obra-agiri batean nola txertatu diren eta SPRILURek tresna hori erabiliz jarraipena nola egin duen erakusten duen benetako adibide bat ere erakutsi du.


Jardunaldia amaitzeko erakunde publikoek erosketa eta kontratazio publiko berdearen irizpideak obra-agirietan txertatzeko bidean aurkitzen dituzten oztopoak eta erresistentziak aztertzeko mahai ingurua egin da.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2025eko urriaren 14a
  • Erosketa berdea
Ihobek Procura+ erosketa publiko jasangarriari buruzko nazioarteko mintegian hartu du parte Madrilen
2025eko irailaren 24a
  • Jasangarritasun
Beste laguntza deialdi bat, toki erakundeek Euskadin trantsizio jasangarria bultza dezaten
2025eko irailaren 18a
  • Jasangarritasun
LIFE OCTOPUS proiektu europarrak bere aurrerapenak ebaluatu ditu lehen topaketa batean Varsovian
2025eko irailaren 17a
  • Jasangarritasun
Eusko Jaurlaritzak garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak egiten dituzten erakundeei diruz laguntzeko aginduaren aurkezpena egin du