Skip to main content
2026ko ekainaren 24a
  • Klima aldaketa
  • Tokiko jasangarritasun

Udalsarea 2030ek hiriZAIN tresna aurkeztu du, osasuna eta ekintza klimatikoa hiri-plangintzan integratzeko

Hirizain

Udalsarea 2030ek, Udalerri Jasangarrien Euskal Sareak, bere Batzorde Teknikoan hiriZAIN tresna aurkeztu du, udalerrien hiri-plangintzan osasuna, ekitatea eta ekintza klimatikoa sustatzen laguntzeko baliabide gisa. Eta, hala, hirigintzak bizi-kalitatea eta klima-aldaketaren aurreko erresilientzia hobetzeko duen gaitasuna indartzen du.

Tresna Udalsarea 2030en esparruan garatu da, eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren bidez eguneratu da. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, BC3k eta Ihobek parte hartu dute

Saioan tresnaren eguneraketa aurkeztu da. Tresna hori hasiera batean 2014an garatu zen Udalsarea 2030en baitan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren parte-hartzearekin.

Eguneratze hori LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan egin da, BC3ren eta Ihoberen lankidetzarekin, eta tresnaren ikuspegi klimatikoa indartzen du, aldaketa klimatikoaren, hiri-plangintzaren eta osasunaren arteko erlazioa gehituz.

hiriZAIN baliabide praktiko bat da, eta hiri-politiken eta proiektuen plangintzan, garapenean eta ebaluazioan parte hartzen duten udal-taldeei eta eragileei laguntzea du helburu. Bere erabilerak planak eta jarduerak osasunaren eta ekitatearen ikuspegitik aztertzeko aukera ematen du, klima-erresilientzia hobetzeko aukerak identifikatzeko eta osasuna udaletako hiri-politiketan zeharka txertatzeko.

hiriZAIN erabakiak hartzen laguntzeko baliabide praktikoa da. Hiri-planak eta proiektuak aztertzen laguntzen du, osasunean, ekitatean eta klima-aldaketaren aurreko erresilientzian duen eraginari esker

Ildo horretan, tresnak agerian uzten du hirigintza-erabaki bakoitzak eragin zuzena duela pertsonen bizitzeko, mugitzeko, erlazionatzeko eta osasuna zaintzeko moduan, baita udalerriek klima-arriskuetara (bero-boladak, uholdeak eta muturreko fenomeno meteorologikoak) egokitzeko duten gaitasunean ere.

Osasuna, klima-aldaketa eta hirigintza: ikuspegi integratua

Batzorde Teknikoan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak tresnaren oinarri kontzeptuala aurkeztu du, eta azpimarratu du hiri-plangintza osasunaren ikuspegi zabal batetik landu behar dela. Hau da, osasuna ongizate fisiko, mental eta sozialeko egoera dela, eta hainbat faktore sozial, ingurumeneko eta lurraldeko baldintzatzen dutela.

Tresna hau udal-teknikariei, arduradun politikoei eta hiri-politiken eta proiektuen plangintzan, garapenean edo ebaluazioan parte hartzen duten eragileei zuzenduta dago

Bestalde, Ihobek hiriZAINen garapenaren testuingurua azaldu du, Udalsarea 2030en esparruan izan dituen aurrekariak eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuan izan duen bilakaera azalduz. Esparru horretan, nabarmendu da klima-aldaketa osasun publikorako erronka nagusietako bat dela, eta, aldi berean, aukera ematen duela hiri-inguruneak espazio seguruago, osasungarriago, inklusiboago eta erresilienteago bihurtzeko, bermatuz klima-ekintzaren onurak biztanleria osora iritsiko direla eta osasun-arloko desberdintasunak murrizten lagunduko dutela. Azkenik, tresnaren funtzionamendua eta tokiko esparruan dituen aplikazio praktikoak aurkeztu dira.

Atal praktikoa Osasun Sailak osatu du Legazpiko kasuaren aurkezpenarekin. Bertan, egindako pilotajearen emaitzak eta ateratako ikasgai nagusiak partekatu dira, ikuspegi hori udal-mailako hirigintza-erabakietan duen erabilgarritasuna erakutsiz.


Iturria:Ihobe

Agian hau ere interesatzen zaizu

2026ko uztailaren 10a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Euskal herritarrek 9 tona hondakin baino gehiago bildu dituzte Let 's Clean Up Euskadi! kanpainaren inguruko ekimenetan
2026ko uztailaren 8a
  • Klima aldaketa
  • Hondakinak
Zero Zabor Uretan 2026ko ekimenaren zortzigarren edizioa abian da, eta jarduera berriak eta topaketak izango dira Euskadiko hainbat portutan
2026ko ekainaren 30a
  • Klima aldaketa
BIK 2050 proiektu europar handi baterantz egiten ari da aurrera Bilboko itsasadarra klima-aldaketara egokitzeko
2026ko ekainaren 16a
  • Klima aldaketa
  • Tokiko jasangarritasun
Euskadi beroari aurre egiteko prestatzen ari da, eta bostehun bat babesleku klimatiko ditu lurralde osoan